Joan eduki nagusira

zoom Jaime Borda Valderrama, NUPeko doktore berria.

Jaime Borda Valderrama, NUPeko doktore berria.

Nafarroan bizi diren familia latinoamerikar askoren ezaugarri bereziek, esaterako gurasoen maila sozioekonomiko eta hezkuntza maila baxuek, beren seme-alabei ematen dieten laguntza ez beti egokiak eta idazten eta irakurtzen dauzkaten ohitura txarrek ekartzen dute ikasle hauek eskola porrota pairatzeko aukera handiak izatea, bigarren hezkuntzan % 17ra iristen dena, nafarren batezbestekoa % 13 den bitartean. Hori da Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) Jaime Borda Valderramak (Colombia, 1967) irakurri duen tesiak dioena, zeinak aldezten baitu harrera eta laguntza sozioedukatiboak ezarri behar direla, baina ez bakarrik nerabeentzat, beren familientzat ere bai.

Jaime Bordak ikertu du jatorri latinoamerikarra daukaten ikasleen eskola ibilbidea Nafarroan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH) eta derrigorrezkoaren ondorenean ere (Lanbide Heziketa eta Batxilergoa) hamar urtez (2002-2003 ikasturtetik 2012-2013 ikasturtera). Aldi horretan, jatorri horretako ikasleek pasatu dira DBHn matrikulatutako guztien  % 4 izatetik (ehuneko baxuena, 2002-2003 ikasturtean) % 9,1 izatera (ehuneko altuena, 2008-2009 ikasturtean). Izan ere, ikasle etorkinen % 60 inguruk jatorri latinoamerikarra dauka, eta batez ere, bost herrialde hauetakoak dira: Ekuador, Kolonbia, Bolivia, Peru eta Dominikar Errepublika. Beren eskola-porroten tasak, hamarkada honetan, % 17tik gertu egon dira, Espainiako % 30eko batezbestekotik urruti, baina EBko % 15a eta Nafarroako % 13a baino handiagoak.

Eskola porrotean eragina daukaten faktore soziokulturalak ulertzeko, Jaime Bordak elkarrizketak egin zizkien jatorri latinoamerikarra zuten 250 ikasleri, baita Nafarroako ikastetxeetako 27 irakasleri eta 17 zuzendariri ere.

"Badira ikasle etorkinen eskola porrotean eragiten duten faktore sozialak eta kulturalak, esterako jatorri latinoamerikarra duten ikasleengan —baieztatu du Jaime Bordak—. Familia latinoamerikarrek huts batzuk edukitzen dituzte, beren seme-alaben eskolako martxa oztopatzen dutenak, are gehiago Nafarroarena bezalako testuinguru batean, non, herrialde latinoamerikarrekiko curriculum ezberdintasunez aparte, bakarkako lana sustatzen baita, bai eta Lehen Hezkuntzatik, eta are gehiago Bigarren Hezkuntzatik ere, irakasleen aldetiko laguntza gutxirekin. Eta hau oso garrantzizkoa izaten da, nerabe latinoamerikarrek, eta batez ere Espainiara iristean 10 urte baino gehiago daukatenek, lan-diziplina ezberdina edukitzen dutelako, eta laguntza gehiago espero dutelako irakasleen aldetik".

Gurasoen hezkuntza maila

Jaime Bordaren ikerketaren arabera, eskola porrotean eragina daukaten faktoreen artean, maila sozioekonomikoa ez da garrantzizkoena. "Eragin handiena, garrantzirik gehien daukatenetik gutxien daukatenera ordenaturik, hauek dira: gurasoen hezkuntza maila, aisialdiaren erabilera, kapital soziala, familiaren egoera sozioekonomikoa, laguntzarako baliabideak eta familiaren egitura eta egonkortasuna", esan du.

Eta faktore kulturalei dagokienez, tesiaren egileak, zeinak bikain "cum laude" kalifikazioa eduki baitu, hauek aipatzen ditu: "aurkakotasun kulturalaren jarrerak, kapital kulturala, adina eta kulturalki egokitzeko gaitasuna, aurreiritziak eta estereotipoak, familiaren kultura eta mesfidantza kulturala". "Lortutako emaitzengatik —azaldu du—,  begi-bistakoa da faktore hauetatik ikasle latinoamerikarretan eragin handiena duena kapital kulturala dela. Hau honela definitzen ahal da: ezagutza eta berrikuntzen metatze orokor bat, batez ere familiaren barruan gertatzen dena, eta beraz ikasle batzuengandik besteengana ezberdintasuna handiak sorrarazten dituena. Ez da berdin arteaz gozatzeko, musika klasikoa entzuteko edo irakurtzeko zaletasun gutxiko familia batean jaiotzea, edo guztiz bestelakoa den familia batean jaiotzea.  Ikerketaren emaitzen arabera, Bigarren Hezkuntzako ikasketak Nafarroan egiten dituen ikasle latinoamerikarren ehuneko esanguratsu bat lehen taldekoa da", azaldu du Jaime Bordak.

 Ikertzaile honen arabera, eskolak ikasle guztiak berdin ebaluatzen ditu, eta horretarako, erreferentziatzat hartzen du "hobekien daudenen kapital kulturala". Jaime Bordaren iritziaren arabera, kapital kultural hau ez da faktore bakan bat, eta beste hainbat aldaerarekin lotuta dago, esaterako "ikasleak jatorrizko herritik dakarren hezkuntza mailarekin, gurasoen hezkuntza-mailarekin eta familiaren kulturarekin, bereziki gurasoen irakurketa-mailarekin zerikusi duen guztiarekin, eta etxean seme-alabei sarrarazten dieten erantzukizunarekin".

Hobetzeko proposamenak

Doktore berria kritikoa da Nafarroan eskola porrota galarazteko dauden programekin. "Beren eraginkortasuna zalantzazkoa da —esan du Bordak, zeinaren tesia NUPeko bi irakaslek zuzendu baitute, Benjamín Zufiaurre Goikoetxea katedradunak eta Irene López Goñi irakasleak—. Estatistikei begiratzen badiegu, ikusten duguna da eskola porrotaren adierazleak ez direla txikiagotu azken urteetan. Programa hauen helburua ez litzateke izan behar eskola porrota galaraztea, ikasle guztien hezkuntzaren kalitatea, ikasketa prozesuak eta ezagutzaren eraikuntza hobetzea baizik, eta ez bakarrik zailtasunak dauzkatenenak".

Horretarako, bere aburuz, beharrezkoa da curriculuma aldatzea, "ikasle etorkinak aintzat hartzeko, bai beren ezagutzei dagokienez, baita beren ezaugarri sozial eta kulturalei dagokienez ere", eta ezartzea "harrera eta areagotze akademikoko programa solido eta eraginkorragoak, bai gazteentzat, baita beren familientzat ere".

Curriculum laburra

Jaime Borda Valderramak Ingeniari Kimikoaren titulua lortu zuen Amerikako Unibertsitatean, eta Ikasketa Autonoaren Garapenerako Pedagogian aditua da Urruneko Unibertsitate Nazional Irekian (UNAD). Bi erakundeak Bogotakoak dira (Kolonbia).

Hamar urteko esperientzia baino gehiago dauka matematika irakasten (ingelesez), batez ere bigarren hezkuntzan, eta gaur egun Kolonbian lan egiten du aholkulari pedagogiko eta estilo zuzentzaile.