Leyre Elizari Urtasunek, Zuzenbidean lizentziadunak, Nafarroako Unibertsitate Publikoan defenditu duen doktoretza tesian berme-gordailua aztertu du, zeinean zordun batek, obligazio bat bermatzeko, dirua edo ondasun suntsikorrak ematen baititu bere hartzekodunari edo hirugarren bati, horiek jabe berriak izatera pasatzen direlarik. Irudi juridiko hori, aditu honen arabera, "zalu, eraginkor eta betearazte kosturik gabea" da, eta Nafarroako Foru Berrian bilduta dago, baina ez Espainiako Kode Zibilean, eta ezaguna ez denez, ez da aplikatzen. "Nafarroako Zuzenbide Zibilaren instituzioak ezagutzeak segurtasun juridikoaren alde jokatzen du, eta horregatik, praktikan erabiltzea errazten du", esan du.
1973an onetsi zen Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Bildumak, Foru Berria ere deituak, irudi hau aintzat hartzen du bere 474 legean, berme-gordailua izenarekin. "Nafarroako Zuzenbide Zibilaren gai hau aztertzeko arrazoia da beharrezkoa dela bertako zuzenbidean sakontzen jarraitzea, zeren, indarrean dagoen zuzenbidea den arren, ezagutzen ez denez, batzuetan Kode Zibilaren irtenbideak aplikatzen baitira", esan du Leyre Elizarik.
Berme-gordailuak ez dauka arautze orokorrik zuzenbide arruntean, eta zenbait eremu zehatzetan baizik ez da kontuan hartzen, esaterako "etxe errentamenduan, zeinean errentariak 'fidantza' bat ematen baitio etxearen jabe-errentatzaileari, higiezina egoera ezin hobean itzuliko zaiolako berme moduan". Finantza-bermeen eremuan ere kontuan hartzen da, baita energiaren edo telekomunikazioen eremuan ere. Horregatik, ikerketa honetan atera diren ondorioak Nafarroako Zuzenbide Zibiletik zuzenbide orokorrera pasatzen ahal dira, edo etorkizuneko arautze orokor baten oinarri bihur daitezke", adierazi du Elizari. Unibertsitateko Zuzenbide Pribatuko Saileko Mª Luisa Arcos Vieira irakasleak zuzendu du aipatu tesia.
Italiako eragina
474 legea Italiako zuzenbidearen eraginez (1942ko Kode Zibila) sartu zen Foru Berrian. Portugalek ere aintzat hartzen du irudi hau, eta Frantzia edo Belgika bezalako herrialdeetan berme-zuzenbidean egin berri diren erreformetan sartzen joan da, baita azkenik, finantza-bermeen alorrean, Europar Batasuneko Estatu guztietan ere, 2002ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren Jarraibide baten lekualdatzearen bidez.
Aditu honen arabera, berme-gordailua "ez da beste edozein berme-moduren parekoa, irudi autonomoa baita, funts eta araubide berekiekin". "Berme moduan dirua jaso zuen hartzekodunak kopuru horrekin konpentsatzen ahal du bete ez den obligazioaren zenbatekoa, eta ez da beharrezkoa epaileak edo legez ezarritako beste edozein prozedurak esku hartzea, hipoteka bezalako berme klasikoagoetan ez bezala" —azaldu du—. Aldeak ez betetzea izan ote den edo ez betetzearen norainokoan konforme jartzen ez badira, orduan bakarrik atzeratzen ahal da bermearen gauzatzea, baina baita hori gertatzen denean ere, auzia ebazten duen sententzia betearaztea askoz errazagoa da, hartzekodunak dagoeneko badaukalako zordunak, kondena dela medio, ordaindu behar duena konpentsatzeko diru-kopuru bat".
Alabaina, Foru Berriak badauka Italiako zuzenbideak edo atzerriko beste kode batzuek ez daukaten beste ezaugarri jatorrizko bat, "Foru Berriak aurreikusten duelako dirua ematen ahal zaiola hirugarren bati, eta ez bakarrik hartzekodunari". Eta hor dago, baita ere, berme-gordailuaren arazoetako bat. "Dirua jaso duen hartzekoduna jabe erabateko bihurtzen da, eta gainerako hartzekodun guztiak baztertzen ditu" —argitu du Elizarik—. Aldiz, dirua hirugarren bati ematen zaionean, hartzekoduna ez da jabea, eta horregatik erreklamatu beharko dio gordailua egin duenari eman diezaion, baina orduan arriskua dauka, honek obligazioa betetzen ez badu edo kaudimengabe bihurtu bada".
Kasu honetan, hartzekodunak hartzen duena da "kreditu-eskubide bat, arrunta, zeinak aukera ematen baitio erreklamazioa egiteko gordailua egin duenari, obligazio nagusia betetzen ez badu, hori delarik fidantza bezalako berme pertsonalen berezko mekanismoa". "Hartzekodunak lortzen duen segurtasuna txikiagoa da dirua hirugarren baten eskuetan gordailatzen denean, zuzenean jasotzen duenean baino, baina horrek ez dio kentzen erabilgarritasun praktikoa hirugarren baten eskuetan dagoen berme-gordailuari. Ohi denez, berme-gordailuzain hau kaudimen osoko pertsona edo erakundea delako aukeratzen da, eta horrela, hartzekoduna segurtatzeaz gain, zordunari ere lasaitasuna ematen dio, honek badakielako dirua berreskuratuko duela obligazio nagusia betetzen badu", amaitu du doktore berriak.
Curriculum laburra
Leyre Elizari Urtasun NUPen Zuzenbidean lizentziatu zen, eta Ikasketen Amaierako Aparteko Saria lortu zuen (2001-2002 ikasturtea), eta Estanislao de Aranzadi Praktika Juridikoko Eskolak antolaturiko Praktika Juridikoko Ikastaro Orokorra egin zuen. 2003tik 2014ra abokatu aritu zen, Zuzenbide Zibilean eta Lan Zuzenbidean espezializatua, eta azken urteetan minusbaliotasunarekin lotutako gaietan aritu da. Gainera, 2009tik 2014ra NUPeko irakasle elkartua izan da. 2014an Unibertsitateak ematen duen doktoretza aurreko laguntza bat lortu zuen.
Ikertzailea den aldetik, erantzukizun zibil medikuari buruzko monografia bat egin du, baita osasun zuzenbidearekin lotutako zenbait liburutako artikulu eta kapitulu batzuk ere, eta Mª Luisa Arcosek zuzendu duen gaixoaren autonomiaren mugei buruzko Estatu mailako ikerketa proiektu batean parte hartu izan du.
2009an Osasunaren Juristen Elkartearen Zuzenbidea eta Osasuna saria jaso zuen, haurdunari nini bat jaiotzean edukiko duen minusbaliotasunari buruzko informaziorik ez ematea ekartzen duten oker medikuei buruz. 2015ean, zahar-etxeetan dauden adineko pertsonek mediku-tratamenduei uko egiteaz egin zuen ponentziak World Association for Medical Law delakoaren Urteko Biltzarrean sari bat jaso zuen, ikertzaile gazteen kategorian.