Ángel García-Sanz Marcotegui Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak “La Confederación liberal de la Montaña (1836-1837). Valles navarros vascófonos por la causa nacional” (Mendiko konfederazio liberala (1836-1837). Nafarroako euskal ibarrak kausa nazionalaren alde) lana aurkeztu du berriki egin den simposium batean espainiar gizarte garaikidearen nazionalizazio faktoreei buruz. Euskal Herriko Unibertsitateko Valentín de Foronda Historia Sozialeko Institutuak antolatu du simposiuma Gasteizen.
Azterlan honetan, García-Sanz irakasleak aztertu du isabeldarrek lehen karlistaldian eduki zuten garrantzi erlatiboa, baita militarra ere, (zenbait milaka gizon mobilizatzera iritsi ziren), eta nabarmentzen du Pirinioetako ibarrak (Aezkoa, Zaraitzu eta Erronkari) eta Luzaide jabari legitimistaren aurka azaldu eta armatu zirela eta, maila ezberdinean izan arren, “isabeldar kausaren oinarri sendoak” izan zirela.
Alde horretatik, informazioa ematen du eskualde horretako liberalen altxamenduei buruz, batez ere 1836. urtean, “Mendiko konfederazio liberala” sortu zenean. Lanean ezagutzera ematen du nor izan ziren azaldu zirenak (jende garrantzitsua biztanleen gehiengoak lagunduta, apaizak barne), altxamendu plana, armamentu batzarren eraketa, haien zerbitzuak, eta abar. Bestalde, bereziki azpimarratzen du haien konpromisoa isabeldar kausarekin eta gainera, lehen karlistaldia faktore garrantzitsua izan zela ibar horiek abertzaletasun liberalaren berezko parametroei jarraitzeko “kausa nazionalaren” eta “aberriaren askatasunen” alde mobilizatu baitziren.
García-Sanz irakaslearen ustez, Nafarroako Pirinioetako biztanleen inplikazioak, zuzenak edo zeharkakoak, kontzienteak edo ez kontzienteak, eraketa nazionalaren prozesuan, esanahi berezia dauka. “Izan ere, ibar horiek ezin hobeki erakusten dute karlisten aurka borrokatzeko beharrezkoa zela «Nafarroa Nafarroaren aurka kontrairaultzea», indar armatu berekiak antolatuz, gerrilla-gerretara ohitutako militarrek zuzenduak, nafarrak, euskal hizkuntza eta lurraldea ezagutzen zutenak eta kanpotarren inbasioetatik defendituko zutenak”.