Nafarroako 16 ikastetxetako 80 ikaslek parte hartuko dute hurrengo astean Batxilergoko VI. Eztabaida Lehiaketan. Honako hau izango da aurtengo gai nagusia: “Adin nagusitasuna 16 urtera jaitsi beharko litzateke Espainian?” Lehiaketa Nafarroako Parlamentuarekin lankidetzan antolatu du unibertsitateak, eta urriaren 16 eta 17an egingo da. Aurretik, urriaren 9 eta 10ean prestakuntza lantegi bat egingo da talde parte-hartzaileei lehiaketari buruzko argibideak emateko eta zalantzak argitzeko.
Hiru edo lau ikaslek eta kapitain batek osatzen dituzte taldeak. Txapelketaren lehen fasea urriaren 16an, ostiralean, egingo da Sario eraikinean, eta finala urriaren 17an, larunbatean, goizez, egingo da Nafarroako Parlamentuan. Lehiaketako irabazleen saria tableta elektroniko bana izango da, eta bigarren sailkatzen direnena, liburu elektroniko bana. Lehiaketaren garapenari buruzko informazio osoa Kultura Jardueren Atalaren web-orrian dago kontsultatzeko.
Torneoa Batxilergoan ikasketak ematen dituzten Nafarroako ikastetxeei zuzenduta dago. Ikastetxe bakoitzak talde bakar batekin parte hartuko du, eta 2. Batxilergoko ikasleek osatuko dute taldea. Ikastetxe hauek parte hartuko dute seigarren edizioan: Iruñeko Arte Eskola, Plaza de la Cruz BHI, Nuestra Señora del Huerto, San Cernin, Hijas de Jesús, Julio Caro Baroja BHI (Biurdana 2), Santa Teresa, Miravalles-Redín, Nuestra Señora del Puy (Lizarra), San Ignacio, Barañain BHI, Liceo Monjardín, Irabia-Izaga, Sagrado Corazón, Pablo Sarasate BHI (Lodosa) eta Luis Amigó.
Nafarroako ikastetxe publiko eta hitzartuetako Batxilergoko 2. ikasmailako gazteei zuzendutako prestakuntza eta lehia ekitaldia izateko proposatzen da lehiaketa. Aukera bat da ikasleek hainbat trebetasun gara ditzaten: jendaurrean mintzatzeko gaitasuna, taldean lan egitekoa, informazioa aztertzekoa edo argudioak ematekoa. Beren prestakuntza pertsonalerako oso interesgarriak izateaz gain, trebetasun horiek unibertsitateko gradu ikasketei lotutako zenbait zeharkako eskumen edo eskumen orokor osatzen dituzte.
Epaimahaiak alderdi hauek balioetsiko ditu: sarrera, errefusatze eta ondoriorik onenak; taldearen jarrera, ordena, adierazitakoaren argitasuna eta erraztasuna; segurtasuna eta gaia menderatzea; inprobisatzeko gaitasuna; mintzaira diskurtsoari begira egokia izatea, eta zalutasuna erantzutean.