Joan eduki nagusira

zoom NUPeko Erizaintzako ikasleak praktikak egiten Nafarroako Ospitale Eremuan

NUPeko Erizaintzako ikasleak praktikak egiten Nafarroako Ospitale Eremuan

Erizaintzako 300 ikasle bilduko dira Iruñean datorren astean, Erizaintzako Ikasleen Estatuko XXIX. Biltzarra ospatzeko, maiatzaren 12tik 14ra, hau da, ostegunetik larunbatera arte. Ikasleak Espainiako 20 unibertsitatetakoak dira (horietatik, hamazortzi publikoak dira, eta bi pribatuak). Topaketa Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) izango da, eta gai nagusia osasunerako hezkuntza izango da.

Topaketaren helburua da "kontzientzia sortzea eta nabarmen uztea zer garrantzizkoa den lan hau, honela praktika txarrak saihesten irakastea gaixoaren heziketan, trebetasunak eta tresnak ematea hezkuntza horri laguntzeko egoera berezietan, eta honela, komunitatearen ongizatea ziurtatzea", Nikol Malinova Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasle eta  Erizaintzako Ikasleen Estatuko Elkarteko (AEEE) kideak esan duenaren arabera. Erakunde hau da biltzarraren antolatzailea, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Kontseiluaren laguntzarekin.

Topaketan txostenak, lantegiak, erakustaldiak, lehiaketak eta hainbat prestakuntza dinamika egongo dira, denak osasunerako hezkuntzari begira. "Erizaintza-kudeaketaren oinarrietako bat da, bai komunitatearen ikuspuntutik, baita ospitalaren ikuspuntutik ere", esan du Rocío Alfaro Patónek, zeina baita Madrilgo Unibertsitate Autonomoko ikaslea eta Erizaintzako Ikasleen Estatuko Elkarteko burua. Rocío Alfarok 1974ko Lalonde txostenetik abiatzen da gaia definitzen duenean. "Kanadako Osasun ministroak, aipatu dokumentuan, zenbait gorabeherak populazioen osasunaren gainean zeukaten eragina aletzen zuen, baita Estatuak osasuna hobetzeko egiten zuen gastua ere. Bizi-ohiturak dira, ingurumenarekin batera, eragin handiena daukaten gorabeherak, baina aldi berean inbertsiorik txikiena jasotzen dutenak dira. Aipatu ohiturak populazio barnean hartzen duen eta haren pentsamenduak, bizitza-filosofia eta sentimenduak aintzat hartzen dituen hezkuntza aktibo eta parte-hartzailearen bidez baizik ezin dira aldatu", azaldu du.

"Ebakuntza baten ondoren osatzea, eri kronikoaren ongizatea edo populazioaren osasun egoeraren hobekuntza, norbanakoek beren bizitza-ohiturei buruz hartzen dituzten jarrerarekin zuzenean lotuta daude. Horregatik funtsezkoa da beren prozesuarekin loturiko gorabeherez eta beren osasuna hobetzeko aukerez informazioa eta azalpenak ematea", gaineratu du Alfarok.

Ikasleen Kontseiluaren laguntza

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Kontseiluak, hau da, ikasleen eztabaida, kontsulta eta ordezkaritzarako organoak, biltzar honen antolamenduan laguntzen du. "Erronka bat da NUPen 300 ikasle elkartzea, hauxe izango delako, Unibertsitatetik kanpoko parte-hartzaileei dagokienez, Ikasleen Kontseiluak antolatuko duen jarduerarik handiena", baieztatu du Kontseiluko burua Iñigo Aguas Ardaizek.

Erizaintzako Ikasleen Estatuko Elkartearen helburua da titulazio honetako ikasleak ordezkatzea (herrialde osoan 100.000 inguru) eta beren eskubideak defenditzea, eta gainera osasun hezkuntzarako eta sustapenerako lanak egitea. Espainiako unibertsitateetako kontseiluek eta delegazioek osatzen dute kontseilua, eta urteko biltzarrak eta prestakuntza jardunaldiak antolatzen ditu. Gainera, lankidetza aktiboa garatzen du profesionalen ordezkaritza-erakundeekin, esaterako Erizaintza Lanbidearen Mahaiarekin, Erizaintza Elkargo Nagusiak eta SATSE sindikatuak osatzen dutena. Elkartearen azken jardueren artean, nabarmenak dira erizainek botikak emateari buruz, doulei buruz eta Erizaintza graduko tituluen antolamenduari buruz hartu dituzten jarrerak.