Thelma Esperanza Aldana Hernández Guatemalako fiskal nagusiak eta bere herrialdeko Justizia Auzitegi Gorenaren lehendakari ohiak jasoko du Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) Giza Eskubideak sustatzeko Jaime Brunet Nazioarteko Saria martxoaren 22an. Egun bat lehenago, legelariak hitzaldi bat emango du Iruñeko Planetarioan, bere herrialdeko emakume eta herri indigenen aurkako indarkeriari buruz. Sarrera librea izango da. Horretaz gainera, nafar unibertsitateko Zientzia Juridikoen Fakultateko ikasleekin bilduko da.
Saria martxoaren 22an, asteartean, 18:00etan emango da Arrosadiko campuseko Errektoretzako eraikinean, Iruñean, eta bertan izango dira Alfonso Carlosena errektorea (Jaime Brunet Fundazioaren lehendakaria, Fundazioak ematen baitu saria) eta Foru Erkidegoko agintari nagusiak.
Bezperan, martxoaren 21ean, astelehenean, 19:30etik aurrera, hitzaldi bat emango du Thelma Aldanak Iruñeko Planetarioan. Inés Olaizola Nogalesek, Zuzenbide Penaleko katedradunak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko idazkari nagusiak, hizlaria aurkeztuko du, zeinak lan handia egin baitu “emakumeen eskubideen alde eta genero indarkeriaren aurka, eta populazio indigenaren eskubideen alde”, bai eta “ustelkeria politiko eta ekonomikoaren aurkako borrokan ere”, Jaime Brunet Nazioarteko Sariaren epaimahaiaren arabera.
Horretaz gainera, Zientzia Juridikoen Fakultateko ikasleak Guatemalako fiskal nagusiarekin bilduko dira martxoaren 21ean, astelehenean, goizez. Inés Olaizola, zeina lehen aipatu baitugu, eta José F. Alenza García Zientzia Juridikoen Fakultatearen dekanoa izango dira ekitaldiaren buru.
Nazioarteko Saria 36.000 eurokoa da, eta epaimahaiak bere erabakian nabarmendu du "haren lan nekaezina, Justizia Gorte Goreneko Presidentziatik eta Errepublikaren Fiskaltza Nagusitik, Giza Eskubideen alde Guatemalan" eta azpimarratu du Thelma Aldana "bereziki nabarmendu dela Guatemalako gizartea hainbeste ahuldu duen ustelkeria politikoaren eta ekonomikoaren aurka egindako borrokagatik, une oro ausardia eta erabakimen handiz jardun baitu alor horretan".
Saridunaren profila
Thelma Aldana (Gualán, Guatemala, 1955) abokatua eta notarioa da Universidad de San Carlos unibertsitateko (Guatemala) Centro Universitario de Occidente (CUNOC) zentroan. Graduondoko ikasketak egin zituen zenbait gai juridikori buruz bai unibertsitate horretan bai Bartzelonako Ikasketa Judizialen Eskolan.
Hogeita hamar urtetik gorako esperientziarekin bere herrialdeko epaileen kidegoan, Thelma Aldana magistratua izan da Justizia Gorte Gorenean (2009-2014), eta haren presidentzian jardun zuen 2011 eta 2012. urteen artean. Auzitegi goren horretatik sustatu zuen feminizidio delituetan eta emakumeen aurkako bestelako indarkerietan espezializatua zen jurisdikzio baten sorrera, eta sexu-indarkerian eta pertsonen esplotazio eta salerosketan espezializatua zen justizia baten sorrera.
2014. urteko maiatzean Errepublikaren fiskal nagusi eta Guatemalako Ministerio Publikoaren buru izendatu zuten Aldana, eta horrek aukera eman dio abian jartzeko instituzio horren Plan Estrategiko bat (2015-2019), zeinak, beste jarduera batzuen artean, herrialde indigenarenak, adingabeen eta emakumeen babesa sustatzen baitu. Halaber, sustatu du 1960. eta 1996. urteen artean gertatutako Gerra Zibileko (edo Barne Gatazka Armatuko, Guatemalan deitzen zaion bezala) erahilketa eta desagertze kasuen ikerketa, eta bere kudeaketaren ardatza izan da desegitea Estatuaren hiru botereetako funtzionario publikoei lotutako ustelkeria sareak, Otto Pérez Molina presidente ohiarena barne.
Justizia sistemari egin dizkion ekarpenak balioetsi dituzte Guatemalako eta nazioarteko zenbait entitatek. Jaso dituen 65 aitorpenetatik, aipatzekoak dira Amerikar Estatuen Erakundearena (OEA) eta NBErena, Guatemalan biztanle ahulenen sarbidea justiziara sendotzeagatik eta Eragile Judizialen Zerbitzu Nazionala ezartzeagatik; Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko Etxeko Indarkeriaren eta Genero Indarkeriaren aurkako Behatokiarena, genero indarkeria errotik kentzeko egin duen lanagatik; eta bere herrialdeko zenbait erakunde indigenena, herrialde horien justiziara sarbidea sustatzeagatik.
Fundazioa eta Jaime Brunet Saria
Fundación Jaime Brunet kultura fundazio pribatua da, eta bere helburuak dira giza duintasuna, oinarrizko askatasunak eta giza eskubideak errespeta daitezen sustatzea eta, era berean, gizatasunik gabeko egoerak edo tratu iraingarriak errotik kentzea. Hainbat jardueraren artean, Jaime Brunet Romero sarirako deialdia egiten du, saritzeko zientzia-lan bat, literatura lan bat edo ikus-entzunezko lan bat, edo giza baliabideen sustapenean nabarmendu den gizabanako edo erakunde baten ibilbidea. Guztira, fundazioak Jaime Brunet Nazioarteko hamazazpi sari eman ditu, 1998. urteaz geroztik.
Sariak Jaime Brunet Romero (Baiona, Frantzia, 1926-Donostia, Gipuzkoa, 1992) filantropoari zor dio bere izena, zeinak bere ondarea oinordetzan utzi baitzuen, hiltzen zenean bere izena izango zuen fundazio bat sortzeko, eta giza eskubideen alde egindako lanarengatik aitorpena jasotzeko merezimenduak zituztenak saritzeko. Hala bada, Jaime Brunet Romero Fundazioa sortu zen, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan ezarri zen egoitza, testamentuaren bidez jasotako borondateari jarraituz.