Joan eduki nagusira

Urtarrilaren 11n, astelehenean, inskripzio-epe berri bat hasiko da, unibertsitateko komunitateko kideei zuzendua, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) bigarren seihilekoan Iruñeko Arrosadiko campusean eta Tuterako campusean antolatzen dituen kultura ikastaroetarako. A3U Programaren (adiskideak eta ikasle ohiak) kideek eta Unibertsitatetik kanpokoek aukera izango dute matrikula egiteko, lekuak bete gabe baldin badaude, urtarrilaren 25etik aurrera.

Zehazki, Iruñeko campusean bost ikastaro gaztelaniaz eta bat euskaraz eskainiko dira. Honako hauek dira: DJ: musika jartzeko artean hastea, Irakurketa Kluba, Jendaurrean mintzatzea, Argazkiei ukituak egitea photoshop-en bidez, Udaberriko sukaldaritza osasungarria eta Zeure nortasun markaren bila”.

Bestalde, Tuterako campusean hiru ikastaro hauek eskainiko dira: Rosetta harria, Sexualitatearen antropologia: sexualitateak eta kultura-aniztasuna eta Nafarroako natura eta paisaiak.

Ikastaroen prezioak 61 eurotik 137 eurora bitartekoak dira,  ikaslea unibertsitateko komunitateko kidea den eta ikastaroen iraupena zein den, horren arabera.

Kredituen balio aitorpena duten ikastaroak

Ikastaroak eta kultura-jarduerak egiteagatik kredituak emango zaizkie ikasleei, eta beren espedientean jasoko dira. Gehienez ere sei kreditu lortuko dira jarduera horiengatik graduko ikasketa-plan osoan.

Irakaskuntza kredituak eskuratu nahi dituzten ikasleek berariaz adierazi beharko dute hori inskripzio-orrian. Unibertsitateak ikastaro bakoitzari esleitutako kredituak emango ditu, betiere ikaslea joan bada emandako saioetako % 90era eta irakasleek jarritako probak gainditu edo esandako lanak egin baditu.

Iruñeko Kultura Jardueren egoitzan (019. ikasgela, Ikasgelategiko beheko solairua) edo Tuterako campuseko Argibide Bulegoan (Tarazona etorbidea, z/g) egingo da matrikula. Horretaz gainera, unibertsitateko komunitateko kideek (ikasleak, irakasleak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak) matrikula interneten bidez egiteko aukera izango dute.