Pablo Branchi, hiri inguruneko proiektuen aholkularitzan eta egituraketan espezializatutako arkitektoak, bere doktoretza tesian bi metodologia tresna garatu ditu ebaluatu ahal izateko hiri bat zenbateraino den adimendun eta jasangarri. NUPen Smart Cities Institutuaren esparruan egin du lana eta, azaltzen duenez, “etxetresna elektrikoen edo eraikinen efizientzia energetikoari dagozkien etiketa ezagunak dauden moduan, teknologiek ere eduki zezaketen etiketa bat beren eraginkortasuna eta efizientzia identifikatzen laguntzeko, hirietan haiek aplikatzerakoan”.
Doktoretza tesiaren izenburua da "Hiria eta teknologia: hiri adimendunen azterketarako metodologia". NUPen Smart City Institutuko bi ikertzailek, Ignacio R. Matías Maestro katedradunak eta Carlos Fernández Valdivielso irakasleak, zuzendu dute, eta Bikain cum laude kalifikazioa erdietsi du.
Ikerketa lanaren abiapuntua izan da smart city edo hiri adimendun bat zer den definitzerakoan dagoen nahasmena. Horregatik, tesiaren egileak hirien eta haiei forma ematen dieten teknologien artean dagoen harreman historikoa aztertu du, eta hiri adimendunak aztertzeko oinarria izan daitekeenaren definizio bat egiten saiatu da. “Analisirako metodologia bat ezartzen saiatu naiz, Smart city ingurunei eragiten dieten elementuak berrikusteko, esaterako, mugikortasuna, efizientzia energetikoa edo bizi kalitatea, betiere kontuan hartuta gizartearen, ekonomiaren eta ingurumenaren jasangarritasuna”.
Gainera, dio hiritarrek daukatela toki berri horiek ezartzeko ahalmena, eta horregatik “beharrezkoa da pertsonek hiri hiperteknifikatu berri hauekin daukaten elkarreragina definitzeko eta optimizatzen lagunduko duen sistema bat zehaztea”.
Tresna baliagarriak
Lanean proposatzen den metodologia tresna TAM deitzen da (ingelesezko Technology Assessment Matrix siglengatik). Beren artean konbinatzen diren adierazle eta aldagaietan oinarritzen da, eta hiri inguruneetan aplikatzen diren teknologia eta sistemak alderatzea, sailkatzea eta kalifikatzea ahalbidetzen du. Horrela, hiri batean aplikatu beharreko irtenbide hoberena hautatzeko ardura daukan hiri-eragileak tresna bat edukiko du aukera emango diona dauden sistemak alderatzeko, eta bere hiritarren beharretara hobekien egokitzen dena hautatzeko. Beste bigarren tresna batekin, Smart City Matrix (SCM), geroago ebaluatu ahal da dauden sistemen konbinazioa, bai planifikatuak bai inplementatuak, Smart City estrategiaren eragin osoa lortzeko hiri ingurune osoan. Era berean, SCMk balio du planifikatzaileek teknologien eta sistemen konbinazio hoberenaren ebaluazioa egin dezaten, eta hiri-kudeaketariek adierazleen, haien ebaluazioaren eta optimizazioaren jarraipena egin dezaten.
Pablo Branchik dioenez, “honek aukera ematen digu zehazteko hiri bat zenbateraino den adimendun eta jasangarri eta, gainera, sistema hoberenak hautatzeko eta kudeatzeko aginte koadro handi moduan balia dezakegu. Horregatik, tresna erabilgarriak dira hiri-garapen berriak diseinatzerakoan edo jada existitzen diren hiriguneak berregitean, edota etorkizunean hiriak gero eta efizienteagoak izan daitezen doikuntzak eta hobekuntzak egiteko”.
Ikerketa egin bitartean, diseinatutako tresnak probatzeko xedez, egiazko kasu ugari aztertu ziren, bai nazioan bai nazioartean, aplikatuta zeudenak eta garapen fasean zeudenak. “Baina, batez ere, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Iruñeko Udalaren artean sinatutako hitzarmenari esker, aukera izan genuen lankidetza estuan jarduteko eta udal honetan planteatutako hogeita hamarretik gora Smart City ekimen eta estrategia osoa ere bai aztertzeko”.
Besteak beste, aztertu ziren sistemak dira App Tu Villavesa App-a, informazioa ematen duena hiribarneko autobusen ibilbideei buruz, hirian free wi-fi edukitzeko aurreikusten diren guneak, jada instalatuta dauden mugikortasun bertikaleko sistema berriak, partekatzeko ibilgailu elektrikoa, hondakinak jasotzeko sistema pneumatikoa edo Pamplona nBici izeneko bizikleta partekatzeko ekimena, guztiak oso puntuazio onekin. Harreman horren ondorioz, eta Udalak harremanean izan duen jarrera aktiboari esker, sartu ahal izan du Hiri Adimendunen Espainiako Sarean, eta ikusi arduradunek honelako kalifikazio eta ebaluazio tresnetan izan dezaketen interesa.
Sistemak aztertzeko proposatu den metodologiak (TAM) ahalbidetu du aztertutako teknologien kalifikazio objektiboak eta alderagarriak lortzea, berdin da zein duten izaera eta konplexutasuna, metodologia honek daukan abantaila delako baliagarria dela bai sistema handietarako bai informatikako aplikazio txikietarako. Era berean, SCMrekin (estrategien analisirako matrizea) "frogatu ahal izan da tresna hauek baliagarriak direla erabakiak hartzeko, aukera ematen baitute atzemateko zein sistemak izango duen eragin handiena hiri ingurune zehatz batean eta bertan bizi diren pertsonengan, eta horrela baliabideen kudeaketa hobea errazten da eta bizi kalitate hobea bermatzen da hirietan.
Pablo Branchi arkitektoa da Universidad de Morón unibertsitatean (Argentina, 1999). Espainiara iritsi ondoren, bi master programa egin ditu Enpresa Kudeaketan eta Gobernu Instituzionalean (IESEn eta Nafarroako Unibertsitatean). Bere ibilbide profesionalean hiri inguruneko proiektu handien garapenean espezializatu da, eta aholkularitza eman du bai Europan bai Latinoamerikan eraikuntzaren, garapen jasangarriaren, hiri berrikuntzaren eta Smart-Citien esparruetan. Nafarroako Unibertsitateko Eraikinen ingurumen kudeaketa masterrean lagundu ohi du. Garapen jasangarriarekin eta teknologia berriekin lotutako hitzaldiak eman ditu hainbat herrialdetan.