Julian Bobek, Tyton Biosciences enpresa amerikarreko (http://www.tytonbiofuels.com) teknologia arloaren arduradunak, bisita egin du duela gutxi NUPera, Agrobioteknologia Institutuko Landare Agrobioteknologiako taldeak garatutako teknologiaren transferentzia negoziatzeko. Jon Veramendi, Inmaculada Farrán, Luis Larraya eta Maria Ancín ikertzaileek osatzen dute taldea. Zehazki, tabako landareen aldaketa genetikoan lan egin du talde honek. Aldaketa genetikoari esker almidoi eta azukre ekoizpena handiagotzen dute landareek, eta horrek etanol ekoizpena areagotzea laguntzen du.
Beraien lanak bi patente dauzka (2008 eta 2011 urteak), eta Tyton enpresa amerikarraren arreta erakarri du. Enpresa Estatu Batuetako ekialdean dago, eta tabako hazkuntzan duen esperientzia baliatu nahi du bioerregaiak sortzeko.
Julian Bobe ikertzaileekin bildu zen aurreko astean, xehetasun gehiago izateko bere enpresari interesatzen zaion teknologiaren transferentzia-prozesuari buruz. Material biologikoa transferitzeko akordio bat sinatu eta gero, NUPeko ikertzaileek almidoi askorekin hobetutako aldaeretako haziak eman dizkiote enpresari, Virginiako estatuko (Estatu Batuak) hazkuntza baldintzetan saiakuntzak egiteko hazi horiekin.
Aldatutako landareek % 20 eta % 40 bitarte etanol gehiago ekoiz dezakete, eta horrek bioerregaia ekoizteko lehengai gisa duten bideragarritasuna handiagotzen du. Tyton Biosciences enpresak dagoeneko badauka bioetanola ekoizteko merkataritza-lantegi bat, eta bertan artoa erabiltzen du lehengai gisa. Bere helburua da instalazioen zati bat tabakoa etanola ekoizteko lehengai gisa erabiltzera bideratzea.
Dentsitate handian hazten bada eta bere zikloan hainbat aldiz mozten bada, materia freskoaren 160 tona ekoitz daitezke hektarea bakoitzeko. Beraz, bioetanola ekoizteko biomasa-iturri egokia izan daiteke. Jon Veramendi ikerketa taldearen arduradunak azaldu duenez, “Tabako landareak bioetanola ekoizteko biomasa-iturri gisa tabako hazkuntza tradizionalari alternatiba bat izan litezke. Izan ere, tabako hazkuntza atzeraka doa Estatu Batuetan eta Europan ezin direlako lehiatu goraka ari diren herrialdeekin, esaterako Txina ”.