Adinekoen hauskortasunari eta erorikoei aurrea hartzeko ariketa fisikoa agintzeari buruzko ikastaro bat egingo dute urtarrilaren 14, 15, 21 eta 22an Nafarroako Unibertsitate Publikoko Osasun Zientzien Fakultateko ekitaldi-aretoan. Ikastaroa Vivifrail europar proiektuaren barruan dago, zeinaren helburu nagusia baita, ariketa fisikoa aginduz, adinekoei ahalik eta autonomia maila handiena emango dien funtzio-maila bat izaten jarraitzea.
Europar Batasunean Osasuna eta Bizi Kalitatea Sustatzeko Estrategiaren barruan dago Vivifrail. Mikel Izquierdo NUPeko fisioterapia katedradunak koordinatu du proiektua, eta honako hauek ere parte hartzen dute: Leocadio Rodríguez-Mañas (Getafeko ospitaleko Ikerketa Biomedikorako Fundazioa, Espainia), Andreh Zeyfang (Ulmeko Unibertsitatea, Alemania), Bruno Vellas (Tolosako Unibertsitate Ospitalea, Frantzia), Roberto Bernabei (Sacro Cuoreko Unibertsitate Katolikoa, Italia) eta Alan Sinclair (Diabetes Frail erakundea, Erresuma Batua).
Ikastaroa lau saiotan egingo dute, 16:30etik 20:30era. Metodologia nabarmenki parte-hartzaile bat du, eta azalpen-saioak egingo dira, bai eta lantegi praktikoak ere. Nafarroako Unibertsitate Publikoko, Nafarroako Ospitaleguneko eta Getafeko Ospitaleko adituak izango dira irakasleak.
Autonomia izaten jarraitzea
Ikastaro honen helburuen artean dago erorikoak hauskortasunaren ezaugarri goiztiarrak direla antzemateko (bere berezitasun klinikoak ezagutzeko) gai izatea; gaixoari egokitutako esku-hartze bat diseinatzeko gai izatea, hauskortasunean esku-hartzeko eta erorikoen arriskua jaisteko funtzioen hondatzea saihesteko eta/edo atzeratzeko eta 70 urtetik gorakoen artean osasuna sustatzeko bitarteko gisa; eta adineko hauskorrarentzat osaera anitzeko ariketa fisikoko programa bat garatzea.
Mikel Izquierdok esaten duen bezala, populazioa zahartzen ari denez “zahartzen goazen neurrian autonomia eta independentzia izaten jarraitzea da benetako erronka. Adinekoen osasuna funtzioaren arabera neurtu behar da eta ez gaixotasunaren arabera, funtzioa baita bizi-itxaropena, bizi kalitatea eta populazio bakoitzak beharko dituen baliabideak edo laguntzak zein diren zehaztuko dituena". Alde horretatik, aipatu du jarduera fisikoan oinarritutako esku-hartzeek erakutsi dutela beren eraginkortasuna hauskortasuna eta desgaitasuna atzeratzeko eta baita sendatze-bidean jartzeko ere. Osaera anitzeko ariketa fisikorako programak eta, bereziki, indarraren entrenamendua dira esku-hartze eraginkorrenak, desgaitasuna eta beste gertaera txar batzuk atzeratzeko".