Alfredo Hoyuelos Planillo (Iruñea, 1963), Nafarroako Unibertsitate Publikoko Psikologia eta Pedagogia Saileko irakaslea, haur hezkuntzari buruzko bi libururen egilekidea da. Liburu horien bidez 0 eta 6 urte arteko heziketa-aldi honen ikuspegi zabalago bat eskura daiteke: batean ikuspegi pedagogikoago bat aplikatzen da; eta bestean, orainari eta etorkizunari buruzko analisi bat egiten da.
Liburu horietako lehena, “Complejidad y relaciones en educación infantil” izenburua duena, eta hezkuntzan espezializatuta dagoen Octaedro argitaletxeak argitaratu duena, Alfredo Hoyuelosek berak eta María A. Rierak idatzi dute. María A. Riera pedagogian doktorea da Balear Uharteetako Unibertsitatean eta bertan irakasle gisa lan egiten du. Liburuan, bi egileek, konplexutasunaren teoriatik abiatuz, hainbat gai aztertzen dituzte, hala nola haurtzaroko kultura, aldi horretan lan egiten duten hezitzaileen errespetuzko laguntza familiei, taldeko lan partekatua haur eskoletan, behaketaren eta dokumentazioaren zeregin funtsezko eta egituratzailea ikasgelan, proiektuen aberastasuna programazioaren aurrean eta irakaslearen eta haurren arteko harreman profesionalaren arteko ezaugarri kualitatiboak.
Etorkizunerantz iraganetik abiatuz
Haur hezkuntzan lanean makina bat hamarkada daramatzaten profesionalek idatzi dute beste liburua: “La educación infantil de 0 a 6 años en España”. Alfredo Hoyuelosez gainera, Pepa Alcrudo, Alicia Alonso, Mercedes Escobar, Ángeles Medina eta Alicia Vallejo irakasleek sinatu dute. 0 eta 6 urte arteko Haur Hezkuntzaren Aldeko Estatu Plataformako kideak dira. Adingabeek hezkuntzarako duten eskubidea jaiotzatik garatzeko lanean diharduten Estatuko hainbat tokitako kolektibo, elkarte eta sindikatuak biltzen ditu plataforma horrek.
Fantasía argitaletxeak argitaratu du liburua, eta bertan egileek ibilbide bat egiten dute haurtzaro kontzeptuak izan duen bilakaeran zehar hezkuntzaren eta gizarte eta lege eraikuntzaren tratamendu batetik; haurtzaroaren ezaugarriak azaltzen dituzte, diziplina zientifikoen arabera ulertzen diren bezala, heziketa-harremanaren ikuspegi berri bat eraikitzeko; eta haur hezkuntzaren egoera bere osotasunean aztertzen dute, ziklo bakoitzean eta Estatu osoan, antolaketa eta kudeaketa forma berriak proposatzeko. Argitalpen honen bidez “haur-hezkuntzaren iragana kontuan izango duen etorkizuneko bide bat” eraiki nahi dute egileek, liburuan jasotakoaren arabera.
Alfredo Hoyuelos, bi lanen egilekidea doktorea da, europar aipamenarekin, Filosofia eta Hezkuntzaren Zientzietan Nafarroako Unibertsitate Publikoan, tesi honekin: “El pensamiento y obra pedagógica de Loris Malaguzzi y su repercusión en la educación infantil”. Aldez aurretik, Filosofia eta Hezkuntzaren Zientzietako lizentzia lortu zuen Nafarroako Unibertsitatean eta OHOko Irakasletzako diploma lortu zuen Iruñeko Huarte de San Juan Unibertsitate Eskolan (1985) , bere promozioko ikasketa-espediente hoberenarentzako Ansoleaga sariarekin. Iruñeko Udalaren Haur Eskoletako adierazpen lantegietako koordinatzailea da egun. Nafarroako Unibertsitate Publikoan, irakaslea izateaz gainera, zientzien didaktikako diziplinarteko ikerketa taldearen (IDIC) kidea da.