Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) interesa duen edonori zuzendutako dibulgazio jardunaldi bat antolatu du biharko, asteazkena, urtarrilak 20, Parisko Klimari buruzko Goi Bileran, zeina joan den abenduan amaitu baitzen, izan diren emaitzak eta Lurraren berotzearen aurka borrokatzeko Nafarroako ekimen nafarrak azaltzeko. Monografikoa arratsaldean egingo da Olibondoak eraikineko Gradu Aretoan, Iruñeko Arrosadiko campusean.
Jardunaldiaren izenburua “Parisko Klimari buruzko Goi Bileraren (COP21) ildotik: aldaketa klimatikoa ulertzeko giltzak eta hura geldiarazteko proposamenak” da, eta bi dibulgazio hitzalditan eta mahai-inguru batean egituratuta dago. Gizakiak planetan duen eragina aztertu eta aldaketa klimatikoaren nondik norakoak izaki bizidunetan dituen ondorioak azalduko dituzte hizlariek, Parisko Klimari buruzko Goi Bilera testuinguruan kokatuko dute lortutako akordioak azalduz eta aldaketa-prozesua geldiarazteko duen garrantzia aztertuz, eta aldaketa klimatikoa arintzeko eta berari egokitzeko Nafarroako ekimenak ezagutaraziko dituzte.
Jardunaldia 16.45ean hasiko da. Kizkitza Insausti Barrenechea Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko (NIGMET) zuzendariordeak egingo du inaugurazioa. 17:00etan, Rosa M. Canals Tresserras Nafarroako Unibertsitate Publikoko Nekazaritzako Ekoizpeneko Saileko irakasleak eta erakunde horretako Ekologia eta Ingurumena ikerketa-taldearen kideak “Gogoeta batzuk eskainiko ditu gizakiak kliman eta planetan duen eraginari buruz”. Gero, 18:15ean, Rafael Aldai Agirretxe energian eta kliman espezializatutako ingurumen hezitzaileak “Parisko Klimari buruzko Goi Bilera ulertzeko giltzak: arrakasta edo porrota?” hitzaldia emango du. Azkenik, 19:00etan, mahai-inguru bat egingo da izenburu honekin: “aldaketa klimatikoa arintzeko eta berari egokitzeko Nafarroako proposamenak”. Eva García Balaguer Nafarroako Gobernuko Ingurumenerako eta Lurraldearen Antolamendurako zuzendari nagusia izango da moderatzailea, eta sarrera bat egingo du hasieran.