Joan eduki nagusira

zoom Sariduna SAP irakasleen klaustroarekin. Ezkerretik eskuinera: Santiago Sánchez Alegría, Raquel Chocarro, Ramo Barrena, Cristina del Río, Cristina Pérez Aldaz, Margarita Elorz, Salomé Goñi, Katrin Simón, Alejandro Bello eta Andrea Ollo.

Sariduna SAP irakasleen klaustroarekin. Ezkerretik eskuinera: Santiago Sánchez Alegría, Raquel Chocarro, Ramo Barrena, Cristina del Río, Cristina Pérez Aldaz, Margarita Elorz, Salomé Goñi, Katrin Simón, Alejandro Bello eta Andrea Ollo.

Katrin Simón Elorz Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Enpresen Kudeaketa Saileko irakasleari Visionary Award saria eman dio SAP alemaniar multinazionalak bere University Alliances programaren bidez. Sari honek hamabost urteko irakaskuntza ibilbide bat aitortu dio  Enpresentzako Informazio Sistema Integratuetan. Ibilbide hori burutu du Informazio Sistema Integratuen bidezko Prozesuen Kudeaketako (ERP) Unibertsitate Masterraren bidez. Joan den ikasturtean jarri zen abian egun zuzentzen duen master hori.

Sari hau eman diote garatu duen irakaskuntza proiektua berritzailea delako: sormena teknologia berrien aplikazioan, ikasleak inspiratzeko eta pertsonen transformazio digitala ahalbidetuko duten trebetasun berriekin engaiatzeko pentsamolde berriak, epaimahaiaren arabera. Iraupen mugatuko aitorpen bat da. Beraz, profil horiek bi urtez behin berritzea espero da. Mundu mailan 100 ikusle ditu.

“Enpresa kudeaketako sistema integratuek edo ERPk (Enterprise Resource Planning) enpresa proiektuak aztertzeko eta lantzeko modu berri bat ahalbidetzen dute —azaldu du Katrin Simónek—. Enpresen negozio prozesuak hobetzea dute helburu, lehiakorrak eta eraginkorrak izateko eta emaitzako hobetzeko asmoarekin.  Horretaz gainera, bezeroekin eta hornitzaileekin harremanak izatea ahalbidetzen dute ‘e-business’ ingurune batean. Ez alferrik enpresa modu global eta integratu batean ulertzeak nabarmen errazten du erabakiak hartzea".

zoom Sariduna, Katrin Simón, NUPeko irakaslea.

Sariduna, Katrin Simón, NUPeko irakaslea.

Nafarroako Unibertsitate Publikoa berehala konturatu zen sistema horietan trebatzea nahitaezkoa zela erabakiak hartzeko prozesurako. Hori dela-eta, duela hamabost urte hasi zen ERP sistemetan irakaskuntza ematen, bai graduko titulu ofizialetan bai graduondoko tituluetan ere. Prestakuntza hori SAP enpresa kudeaketako “softwarearen” bidez ematen da. Izen bereko multinazionalak merkaturatu du "softwarea".

Prestakuntza berritzailea

SAP enpresaren eta NUPen arteko lankidetza 1999an hasi zen, Giza Baliabideetako prestakuntza aipatu “softwarea” erabiliz arautzeko hitzarmen bat sinatu zutenean.  "Gai horien edukia eta irakaskuntza oso bestelakoak ziren unibertsitateetan modu tradizionalean irakasten zenetik —gogoratu du Simónek—. Proiektu handinahia zen, eta barnean hartzen zuen aukerako irakasgaiak ematea Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan, Industria Ingeniaritza eta Nekazaritza Ingeniaritzan. Emaitza? Gehien eskatzen ziren irakasgaietako batzuk bihurtu ziren"

Emaitza horri eta enpresek gaian trebatutako ikasleei emandako erantzun positiboari esker programa egonkortu egin zen. Hala, 2012an, NUP, Enpresen Kudeaketa Sailaren bidez, University Alliances europar sareko kide egin zen, SAPen bidez Enpresa Kudeaketako Sistema Integratuei buruzko irakaskuntza emateko.

Gradu eta Masterreko prestakuntza

zoom NUPeko Informazio Sistema Integratuen bidezko Prozesuen Kudeaketako (ERP) Unibertsitate Masterreko ikasleak.

NUPeko Informazio Sistema Integratuen bidezko Prozesuen Kudeaketako (ERP) Unibertsitate Masterreko ikasleak.

Egun, irakaskuntza ofiziala eskaintzen da Informazio Sistema Integratuen bidezko Prozesuen Kudeaketako (ERP) Unibertsitate Masterraren bidez. Titulu ofizial honek balioa du Europar Batasunean, eta bere helburua da "tituludun batek enpresarentzat % 100 eraginkor izateko behar duen denbora murriztea", Simónen hitzetan. “Masterreko irakasgaiak batez ere praktikoak dira, eta beren xedea da benetako enpresa erabakiak hartzeko gaitasuna edukitzea, ERP sistemak aplikatuz beste irakasgai batzuetan eskuratutako ezagutzetan oinarrituta”, argitu du irakasleak. Hain zuzen, masterrean, ikasle bakoitzak enpresa birtual bat dauka, eta enpresa horri buruzko eragiketa multzo bat eta analisiak eta diagnostikoak egin ditzake.

Ez da ahaztu behar “softwarea” “bitarteko bat dela, ez helburua, baina erabakiak hartzearen esparruan prestakuntza egoki bat edukitzeak zabaldu eta indartu egiten du ERP baten erabakitze prozesua, gure kasuan, SAPen garatua", erantsi du Katrin Simónek.

SAPeko irakaskuntza UCCrekin (University Competence Center) konektatuta ematen da. Municheko Teknologikoko Informatika Fakultatean (Technische Universität München) dago UCC. Konexio honek hainbat abantaila ditu, hala nola azken bertsioarekin lan egitea, segurtasuna eta kontrola.

zoom 2016ko  InnoJam-eko parte-hartzaileak. Ezkerretik eskuinera.

2016ko InnoJam-eko parte-hartzaileak. Ezkerretik eskuinera.

Masterrak ikasturte bateko iraupena du, eta amaitzen dutenen profila "jakintzaren langile batena da, osaera eta jatorri aldakorreko informazioa aztertzeko gai dena, une bakoitzean, benetako egoerari buruzko diagnostiko zuzen bat egiteko, eta enpresen kudeaketaren esparruan erabakiak hartzeko baliozko irizpide bat ezartzeko", esan du Katrin Simónek.

Ikasleak nazioarteko ekitaldietan

Nazioarteko testuinguru honetan, masterreko ikasleek  berrikuntza teknologikoko hainbat ekitalditan parte hartu dute. SAPek antolatu ditu ekitaldi horiek SAP University Alliances europar sarearen jardueren esparruan. "Software" hori beren irakaskuntzan integratzen duten unibertsitate eta goi mailako eskolei zuzenduta dago sare hori. Irailean, masterreko bi ikaslek (Blanca Azcona Jimeno eta Mikel Sagastibeltza Azcárate) TechEd2015 jardunaldietan parte hartu zuten. Bartzelonan egin ziren. Urtarrilean, Garbiñe Barberia Pérezek, Melissa Bonilla Rodríguezek eta Marta Viejo Zudairek (masterreko ikasleak), Euken Rodrigo Marínek (Informatika Ingeniaritzako ikaslea) eta Benoît Bossavitek (Informatika Doktoretzako ikasleak) osatutako taldeak InnoJam-en parte hartu zuen. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan egin zen.

Horretaz gainera, 2013az geroztik,  Academy Cube sareko kidea da NUP. STEM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematikaren ingelesezko siglak) profesionalak prestatzeko eta kontratatzeko europar esparruko plataforma bat da, eta, hainbat enpresaren artean, SAP edo Siemensek parte hartzen dute plataforma horretan. Plataforma honen bidez, trebetasunak ebaluatu, “on line” prestakuntza jaso eta Europar Batasuneko lan eskaintzetarako curriculuma aplikatu daiteke.