Nafarroako Unibertsitate Publikoan egingo da, datorren maiatzaren 19an, mendekotasunei buruzko jardunaldi tekniko bat, batez ere gizarte eta osasun profesionalei zuzendua, Nafarroako Gizakia Helburu erakundearen XXV. urteurrena ospatzeko. Jardunaldian parte hartzeko beharrezkoa izango da izena ematea, baina doan izango da, eta bere helburua da mendekotasunen gaur eguneko egoera, tratamendua eta sorospen-baliabideen kudeaketa aztertzea.
Jardunaldia goizez eta arratsaldez egingo da, Iruñeko Arrosadiko campuseko Sario eraikineko 04. ikasgelan, eta izenburu hau dauka: "Mendekotasunen ikuspegi oso eta integratzaile baterantz". Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Gizakia Helburu Fundazioak antolatzen dute, eta Nafarroako Kutxa Fundazioak eta Caixaren Gizarte Obrak babesten dute.
Jardunaldian gai hauek aztertuko dira: mendekotasunen, indarkeriaren eta transkulturalitatearen arteko harremana, apustuak egiteko modu berriak eta joko-mota berri hauek dauzkaten arrisku berriak, justizia droga-mendekotasunaren aurrean, gizartearen eta familiaren esku-hartzea tratamenduek dirauten bitartean eta gizarteak drogen erabileran daukan eragina. Hizlarien artean, erakunde hauetako adituak egongo dira: Bartzelonako Vall d’Hebrón Unibertsitate Ospitalea, Arabako Buru-osasunaren Sarea, Foru Gobernuaren Osasun Departamentua, Nafarroako justizia administrazioa, Cintruenigo eta Fiteroko Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitatea, Iruñeko Kartzela, Iruñeko udala eta Xilema Fundazioa, baita Gizakia Helburu Fundazioko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko adituak ere.
Telebistatik zuzenean emango da jardunaldia
Jardunaldiko programa osoa web-orrialde honetan kontsulta daiteke: http://bit.ly/1T1XzYS. Mintegia telebistatik zuzenean emango da, "streaming" bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Youtubeko kanal instituzionalaren bidez: https://www.youtube.com/user/upna. Gainera, interesa daukatenek bileran parte hartzen ahalko dute Twiterren bidez, Nafarroako Gizaki Helbururen (@phnavarra) profilaren bidez. Izena emateko joan behar da aipatu fundazioak kudeatzen duen web-esteka honetara: http://bit.ly/1Ogwn4m
Nafarroako Gizakia Helburu Fundazioa irabazi-asmorik gabeko erakunde bat da, mendekotasunen alorrean lan egiten duena 40 profesionalekin eta 65 boluntariorekin. 25 urte hauetan 6.517 tratamendu-harrera egin ditu, bere programetan, 4.457 pertsonari tratamendua emateko. Tratamendua eskatzen dutenen bi herenek alkoholarekin dauzkate arazoak; erdiek baino gehiagok, kokainarekin, ia erdiek, cannabisarekin; eta heren batek, anfetaminekin, Munduko Osasun Erakundearen (MOE) diagnostiko-irizpideen arabera, erakunde honetako profesionalek aplikatzen dituztenak, zeinak hasi dira atzematen jokoarekin arazoak dituzten pertsona oso gazteak.