Joan eduki nagusira

2015-2016 ikasturtean Nafarroako Unibertsitate Publikoan gradu bat egin nahi duten pertsonek datorren ostiralera arte, ekainaren 26ko 14:00ak arte edukiko dute ohiko aurreinskripzioa egiteko epea. Aste honetan, ikasleek ikaspostua eskatuko dute www.unavarra.es webgunearen bidez ematen diren gradu titulazioetako edozeinetan. Guztira 18 gradutan banatutako 1.755 ikaspostu eskainiko ditu NUPek hurrengo ikasturterako.

Batxilergoa, prestakuntza zikloa eta unibertsitateko titulazioa duten ikasleek Interneten bidez egin beharko dute aurreinskripzioa, eta hurrengo ikasturtean egin nahi dituzten titulazioak adierazi, gehienez ere lau, lehentasun hurrenkeraren arabera. 25 eta 45 urtetik gorakoek, eta lan esperientzia daukaten 40 urtetik gorakoek, ez dute online aurreinskripziorik egin behar. Horren ordez, inprimaki bat bete, eta behar den dokumentazioa aurkeztuko dute.

Era berean, heldu den ekainaren 26an, ostiralean, bukatuko da eskatzen den dokumentazioa aurkezteko eguna, horrelakorik eskatzen bada. Hautaprobak Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin dituzten Batxilergoko ikasleek ez dute dokumentazioa aurkeztu behar, ez bada nazioarteko programetako baterako ikaspostua eskatzen dutela, edo erreserba kupoaren bidez sartu direla. Dokumentazioa Administrazio eta Kudeaketako eraikinean aurkeztu behar dute, Arrosadiko Campusean, edo posta ziurtatuaren bidez.

Ikasle onartuen lehenengo zerrenda uztailaren 3an jarriko da jendaurrean, 12:00etan, eta ikaspostua lortzen dutenek uztailaren 20a eta 22a bitartean, graduaren arabera, egin beharko dute matrikula unibertsitatearen web-orrialdean jakinaraziko den hurrenkeran eta eran.

Unibertsitateak ohiz kanpoko aurreinskripzio epe bat irekiko du uztailaren 16 eta 17an, baina ikaspostu hutsak dituzten titulazioetarako.

Honako esteka honetan ikus daiteke Unibertsitateak egiten duen gradu-eskaintza oso-osorik: http://www.unavarra.es/estudios/grado

Aurreinskripzioa irekita masterretan

Unibertsitateak, datorren 2015-2016 ikasturtean, hogeitamar master eskainiko ditu. Haietan aurreinskripzioa egiteko bigarren epea zabalik dago. 1.077 ikaspostu eskaintzen dira, eta interesdunek Interneten bidez  egiten ahal dute aurreinskripzioa uztailaren 31ra arte. Aukeratuen behin-behineko zerrenda irailaren 8an zabalduko da jendaurrera. Betegabeko lekuak dauzkaten masterretan, beste aurreinskripzio epe bat irekiko da irailaren 28tik urriaren 9ra.

Datorren ikasturteko berrikuntzen artean bi titulu berriren eskaintza dago: Ingurumen Nanoteknologiako Masterra eta Geografiari buruzko Informazio Sistemetako eta Teledetekzioko Masterra. Eskaintza osorik ikusgai dago webgunean. http://bit.ly/master-upna