NUPeko Bioteknologia programako doktoretza ikasleak. Ezkerretik eskuinera: Francisco Santoyo, Manuel Alfaro, Alessandra Borgognone eta Raúl Castanera.
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) ikerketa batek, zeinean lehenengo aldiz deskribatzen baita zizen genomako elementu genetikoen talde berri baten mugimendua, sari bat jaso du Onddoen Genetikaren Europako 13. Biltzarrean (ECFG13, ingelesezko siglen arabera), duela gutxi Parisen (Frantzia) ospatuan. Alessandra Borgognone NUPeko doktoretza aurreko bekadunak aurkeztu eta Lucía Ramírez Nasto Landare Hobekuntza eta Genetikaren katedradunak zuzendu duen lan honek ostra-zizaren (Pleurotus ostreatus) genomako helitroiak mugitzen direlako frogak ematen ditu. Onddo hau jangarria da, eta bere nutrizio-balioez gain, zura industria helburuetarako (bioerregaiak eta papera sortzea) degradatzeko prozesuetan erabilgarriak diren entzima asko sortzen ditu.
Helitroiak elementu genetiko mugikor berri batzuk dira, hainbat organismoren genomaren azterketa bioinformatikoaren bidez deskubritu direnak. NUPeko Genetika eta MIkrobiologiako ikerketa taldeak koordinatu du, nazioartean, ostra-zizaren genomaren sekuentziazioa. Horretan mundu osoko hogei laborategik baino gehiagok hartu dute parte. Estatu Batuetako Genomika Institutuak (Joint Genome Institute, JGI) finantzatu du Saritu duten lana genoma horren azterketa funtzionalaren barrukoa da.
Propietate asko dituen onddoa
Ostra-ziza da, onddo jangarrietan, munduan sekuentziatu den lehenetariko bat. Kontsumitzeko onuragarri egiten duten ezaugarriez gain (bitamina, proteina eta glukosido asko ditu), CO2-ren zikloa aztertzeko eredu moduan erabiltzen da, hau delarik berotegi efektua sortzen duen gasetako bat, eta gai kutsakorren biodegradazioan (bioerremediazioa ere deitzen dena) erabiltzeko potentziala handia dauka, gaitasun handia daukalako entzimak sortu eta industriaren eta nekazaritzaren hondakinak degradatzeko.
Aldi berean, onddo honek lignina degradatzen du. Lignina zuhaitzen zuraren eta beste hainbat landareren osagaietako bat da, eta eliminatzen denean zelulosa lortzen da. Zelulosarekin bioerregai moduan erabiltzen den alkohola lortzen da.
Saria irabazi duen lanaz aparte, Genetika eta MIkrobiologiako ikerketa taldeak beste ekarpen batzuk ere egin ditu Parisen egin den biltzar europearrean. Ekarpen hauek NUPeko Bioteknologiaren doktoretza programako lau ikaslek egin dituzte, Nekazaritza Ekoizpeneko Sailean ari direnek. Horrela, Manuel Alfaro Santosek ostra-zizak jariatzen dituen proteinen analisi bioinformatikoari buruzko txosten bat aurkeztu du, eta Raúl Castanera Andrések (zeinari antolatzaileek beka bat eman baitzioten biltzarrera joateko), Martha Lucía Meijueiro Orozcok eta Francisco Santoyo Santosek poster batzuk aurkeztu zituzten.