Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitate - Gizarte Fundazioak kudeatzen duen tituludunentzako praktika programak parte-hartzaileen % 60 lanean sartzea lortu du, hau da, lehenagoko urtean baino % 27 gehiago, 2014. urtearen jardueren txostenak ematen dituen datuen arabera.

Aipatu ekitaldian, Fundazioak 1.195 praktika kudeatu zituen, eta horietan 1.015 pertsonak parte hartu zuten. Horretarako hitzarmenak sinatu ziren 422 enpresarekin, eta horietatik 110 berriak ziren programa honetan. Ondoren egin ziren inkesten arabera, parte-hartzaileen % 94 pozik dago egin dituen praktikekin.

Osotara, Unibertsitate - Gizarte Fundazioak 3.906.147 euro jaso zituen enpresa eta erakundeetatik praktiketako ikasleentzat eta tituludunentzat, eta 615.566 euroko diru-sarrera jaso zuen praktiken eta enplegu eskaintzen kudeaketagatik.

Etengabeko prestakuntza eta hizkuntzak

Prestakuntzaren arloan, Unibertsitate-Gizarte Fundazioak 15 etengabeko prestakuntza jarduera antolatu zituen (espezialitate ikastaroak eta profesionalentzako beste ikastaro batzuk), eta horietan 284 pertsonak parte hartu zuten. Gainera, graduondoko zazpi ikasketa bereki eskaini zituen (Unibertsitatearen titulu berekiak), eta haietara 224 lagun joan ziren.

Bestalde, Tituludunek Praktikak egiteko Prestakuntza Programaren barruan, 108 prestakuntza jarduera egin ziren eta horietan 2.162 ikasle matrikulatu ziren, eta Profesionaltasuna Egiaztatzeko bost ikastaro egin ziren, non 100 lagunek izena eman baitzuten.

Guztira, 2.770 lagunek parte hartu zuten Unibertsitate - Gizarte Fundazioak antolatu zituen prestakuntza jardueretan, eta Fundazioak 5.302 eskola-ordu kudeatu zituen.

Halaber, Unibertsitate - Gizarte Fundazioaren mendekoa den Hizkuntzen Goi-mailako Ikastegiak 1.195 ikasle izan zituen ikasturtean zehar, ingelesean, frantsesean, alemanean eta atzerritarrentzako espainieran, eta ikastegi horrek kudeatzen dituen hizkuntza gaitasuna frogatzeko azterketa ofizialetan  (ingeleseko TOEFL, frantseseko DELF/DALF eta espainierazko DELEF) 1.043 pertsonak parte hartu zuten.

Azkenik, A3U- Alumni Programak, Unibertsitatearekin lotura daukaten eta fakultate edo eskolekin edo elkarrekin harremana izaten segitu nahi duten pertsonak biltzen dituenak, 757 pertsona zeuzkan izena emanda 2013-2014 ikasturtearen bukaeran, hau da, aurreko ikasturtean baino bi aldiz gehiago.