Ehundik gora pertsonak parte hartu dute maiatzaren 25ean, astelehena, Nafarroako Unibertsitate Publikoak berarekin ikasleen curriculum praktikak egiteko hitzarmenak dituzten erakundeen lana aitortzeko egin den ekitaldi batean. Julio Lafuente izan zen ekitaldiaren buru, eta errektorearekin batera izan ziren ekitaldian Paloma Vírseda Ikasleen Gaietarako eta Enpleguko errektoreordea, unibertsitateko sei fakultateetako eta eskoletako zuzendaritza-taldeetako ordezkariak eta Ikasleen Kontseiluko burua. NUPek ikasleen curriculum praktiketarako hitzarmenak ditu 800dik gora erakunderekin. Erakunde horien artean daude enpresak, sindikatuak, erakunde publikoak, gobernuz kanpoko erakundeak edo irakaskuntza zentroak.
Kanpoko irakaskuntza praktikak unibertsitateko ikasleek egiten duten prestakuntza jardueretako bat dira. Jarduera hori Unibertsitateak ikuskatzen eta, beharrezkoa bada, ebaluatzen du. Bere helburua da ikasleek aplika eta osa ditzaten prestakuntza akademikoan lortu dituzten ezagutzak, jardun profesionala erraztuko dieten gaitasunak eskuratzeko eta enplegua lortzeko aukera emanez, eta bakoitzaren ekintzailetasuna sustatzeko.
Curriculum praktikak titulazio bakoitzeko ikasketa planeko prestakuntza jarduerak dira, eta jarduera horiek egiteko unibertsitateak hezkuntza-lankidetzako hitzarmenak izenpetu behar ditu erakunde laguntzaileekin. Esaterako, enpresekin, eta erakunde eta entitate publiko eta pribatuekin.
Atzo egin zen ekitaldiaren bidez, enpresa eta erakunde horiek ikasleen prestakuntzan egiten duten lana aitortu nahi izan du unibertsitateak. Praktika horien bidez ikasturte batean beren ezagutzak praktikara eramateko aukera dute ikasleek. Julio Lafuente eta Paloma Vírsedak erakunde horiei eskerrak eman zizkieten egiten duten lanagatik, eta fakultateetako eta eskoletako ordezkariek ere hitz egin zuten beraiek egiten duten lanari buruzko azalpenak emateko.
Honako hauek hitz egin zuten: Eduardo Lacasta Zabalza Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateko dekanoak; Pablo Arocena Garro Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekanoak; Alberto Enrique Martín Nekazaritzako Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko zuzendariak; Rafael J. Rodríguez Trías Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko zuzendariak; Paloma Torre Hernández Osasun Ikasketen Fakultateko dekanoak; Margarita Apilluelo Martín Zientzia Juridikoen Fakultateko Lan Harremanetako eta Giza Baliabideetako Graduko Praktiken arduradunak; eta Joel Pérez Urcelay Ikasleen Kontseiluko buruak.