Thelma Esperanza Aldana Hernández de López Guatemalako fiskal nagusiak eta bere herrialdeko Justizia Auzitegi Gorenaren lehendakari ohiak jasoko du Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) Giza Eskubideak sustatzeko Jaime Brunet Nazioarteko Saria. Ekitaldia 18:00etatik aurrera izango da Iruñeko Arrosadiko campuseko Errektoretza eraikinean. Ekitaldiko burua Alfonso Carlosena errektorea izango da, eta bertan egongo dira, baita ere, Foru Komunitateko agintari nagusiak.
36.000 euroko saria emateak bukaera jarriko die Thelma Aldanak Iruñean bizi dituen bi egun gogoangarriei; izan ere, atzo, astelehenean, topaketa bat eduki zuen NUPeko Zientzia Juridikoen Fakultateko ikasleekin eta hitzaldi bat eman zuen Planetarioan, Guatemalan emakumeen eta herri indigenen aurka dagoen indarkeriari buruz, eta gaur astearteko egitarauaren arabera, Carlosena errektorearekin bildu eta Arrosadiko campusa bisitatuko du.
Epaimahaiaren erabakia
Jaime Brunet sariaren epaimahaiak joan den abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatzen zela baliatuz, ezagutzera eman zuen bere erabakia, eta jakinarazi zuen Thelma Aldana "emakumeen eskubideen alde eta genero indarkeriaren aurka, eta populazio indigenaren eskubideen alde” nabarmendu dela, baita "ustelkeria politiko eta ekonomikoaren aurkako borrokan" ere.
Ezkerretik eskuinera Inés Olaizola, NUPeko idazkaria eta sariaren epaimahaiko kidea; Thelma Aldana, Guatemalako fiskal nagusia, eta Joaquín Mencos, Brunet Fundazioko buruordea.
Sariko epaimahaiak bere erabakian nabarmendu du, halaber, "haren lan nekaezina, Justizia Gorte Goreneko Presidentzia eta Errepublikaren Fiskaltza Nagusitik, Giza Eskubideen alde Guatemalan" eta azpimarratu zuen Thelma Aldana "bereziki nabarmendu dela Guatemalako gizartea hainbeste ahuldu duen ustelkeria politikoaren eta ekonomikoaren aurka egindako borrokagatik, une oro ausardia eta erabakimen handiz jardun baitu alor horretan".
Saridunaren profila
Thelma Aldana (Gualán, Guatemala, 1955) abokatua eta notarioa da Universidad de San Carlos unibertsitateko (Guatemala) Centro Universitario de Occidente (CUNOC) zentroan. Graduondoko ikasketak egin zituen zenbait gai juridikori buruz bai unibertsitate horretan bai Bartzelonako Ikasketa Judizialen Eskolan.
Hogeita hamar urtetik gorako esperientziarekin bere herrialdeko epaileen kidegoan, Thelma Aldana magistratua izan da Justizia Gorte Gorenean (2009-2014), eta haren presidentzian jardun zuen 2011. eta 2012. urteen artean. Auzitegi goren horretatik sustatu zuen feminizidio delituetan eta emakumeen aurkako bestelako indarkerietan espezializatua zen jurisdikzio baten sorrera, eta sexu-indarkerian eta pertsonen esplotazio eta salerosketan espezializatua zen justizia baten sorrera.
2014. urteko maiatzean Errepublikaren fiskal nagusi eta Guatemalako Ministerio Publikoaren buru izendatu zuten Aldana, eta horrek aukera eman dio abian jartzeko instituzio horren Plan Estrategiko bat (2015-2019), zeinak, beste jarduera batzuen artean, herrialde indigenaren, adingabeen eta emakumeen babesa sustatzen baitu. Halaber, sustatu du 1960. eta 1996. urteen artean gertatutako Gerra Zibileko (edo Barne Gatazka Armatuko, Guatemalan deitzen zaion bezala) erahilketa eta desagertze kasuen ikerketa, eta bere kudeaketaren ardatza izan da desegitea Estatuaren hiru botereetako funtzionario publikoei lotutako ustelkeria sareak, Otto Pérez Molina presidente ohiarena barne.
Justizia sistemari egin dizkion ekarpenak balioetsi dituzte Guatemalako eta nazioarteko zenbait entitatek. Jaso dituen 65 aitorpenetatik, aipatzekoak dira Amerikar Estatuen Erakundearena (OEA) eta NBErena, Guatemalan biztanle ahulenen sarbidea justiziara sendotzeagatik eta Eragile Judizialen Zerbitzu Nazionala ezartzeagatik; Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko Etxeko Indarkeriaren eta Genero Indarkeriaren aurkako Behatokiarena, genero indarkeria errotik kentzeko egin duen lanagatik; eta bere herrialdeko zenbait erakunde indigenena, herrialde horien justiziara sarbidea sustatzeagatik.
Fundazioa eta Jaime Brunet Saria
Jaime Brunet Fundazioa kultura fundazio pribatua da, eta bere helburuak dira giza duintasuna, oinarrizko askatasunak eta giza eskubideak errespeta daitezen sustatzea eta, era berean, gizatasunik gabeko egoerak edo tratu iraingarriak errotik kentzea. Hainbat jardueraren artean, Jaime Brunet Romero sarirako deialdia egiten du, saritzeko zientzia-lan bat, literatura lan bat edo ikus-entzunezko lan bat, edo giza baliabideen sustapenean nabarmendu den gizabanako edo erakunde baten ibilbidea. Fundazioak, 1998tik, hamazazpi Jaime Brunet Nazioarteko Sari eman ditu, eta Jürgen Habermas filosofoa, Dalai Lama, Gervasio Sánchez argazkilari eta kazetaria, Nazioarteko Amnistia, Manos Unidas eta Gurutze Gorriko Nazioarteko Batzordea saritu ditu, besteak beste.
Sariak Jaime Brunet Romero (Baiona, Frantzia, 1926-Donostia, Gipuzkoa, 1992) filantropoari zor dio bere izena, zeinak bere ondarea oinordetzan utzi baitzuen, hiltzen zenean bere izena izango zuen fundazio bat sortzeko, eta giza eskubideen alde egindako lanarengatik aitorpena jasotzeko merezimenduak zituztenak saritzeko. Hala bada, Jaime Brunet Romero Fundazioa sortu zen, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan ezarri zen egoitza, testamentuaren bidez jasotako borondateari jarraituz.