Aurresan daiteke zer mailatako narriadura kognitiboa izango duten, sei hilabete igaro eta gero, beren lehenengo agerraldi psikotikoa daukaten gaixoek, beren errendimendu kognitiboa eta mugimendu asaldurak ebaluatzen badira antipsikotikoekin tratamendua hasi baino lehen. Ondorio horretara iritsi da Elena García de Jalón Aramayo (Iruñea, 1974) Nafarroako Unibertsitate Publikoan defendatu duen doktoretza-tesian. Agerraldi psikotiko bat izan dutenek aurrez eritasun horretarako tratamendu farmakologikorik hartu gabe izan duten narriadura kognitiboa aztertzen du tesiak.
Psikosiaren nahasmendu ohikoena eskizofrenia da, eta delirioak eta haluzinazioak dira buruko gaixotasun horren, alegia, psikosiaren, ezaugarri nagusiak. Bere ondorioetako bat da narriadura kognitibo bat dutela gaixoek, eta horrek errendimendua eta adimen-kozientea gutxiagotzea dakar eta, eskasiak eragiten ditu hainbat funtziotan, hala nola arretan, oroimenean edo funtzio eragileetan, hainbat ezaugarriren artean. “Asaldura kognitiboen prebalentzia eskizofrenia daukaten gaixoengan aldatu egiten da azterketen arabera, baina tasak % 40tik % 80ra bitartekoak dira”, esan du Elena García de Jalónek. Víctor Peralta Martín eta Manuel J. Cuesta Zorita Osasunbideko psikiatriatrek zuzendu dute bere doktoretza-tesia.
Hain zuzen, eskasia kognitibo horiek eskizofreniaren diagnostiko okerrago batekin lotu dituzte. “Eskizofrenian gertatzen den narriadura klinikoa psikosiaren aurreko fasean edo gaixotasunaren lehenengo urtean has daitekeenez, idenfikazio eta esku-hartze goiztiarrak gaitz honen bilakaera eta ondorioa hobe dezake”, esan du tesiaren egileak. Tesiaren izenburua hau da: “Evaluación longitudinal clínica, neuropsicológica y motora en primeros episodios psicóticos no tratados previamente con antipsicóticos”.
Horretarako, Elena García de Jalónek erabaki zuen, bere doktoretza-tesia egiterakoan, psikosiaren diagnostikoa hobetzea, gaixotasunaren agerpen espezifikoak identifikatuz. Hala, diagostiko txarra izateko arriskuan dauden gizabanakoak ezaugarritzea lortuko zen “tratamendua modu espezifikoago eta eraginkorrago batean aztertzeko”.
Psikosiaren ezaugarriak
Psikiatrak gaixotasun honen ohiko agerpen gisa aipatu zituen hauek: asaldurak funtzionamendu kognitiboan, gaixotasuna izatearen kontzientziarik eza (“eskizofrenian prebalentzia handienetako bat duen ezaugarrietako bat da, are beste nahasmendu psikotiko batzuetan baino ohikoagoa”) eta mugimendu asaldurak antipsikotikoen bidez tratamendua hasi baino lehen.
Horri gehitu behar zaio “errendimendu neuropsikologikoa ebaluazio medikoaren hasierako unean, eskola-errendimendua eta adimen-kozientea direla gaixoengan erantzun kognitibo onaren iragarle esanguratsuenak”, esan du.
Ehundik gora gaixoren lagina
Bere ikerketarako, aurrez gaixotasunari aurre egiteko medikaziorik hartu ez zuten eta horregatik bigarren belaunaldiko bi antipsikotikorekin tratamendua hasi zuten gaixoen lagin baten errendimendu kognitiboa aztertu zuen García de Jalónek sei hilabeteko epean. Foru Erkidegoko Buru Osasuneko Sarean (Buru Osasuneko Zentroak eta Nafarroako Ospitaleguneko, lehengo Bideko Ama Birjina Ospitaleko Larrialdietako Zerbitzua eta Ospitalizazio Psikiatrikoko B-Unitatea) 2003tik 2006ra bitartean artatu zituzten ehun gaixoren lagina izan zen.
Tratamendu antipsikotikoa hasi baino lehen errendimendu kognitiboa eta mugimendu asaldurak erantzun kognitibo okerrago baten iragarle gisa ebaluatzeak duen garrantziaz gainera, gauza bera egin behar da “gaixotasunaren aurreko nortasunarekin eta artatu ez den psikosiaren iraupenarekin gaixotasunaren kontzientziaren iragarle gisa”, esan du egileak, zeinak bikain “cum laude” kalifikazioa lortu baitu.
Egilearen curriculum laburra
1998an Nafarroako Unibertsitatean Medikuntzan lizentziatu eta gero, Osasunbideko Buru Osasuneko Sarean psikiatria espezialitatea egin zuen Elena García de Jalónek, eta bertan lan egiten du psikiatra laguntzaile gisa. 2011z geroztik Buztintxuriko (Iruñea) Buru Osasuneko Zentroan lan egiten du.
Horretaz gainera, Nafarroako Osasun Ikerketako Institutuko psikiatria arloan lankidetzan jarduten du García de Jalónek bere bi tesi-zuzendarien zuzendaritzapean: Víctor Peralta Martín eta Manuel J. Cuesta Zorita.