Juan Carlos Monedero politologo eta irakasleak eta Bonifacio de la Cuadra kazetariak heldu den astelehenean, ekainaren 22an, hasiera emango diete Nafarroako Unibertsitate Publikoaren udako ikastaroei. Biek parte hartuko dute "Krisi ekonomikotik krisi politikora: trantsizioa, konstituzioa eta demokrazia M15 eta gero" zikloan. Berriozarko Musika Eskolako entzun-aretoan egingo da hilaren 25era arte, osteguna, Jorge Urdánoz irakaslearen zuzendaritzapean.
Ikastaroa Berriozarko Udalarekin lankidetzan antolatu da, eta asmoa da Espainiako krisi politikoan sakontzea hiru bektore hauen bidez: demokraziari buruzko gogoeta, trantsizioak diktaduratik hona bete duen zereginaren berrikusketa eta konstituzioa erreformatzeko proposamenak. Inskripzioak 20 euro balio du.
Juan Carlos Monederok arratsaldeko 17:00etan parte hartuko du “Trantsizioa: lokatz haietatik lohi hauek” izeneko hitzaldiarekin. Monedero Zientzia Politikoko irakasle titularra da Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. Heidelbergeko unibertsitatean egin zituen graduondoko ikasketak. Bere lanen artean aipatzekoak dira: “La transición contada a nuestros padres”, “El gobierno de las palabras” eta “Curso urgente de política para gente decente”.
Bestalde, Bonifacio de la Cuadrak hitza hartuko du arratsaldeko 18:30ean eta “Konstituziogileek ongi egin zuten, konstituziotik eratorritakoek …oso gaizki!” izeneko hitzaldia emango du. De la Cuadra El País egunkaria sortu zuen taldeko kidea da. Soledad Gallego-Díazekin batera “Del consenso al desencanto y de Crónica secreta de la Constitución” lanaren egilea da; “Todos al suelo. La conspiración y el golpe” 23-Fri buruzko lehen lanaren egilea da beste sei kazetarirekin batera; “Secretos de confesión” nobela beltzarena, eta berriki argitaratu den “Democracia de papel” saiakerarena. Bere sarien artean daude 1983ko Kazetaritza eta Giza Eskubideak sustatzeko Nazioko Saria eta 1998ko UNICEF Saria “Ampliación del voto juvenil” izeneko artikuluagatik, 16 urterekin boto eskubidea aldarrikatzen duten hainbat testuren lehenengoa.
Zikloko hizlariak
Jorge Urdánoz NUPeko Zuzenbidearen Filosofiako irakasleak zuzentzen duen ziklo honetan, aipatutakoez eta zuzendariaz gainera, hizlari hauek parte hartuko dute: Ignacio Sánchez-Cuenca, Gizarte Zientzietako Ikasketa Aurreratuetako Zentroko (CEACS) Ikerketa zuzendaria Juan Marchy Institutuan eta Soziologiako irakasle titularra Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean; Aurelio Arteta, Filosofiako eta Moralaren Filosofiako irakaslea Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV-EHU); José Luis Martí, Filosofia Politikoan eta Zuzenbidearen Filosofiako irakaslea Bartzelonako Pompeu Fabra unibertsitatean; Javier Tajadura, Konstituzio Zuzenbideko katedradun famatua eta irakaslea Euskal Herriko Unibertsitatean UPV-EHU; eta Gerardo Pisarello, Konstituzio Zuzenbideko irakaslea Universitat de Barcelonan.
35 ikastaro
Nafarroako Unibertsitate Publikoak aurten 35 udako ikastaro emango ditu, hainbat gairi buruz; zenbait lotuta daude zientziarekin (medikuntza eta osasuna, matematika, ekosistemen simulazioa, radioastronomia, robotika), kulturarekin (musika, antzerkia, ondarea eta historia), politika, zuzenbidea, soziolinguistika, desgaitasuna, nerabezaroa, merkataritza, garapenerako lankidetza, hezkuntza, nekazaritza ekologikoa eta babesletza gaiarekin, besteak beste.
Ikastaro hauetako batzuk Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan antolatuta daude, eta beste batzuk hamar bat udal eta entitateren parte hartzea eta finantzabidea daukate, esaterako, Iruñeko udala, Berriozar, Altsasu, Lizarra, Zangoza, Tafalla, Zizur Nagusia, Sakanako Mankomunitatea, Baztango udala eta Lesakako udala. Halaber, urte honetan Unibertsitatearekin lankidetzan daude Nafarroako Orkestra Sinfonikoa, La Caixa eta Alexion Pharma Spain.
Matrikula irekita dago
Programatutako ikastaroen ia erdia doakoak dira, eta gainerakoen matrikularen prezioa 10 eta 250 euro artekoa da, kasuen arabera. Matrikula irekita dago eta Interneten bidez egiteko aukera dago. Horretarako ikastaroen web orrialdean (http://bit.ly/CursosVeranoUPNA) sartu eta inskripziorako inprimakia bete behar da. Zenbait ikastarok matrikularako baldintza bereziak dauzkate; horregatik, kasu bakoitzean berariazko programa kontsultatzea aholkatzen dizuegu. Doako ikastaroetara joateko ere beharrezkoa da inskripzioa egitea.