Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Zientzia Juridikoen Fakultateak, Kultura Jardueren Atalarekin lankidetzan, topaketa bat antolatu du biharko, osteguna, maiatzak 5, Jesús Sánchez Adalid nobela historikoaren idazlearekin eta apaizarekin. Hainbat lanen egilea da, hala nola “Mozarabiarra” eta “Gatibua”, eta topaketarako sarrera librea da. Ekitaldia Ada Byron Aretoan (Arteak eraikineko sotoa) egingo da 18:00etatik aurrera, eta amaiera emango dio LyDer (Literatura eta Zuzenbidea) Programaren III. Promozioari. Ekimenak “Zuzenbidea besterik ez dakienak, Zuzenbidea ere ez daki” leloa dauka, eta Graduaren lau ikasmailetan banatuta dauden irakurgaien plan bat da. Irakurgaiak dagozkion mintegietan eztabaidatzen dituzte, ikasleen hezkuntza integrala bultzatzeko, giza jakintzan eta balioetan oinarritutako prestakuntza emanez.

Jesús Sánchez Adalid (Don Benito, Badajoz, 1962) Zuzenbidean lizentziatu zen Extremadurako Unibertsitatean, eta doktoretza ikastaroak Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean egin zituen. Behin-behineko epailea izan zen bi urtez, eta ondoren Filosofia eta Teologia ikasi zituen, (lehen Manilako San Pedro Martir Eliz-unibertsitatean eta gero Badajozeko Mintegi Metropolitanoan). Gero, Zuzenbide Kanonikoan lizentziatu zen Salamancako Eliz-unibertsitatean. Apaiz katolikoa da eta gaur egun apaizgoa Meridan (Badajoz) egiten du, San Jose parrokian, eta apezpiku-ordezkaria da unibertsitateko pastoralean. Cácereseko Santa Maria konkatedraleko kanonigoa da eta Etika irakaslea Extremadurako Unibertsitateari atxikitako Santa Ana de Almendralejo Unibertsitate Ikastegian.

Nobela idazle gisa, Sánchez Adalidek arrakasta izan zuen  “Ekialdearen argia” (2000) nobelarekin, eta haren ondoren etorri ziren “Mozarabiarra” (2001), “Felix Lusitaniakoa” (2002), “Lur gaiztakeriarik gabea” (2003), “Gatibua” (2004), “Ate sublimea” (2005) eta “Eguzkiarekin” (2006). 2007an, Fernando Lara Nobela saria irabazi zuen “Hiriaren arima”  nobelarekin. Hurrengo urteetan, “Alcántarako zalduna” (2008), “Galeoia” (2009) eta “Ardoaren mirariak” (2010) argitaratu zituen.

2012an, Nobela Historikoko Alfonso X.a Jakituna Saria irabazi zuen “Gotorlekua” nobelari esker. 2013an “Mozarabiarren bidea” idatzi eta gero, generoaren barruan inportanteena den Zaragoza Hiria Nobela Historikoaren Nazioarteko Saria irabazi zuen.

2014an Literatur baliodunaren Troa Saria irabazi zuen, “Urrezko hogeita hamar dobloi” nobelaren literatur kalitatearengatik. Bere nobela "Eta bat-batean, Teresa", 2014an argitaratua, Santa Teresa Jesusenaren jaiotzaren V. Urteurreneko Nobela Ofiziala aldarrikatu zuten.