Miguel Hernáez Sáenz de Záitigui (Cuzcurrita de Río Tirón, Errioxa, 1980) Telekomunikazio Ingeniaritzako doktoreak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakasleak Marie Sklodowska-Curie ikerketa kontratu bat lortu du. Bi aldiz Nobel Saria jaso zuen zientzialari frantziar-poloniarraren omenez ematen du Europar Batasunak kontratu hori. Laguntzari esker bi urteko egonaldia egingo du East Angliako Unibertsitatean, Norwich-en (Erresuma Batua), sentsore batzuk ikertzeko. Sentsore horiek testosterona detektatzen dute bai giza organismoan, ugalkortasunik eza daukaten pertsonei edo dopatu diren kirolariei dagozkien kasuetan, bai ingurumenean ere, gizonezkoen sexu hormona honen presentziak uraren kalitatea gutxiagotzen baitu.
Marie Sklodowska-Curie banakako kontratuak Horizonte 2020 Europako ikerketa programaren Zientzia Bikaina atalekoak dira, eta hoberenak diren eta etorkizun handiena duten zientzialarien mugikortasunera zuzenduta daude. Ikertzaileen ahalmen berritzaile eta sortzailea areagotzea da beren helburua. Beraz, Europa osoko proiektuak lehiatzen dira ebaluazio-prozesu zorrotz batean.
Hernáezek 183.455 euroko diru-laguntza lortu du bere ikerketak garatzeko Erresuma Batuan, Andrew G. Mayes East Angliako Unibertsitateko Kimika Eskolako irakasle eta NUPeko Zuntz Optikoko Sentsoreen Taldearekin elkarlanean jarduten duen ikerketa talde bateko buruak gainbegiratuta.
Dopingetik ingurumenera
Testosterona detektatzeko zuntz optikoko sentsoreak diseinatzeko eta fabrikatzeko proiektu bat dauka. Testosteronak hainbat funtzio fisiologikori eragiten die, bereziki ugalkortasunarekin lotuta daudenei. Kirolarien errendimendua hobetzeko ere erabil daiteke, eta, hortaz, Nazioarteko Batzorde Olinpikoak debekatutako substantzien zerrendan dago. Horretaz gainera, “ingurumenean baldin badago, osasunerako oso arriskutsua izan daiteke, uraren kalitatea jaisten baitu”, Hernáezen iritzian. “Arrazoi horiek direla-eta, testosterona detektatzea eta kuantifikatzea organismoetan, gernuaren bidez, edo ingurumenean, esaterako uretan, interes handiko eremua da”, gehitu du.
Zuntz optikoko sentsore horiek inpresio molekularreko polimeroak erabiliko dituzte, substantzia naturalen, esate baterako entzimen edo antigorputzen, funtzionamendua imitatzen duten konposatu batzuk. Hau biomimetika izenekoaren adibide bat da. “Zientziaren adar hau izadiko sistema, prozesu edo elementu batzuk imitatzen saiatzen da, hainbat arazo konpontzeko”, esan du NUPeko ikertzaileak. Andrew Mayesek esparru honetan daukan esperientzia handiaz baliatuta, Miguel Hernáezek garatuko dituen polimero sintetikoak beren ezaugarrietako bat (errefrakzio indizea) aldatzeko gai izango dira testosterona molekulekin daudenean.
Polimero horiek zuntz optikoaren nukleoa estaltzeko erabiliko dira gero, eta hala galerak dituzten moduen erresonantzietan oinarritutako sentsoreak lortuko dituzte. Gailu horiek lehenengo aldiz 2010ean garatu zituzten NUPen, eta polimeroaren errefrakzio indizearen aldaketa hori detektatzen dute testosterona molekulekin dagoenean. “Beraz, diziplina anitzeko proiektu bat da, eta haren bidez metodologia bat garatu nahi da, interesa duten beste substantzia batzuk detektatzeko erabil daitekeena”, azaldu du ikertzaileak.
Curriculum laburra
Miguel Hernáezek Telekomunikazio Ingeniari titulua lortu zuen NUPen. Halaber, bertan egin zituen Komunikazio Masterra eta zuntz optikoko sentsoreei buruzko doktoretza tesia, Ignacio R. Matías Maestro eta Francisco J. Arregui San Martín Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko katedradunen zuzendaritzapean.
Bere ibilbide profesionala NUPeko Sentsoreen Taldean egin du. Azken bederatzi urteetan doktoretza aurreko eta ondoko ikertzailea izan da han, eta diru-laguntza publiko eta pribatuekin finantzatutako hamar ikerketa proiektutan parte hartu du. Ikerketa egonaldiak ere egin ditu hiru alditan Britainia Handiko bi unibertsitatetan: Aston University, Birmingham-en, eta lehen aipatutako egonaldia East Angliako Unibertsitatean. Bere karreran nazioarteko aldizkari zientifikoetan argitaratutako 35 artikulu egin ditu egilekidetzan, 49 ekarpen nazioarteko biltzarretan, bi patente eta bere espezialitateko liburuetako lau kapitulu.
Horretaz gainera, NUPeko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko irakaslea izan da, eta han elektronika digitalarekin eta zuntz optikoko sentsoreekin lotutako irakasgaiak eman dizkie hainbat ingeniaritzatako graduko eta masterreko ikasleei.