Joan eduki nagusira

zoom Joan den urteko udako ikastaroan egin zen robotika erakustaldia

Joan den urteko udako ikastaroan egin zen robotika erakustaldia

Nafarroako Unibertsitate Publikoak  Hezkuntza Robotika eta Scratch/BYOB Programazioaren Nazioarteko Campusa egingo du hurrengo bi asteetan, Nafarroako Unibertsitateen Udako Ikastaroen barnean. NUPek, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak eta Iruñeko Planetarioak antolatzen duten campus honetan irakasleentzako lantegi-mintegi trinko bat egingo da, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako zortzi irakasleren parte-hartzearekin, eta Lehen Hezkuntzako azken bi ikasmailetako ikasleentzako eguneko eskola-kanpamendu bat. 30 ikaslek izena eman dute kanpamenduan.

Alfredo Pina Calafik, NUPekoMatematika eta Informatika Ingeniaritza Saileko irakasleak, eta Gabriel María Rubio Navarrok, NUPeko Filologia eta Hizkuntzaren Didaktikaren Saileko irakasleak eta Hezkuntza Departamentuko Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Ataleko buruak zuzentzen dute Hezkuntza Robotika eta Scratch/BYOB Programazioaren Nazioarteko Campusa, eta Sario eraikinean egingo da abuztuaren 28ra arte.

Alfredo Pina eta NUPeko Psikologia eta Pedagogia SailekoJavier Arlegui de Pablos irakaslea dira ikastaroko irakasleak, Italiako irakasle honekin batera: Stefano Monfalcon, Roveretoko Museo Cívicoko (Trentoko probintzia) LEGO Centerreko Robotika Atalaren arduraduna.

Zientziarekiko ardurarik eza

Jarduera honen antolamendua Europako Batzordearen Rocard Txostenean (Science education now: A renewed pedagogy for the future of Europe) oinarritzen da. Txostenak agerian uzten du gazteek zientziaren alde daukaten interesa izugarri jaitsi dela, eta proposatzen du, joera honi buelta emateko, ohiko prestakuntza zientifikoa baino ekintza eraginkorragoak martxan jartzea. Txostenak ematen duen aholkua da "irakaskuntza deduktibo batetik ikerketaren bidezko irakaskuntzara pasatzea (inquiry-based methods)", ulermena hobetzeko eta jarduera zientifikoaren eta teknologikoaren aldeko interesa suspertzeko.

Udako ikastaro honen antolatzaileek uste dute jarduera robotikoak eskolan (robotak irakastea eta robotez irakastea) aise antolatu daitezkeela ikerketa-jarduerak bezala, irakaskuntzaren metodologia sozio-konstruktibista baten esparruan. Gainera, "ekintza eraginkorren" adibide ezin hobea da, zientzia/teknologia/gizartea hirukotearen irakaskuntza berritzeko.

Gainera, datorren ikasturtean Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak zabalkunde-plan bati hasiera emango dio, programazio informatikoa zabaltzeko Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailetan, udako ikastaro honetako tresna den Scratch programazio-lengoaiaren bidez.

Robot fisiko eta birtualak

Robotika Campusaren helburua bikoitza da. Alde batetik, irakasleak prestatzea ikasgelara eramateko moduko zientzia eta teknologiaren arloko proiektuak egiteko hezkuntza robotikaren inguruan; eta robot fisikoak  (LEGO) eta robot birtualak (Scratch/BYOB) hurbiltzea Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. ikasmailako ikasleei.

Ikastaroa abuztuaren 28an, ostiralean, bukatuko da, ikasleek egindako proiektuen erakustaldi irekiarekin, familiakoek edo interesa duen edozein pertsonak ikusi ahal izateko. Erakustaldia Iruñeko Planetarioan egingo da.