Ezkerretik eskuinera: Izaskun Andueza, Mireia Etxeberria, Edurne Busto, Tania Osés eta Martín Larraza.
Gizarte Laneko hiru ikasle irabazle atera dira Nafarroako Unibertsitate Publikoko Hiritartasunari, Bizikidetzari eta Aniztasunari buruzko UNESCO Katedrak deitutako Ekintzailetza Kolektiboko Ideia Hoberenentzako Sarietan, beren proiektuagatik, mendekotasun egoeretan lagundu eta aholkularitza emateko gazteek osatutako kooperatiba bati buruzkoa. Gainera, epaimahaiak akzesit bat eman die instituzioko bi irakasleri Lakuntzan (Nafarroa) ekonomia sozialeko enpresa bat sortzeko ideiagatik. Enpresa horrek hainbat jatorritako emakumeei emango die lana etxeko janaria prestatzeko xedez.
Edurne Busto Amezketa, Mireia Etxeberria San Juan eta Tania Osés Hermoso ikasleek lehen sariaren 1.700 euroak lortu dituzte beren “Egokitu” proiektuagatik; aldiz, 1.000 euroko akzesita lortu dute Izaskun Andueza Imirizaldu (Gizarte Laneko Saila) eta Martín Larraza Kintana (Enpresen Kudeaketa Saila) NUPeko irakasleek beren “Elkar-Lakuntzen” proiektuagatik.
Sari hauen xedea da komunitateko kideen artean sustatzea lankidetza lana eta enplegua sortzeko ideiak bilatzea, Nafarroako garapen ekonomiko eta sozialarekin lotuta eta gizartean sortzen diren beharrei erantzuteko xedez, gaur egungo enplegu suntsiketaren testuinguruan.
Gaur egungo banakako ekintzailetzaren protagonismoaren aurrean, taldekako ekintzailetza, dela arlo publikokoa zein elkarte ehunekoa, eraginkortasun handikoa da kalitatezko enplegua sortzeko intereseko hainbat arlotan, esaterako, osasun, gizarte edo hezkuntza zerbitzuetan. Arlo honetan daude hainbat enplegurako ekimen gizartearen behar berriei lotutakoak, esaterako, zahartzea, zainketa lanak, langabezia edo kualifikazio tarteak. Hau da, frogatu da enplegua sor daitekeela populazioaren talde jakin batzuen beharrei erantzunez.
Balioespen irizpideak eta saritutako ideiak
Epaimahaia osatu dute NUPeko hainbat kidek eta Obra Social La Caixako ordezkaritza batek, Hiritartasunari, Bizikidetzari eta Aniztasunari buruzko UNESCO Katedra finantzatzen duen entitatea baita, eta saritutako bi ideietan balioetsi dute ekintzailetza kolektiboko proiektuak bideratzen diren behar sozialen definizio egokia (sortutako zerbitzuaren eta enpleguaren xede populazioa, gizarte interesa, etab.). Era berean, kontuan hartu dira egin nahi den jarduera bakoitza definitzean emandako xehetasunak eta enplegua sortzeko bideragarritasuna, kooperatibismoa, parte hartzeko proposamenak entitate publiko eta pribatuekin, ideiak denboran zehar daukan iraunkortasuna, etab. Azkenik, kontuan hartu da egungo gizartean proposamenak daukan sormen eta berrikuntza maila.
“Egokitu” proiektua
“Egokitu”, lehen saria lortu duen ideiak, proposatzen du sortzea “gazteek osatutako kooperatiba bat, mendekotasun egoeretan daudenei lagundu, orientatu eta aholkularitza emateko xedez, eta mendekotasuna duten pertsonen autonomia eta/edo ongizatea hobetzen duten espazioak egokitzeko behar diren berrikuntzak egitea banakako beharren arabera”.
Zerbitzua planteatu da "aholkularitza profesionala behar duten banakakoentzat eta entitate publiko zein pribatuentzat". Horretarako, “hainbat profil profesionalek osatzen dute kooperatiba (Gizarte Lana, Okupazio-Terapia eta Eraikinen eta Eraikuntzaren Ingeniaritza), etxebizitzetan eta bestelako eraikinetan egokitzapenerako beharrezkoak diren berrikuntza lanak egiteaz eta prozesu bakoitzean behar den laguntza, orientazioa eta aholkularitza emateaz arduratzen direnak”.
Aurreikusten diren zerbitzuen artean daude laguntza, aholkularitza, espazioen egokitzapena eta birziklatze zerbitzua (jasotzea, konpontzea eta lekualdatzea). Pentsatu da lan horiek egiteko gazteak kontratatzea, ahal dela desgaitasun maila bat dutenak edo bereziki egoera sozial ahulean daudenak, proiektuaren lehentasunetako bat baita zailtasun handienak dauzkaten kolektiboak gizarteratzea. Horregatik, proiektuaren azalpenean aipatzen da "gizarteratzen eta gizarteratzeko lan egiten duen eta arreta ematen dien pertsonen eta bere langileen berdintasuna bilatzen duen erakunde bat dela".
“Elkar-Lakuntzen” proiektua
Ideia hau da: “ekonomia sozialeko enpresa txiki bat (seguruenik fundazio baten forma juridikoa daukana, Lakuntzako Udalak sustatua eta haren laguntza badaukana) hainbat jatorritako lakuntzar emakumeei lana emango diena”. Proiektu hau garatzeko “etxeko janari osasungarria eta orekatua prestatuko da eta hainbat tradiziotako pastak egingo, eta etxeetara banatuko dira”.
“Elkar-Lakuntzen” proiektuan badira hainbat balio sozial, esaterako kontsumo osasungarri eta arduratsua; txertatzen den inguruarekiko konpromiso soziala; eta elkarren arteko laguntza.
Haren garapena zuzenduko duten helburuen artean daude "enplegu duinak sortzea lakuntzar emakumeentzat, eta horien artean magrebiar jatorrikoak, gizarteratzeko eta lan-munduan sartzeko zailtasun bereziak baitauzkate". Bigarrenik, "hainbat jatorritako lakuntzarren arteko bizikidetzaren hobekuntza sustatzea".
Xede populazioari dagokionez, sortu nahi da "etxeko janari osasungarria eta orekatua prestatu eta etxeetara banatzeko zerbitzua eskaintzea, hainbat arrazoirengatik janaria prestatzeko autonomia edukitzeko zailtasunak dauzkaten kolektiboentzat (pertsona nagusiak, bi kideek lan egiten duten familiak, bai eta eskolako jantokian gelditzen diren haurrak ere)". Azkenik, sustatu nahi da "tokiko garapen ekonomiko eta soziala, tokiko produktuen eta zerbitzuen kontsumo arduratsuaren bidez".