Joan eduki nagusira

zoom Raquel Sáenz Mendía, NUPeko doktore berria.

Raquel Sáenz Mendía, NUPeko doktore berria.

Ikastetxeetan gertatu ohi diren istripuei aurrea hartzea hobetuko litzateke eskolako erizainaren irudia sortuko balitz, eta osasunerako hezkuntza irakasgai bihurtuko balitz curriculum ofizialean, gaurko egunean duen zeharkako izaerari eutsi ordez. Hori da Raquel Sáenz Mendía erizainak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defenditu duen tesiak esaten duena.

"Ikasleak aktibo bat dira osasunerako, gauza baitira arrisku egoerei aurre egiteko eta eskola-inguru seguruagoa eraikitzeko aktiboki parte hartzeko", esan du doktore berriak, zeinak bikain "cum laude" kalifikazioa lortu baitu Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. ikasmailetako haurrek  nola atzematen dituzten istripuak eta haiei aurre egiteko modua interpretatzen duen tesi bati esker. Horretarako, bere azterketa Nafarroan egin zuen, ikasmaila horietan matrikulatutako 584 ikaslerekin, zeinek adierazten baitzuten, galdetegi ireki baten bidez eta marrazki librearen teknika erabiliz, nola atzematen dituzten istripua izateko arriskua duten egoerak beren eguneroko inguruan.

zoom Eskolako istripuen marrazkiak, haurrek egindakoak eta tesiaren egileak bildutakoak.

Eskolako istripuen marrazkiak, haurrek egindakoak eta tesiaren egileak bildutakoak.

Galdetegi horren datuen arabera, 8 eta 9 urteko mutikoek istripu gehiago eduki ohi dituzte neskatoek baino, neskak "zuhurragoak baitira eta jokabidea aldatzen baitute aldez aurretik istripu bat eduki badute". "Haurrek, arriskuaren pertzepzio handiagoa daukatenean, ez dute horregatik arriskua saihesten edo zuhurrago jokatzen, beraz hor hezkuntza garrantzizkoa da kontzientziatzeko, gogoeta eragiteko eta jokabideak moldatzeko", azaldu du tesiaren egileak. Tesia NUPeko Psikologia eta Pedagogia Saileko Inés Gabari Gambarte irakasleak zuzendu du.

Haurren paper aktiboa

Ikertzaileak ikusi du, haurtzaroaren aldi horretan, haurrak gai direla "beren jokabideaz gogoeta egiteko, eta beren osasuna zaintzearekin zerikusia daukaten erabakiak hartzeko". "Batzuetan, helduei, irakasleei edo bestelako langileei laguntza eskatzen diete osasunarekin zerikusia dauzkaten gaiak lantzeko. Alde horretatik, ongi legoke eskolako erizaina eszenatoki honetan sartzea, osasunaren aurrezaintzarekin, sustapenarekin, arretarekin eta zaintzearekin eta hezkuntza komunitatearen ongizatearekin konpromisoa duen profesionala delako", adierazi du Raquel Sáenzek.

Gainera, ikertzaile honen arabera, "osasunaren aurrezaintzaren eta sustapenaren eskumenak garatzea gaurko hezkuntzaren erronka handienetako bat da". "Eskola inguruak aurrezaintzari buruzko bizipen bat garatzen badu ere, zeharkako arlo bezala curriculum ofizialean txertatzen diren eskolako osasunerako hezkuntzaren sustapen planetan ikusten denez, beharrezkoa litzateke osasunerako hezkuntza berezko arlo bat izatea. Osasunaren aurrezaintza eta sustapena bilatzen dituzten gaitasunak martxan jartzeak aukera ematen du bizimodu osasungarriak bilatzen dituzten balioak eta jarrerak ikasi, eraiki eta garatzeko, baita aurrezaintzaren gaineko kultura bat hartzeko ere", esan du Raquel Sáenzek. Izan ere, NUPeko Hezkuntza eta Osasuna ikerketa taldeak, zeinaren kidea baita, hainbat proposamen egin ditu esku-hartzeak egiteko ikasgelan gai honi buruz, esaterako tresna multimedia bat (Segurikaschool) eta "wiki" bat (Salutogenesia Lehen Hezkuntzan).

Curriculum laburra

Raquel Sáenz Mendía, Erizaintzan diplomaduna da eta Antropologia Sozial eta Kulturalean lizentziaduna, eta erizain aritu izan da hainbat osasun zentrotan. Erizaintza Pediatrikoan aditua da, eta azken urteetan asistentzia-jarduna eta irakaskuntza bateratu ditu; lehena Nafarroako Ospitale Gunean burutu du, eta irakaskuntza NUPeko Osasun Zientzien Fakultatean, non gaur egun irakaskuntzaren ordezko irakaslea baita.

Ikertzaile lana lehen esandako Hezkuntza eta Osasuna taldean egiten du; bere gai nagusia osasunerako hezkuntza da, bizitzaren etapa guztietan, diziplinarteko begiradarekin.  Hori dela-eta, gai honekin lotutako hainbat artikulu argitaratu ditu eta nazioko eta nazioarteko biltzarretan parte hartu izan du.