Datozen maiatzaren 5 eta 6an, ostegun eta ostiralean, Iruñeko Arrosadiko campusean Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Doktoregaien Topaketa egingo da. Bilera interesa duen ororentzat dago irekia, eta sei doktoretza programetako ikasleen ahozko azalpenak eta posterren aurkezpenak izango dira.
Zehatz esateko, beren lanak nola dauden adieraziko duten doktoregaiak Nekazaritza Elikadura, Ingurumeneko Nekazaritza Biologia, Bioteknologia, Industria Zientziak eta Teknologiak, TECOMBER (Komunikazioetako, Bioingeniaritzako eta Energia Berriztagarrietako Teknologiak) eta Matematika eta Estatistika programak egiten ari direnak dira.
Topaketa Sario eraikineko 04. gelan izango da, NUPeko doktoretza ikasleek antolatuta dago eta NUPeko NADOEren (Nafarroako Doktoretza Eskola) eta Nafarroako Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialaren laguntza dauka. Topaketaren programan 27 aurkezpen eta 16 poster egongo dira.
Matrikulatutako ikasleak
2015-2016 ikasturte honetan NUPeko doktoretza programetan matrikulatu diren ikasleen kopurua 444 da. Horietatik, 254 ikasle iraungiko diren doktoretza-programak egiten ari dira, eta horregatik beren doktoretza tesiak 2017ko irailaren 30a baino lehen irakurri behar dituzte; eta beste 190 ikasle Unibertsitateak, 99/2011 Errege Dekretua atera eta gero 2013-2014 ikasturtean martxan jarri zituen hamabi doktoretza programa berrietan daude (bost berekiak eta beste zazpi unibertsitateen artekoak).
Hamabi programa berri horietatik (lehen aipatutako seiak alde batera utzita, NUPek hauek eskaintzen ditu: Osasun Zientziak; Zuzenbide Pribatua; Ekonomia, Enpresa eta Zuzenbidea; Ekonomia, Antolaketa eta Kudeaketa (Economics, Management and Organization); Giza eta Gizarte Zientziak; eta Kimika Sintetikoa eta Industria Kimika.
Azken hiru urteetan, Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakurri diren doktoretza tesien kopurua handiagotu egin da. 2012an 42 tesi defenditu ziren; 2013an, 51; 2014an, 51; eta 2015ean, 67. Aipatu behar da 2015eko gehikuntza gertatu dela, neurri batean, iraungitzeko zeuden planetako doktoregaiek defenditu behar zituztelako beren tesiak 2016ko otsaila baino lehen. Hala ere, Espainiako unibertsitate gehienetan ez bezala, honek ez du ekarri irakurri diren tesien kopurua izugarri handitzea. Honen arrazoia da gure Unibertsitatean plan zaharretako doktoregai ia guztiak 2007ko planetan sartu zirela, eta haien iraungitze data 2017ko irailaren 30a dela.