

Ezkerretik eskuinera: Antonio López, Gurutze Pérez, Eugenio Gubía, David Astráin eta Pablo Sanchis NUPeko irakasleak, Estonian.
Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin den azterlan batek elektronikako oinarrizko eta kostu txikiko laborategi bat telekomunikazioen laborategi osatu bihurtzeari buruz, “Innovative Materials, Teaching and Learning Experiences in Engineering Education” (Ingeniaritzako Hezkuntzako Material, Irakaskuntza eta Ikaskuntza Esperientzia Berritzaileak) kategorian artikulu hoberenari saria jaso du 6th IEEE Global Education Conference (EDUCON) 6. biltzarrean. Oraintsu Tallinen (Estonia) egin den biltzarra mundu mailan ingeniaritzako irakaskuntzaren arloko gertaera nagusietakotzat hartzen da.
Saritutako artikulua, “Turning a basic electronics lab into a low-cost communication systems lab” izenburukoa, aurkeztu zuen Antonio López Martín egileak. NUPeko katedradun honek elektronika laborategi bateko oinarrizko instrumentazioa ordenagailu batera konektatu du, eta neurketa datuak lortzea eta ordenagailuan komunikazioetarako instrumentazio ekipo garesti eta konplexuak emulatzea ahalbidetzen duen software bat garatu du. Horrela, telekomunikazioetan irakaskuntza esperimentala emateko aukera dago, unibertsitate gehienetan jada badauden ekipo merkeak erabiliz, instrumentaziorako kostu eta ikaskuntzarako denbora gehigarririk gabe.
Antonio Lópezek dioenez, “asmakizuna bereziki erakargarria da Telekomunikazio Ingeniaritzako titulazio batean beharrezkoa den ekipamendu garestia ordaindu ezin duten eta garapen bidean dauden herrialdeetako unibertsitateetarako”. Lanak eragin handia izan du nazioartean, eta softwarea jada transferitu da AEBetako eta Mexikoko unibertsitateetara eta Australiako ikerketa zentro batera.
Egilea lehendik ere munduan ingeniaritzaren hezkuntzan erreferentzia den “IEEE Transactions on Education” aldizkariko artikulu hoberenari saria jaso zuen lehen europarra zen.
Antonio López Martínen profila
Antonio López Martín (Iruñea, 1972) Telekomunikazio ingeniaria (1995) eta doktorea (1999) da NUPen. Irakasle bisitari izan zen New Mexico State University (AEB) unibertsitateko VLSI Lab and NASA Center-en, hamar egonaldi egin baitzituen 1996. urtetik, eta ikertzaile Zuricheko (Suitza) ETH zentroan 1997. urtean. Gaur egun, NUPen katedradun izateaz gainera, Smart Cities Institutuko zuzendariorde eta Komunikazio, Seinaleak eta Mikrouhinak arloko ikerketa taldeko arduraduna da, eta ohorezko irakasle atxikia New Mexico State University unibertsitatean. Era berean, nazioarteko biltzarretan, aldizkarietan eta liburuetan 400 bat argitalpenen egilea da, eta nazioarteko sei patenterena ere bai. Berrogei ikerketa-kontratu eta proiektu baino gehiagotan parte hartu du, eta hamalautan zuzendaria izan da. Nazioarteko sei aldizkaritako argitaratzaile elkartu, hogeita bostetik gora nazioarteko biltzarretako batzorde teknikoko kide, eta nazioko eta nazioarteko zenbait erakundetako proiektuen ebaluatzailea da. Berrikuntza Teknologikorako Talgo Saria jaso zuen 2012an, Urteko Ingeniari Nafarroan 2008an, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Zientzia eta Teknologiaren Gaztea Saria eta Nafarroako Kutxaren Ikerketa Saria 2006an.
Beste ekimen batzuk ingeniaritzako irakaskuntzari buruz
Biltzarrean egon ziren NUPeko TIIGMETeko (Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoa) aurreko zuzendaritza taldeko zenbait kide. Zehazki, Ignacio R. Matías Maestro zuzendari ohia, eta David Astráin Ulibarrena, Eugenio Gubía Villabona, Gurutze Pérez Artieda eta Pablo Sanchis Gúrpide zuzendariorde ohiak, aipatu Antonio López beraz gainera. Horiek, Edurne Barrenechea Tartas eta Daniel Morató Osés aurreko zuzendariorde ohiekin, eta Javier Goicoechea Fernández eta Jesús López Taberna egungo zuzendariordeekin batera, biltzarrean aurkeztutako beste hiru artikuluren egileak dira.
Lehenbizikoak, “Redefining best practices in company internships” izenburukoak, TIIGMETeko enpresa-praktiketan berriki egin den berrantolaketa deskribatzen du, Europako Unibertsitate Eremuko prestakuntza helburuekin bat egitera bideratuak baitaude. Praktika berrien ezaugarria da bideratuago daudela gaitasunak eskuratzera eta ebaluazio orokorrago batera. Lan horretan, 2013-2014 ikasturtean praktika programa berrian parte hartu duten lehen ikasleen emaitzak aztertu dira.
Bigarren lanean, “Design of flexible cost-efficient international engineering curricula at the Public University of Navarre” izenburukoan, TIIGMETek berriki abian jarritako nazioarteko programak deskribatzen dira, ikasleen curriculumaren nazioartekotzea maximizatzea ahalbidetzen baitute, eta, aldi berean, programen kostuak minimizatzea, inbertitutako baliabide ekonomikoen eraginkortasuna optimizatuz. Programa berriek aukera ematen dute TIIGMETeko irakasgaietan ingelesezko irakaskuntzan dabiltzan taldeak hobeki aprobetxatzeko eta nazioarteko mugikortasuneko ekintzak sustatzeko, eta ikasleei beren curriculumean "kalitate zigilua" erdiesteko, sinestamendu bat emanez beren prestakuntzan, nazioarteko lan-inguru batean eskatzen diren gaitasunei eta trebetasunei dagokienez.
Azkenik, hirugarren lanak, “24 Hours of Innovation: a Trans-Pyrenean challenge initiative” izenburukoak, aurkezten du ikasleen artean zeharkako gaitasunak suspertu nahi zituen esperientzia bat eta, oso bereziki, ikasleen berrikuntzarako, sormenerako eta ekintzailetzarako ahalmena, eta talde lanerako eta komunikaziorako dauzkaten trebetasunak. Hainbat titulaziotako espainiar eta frantziar ikasleak bildu zituzten, diziplina anitzetako eta nazioarteko taldeak osatuz, eta 24 orduko denbora muga izanik, enpresetan proposatutako erronka teknologikoei irtenbide sortzaileak eman zitzaten. Gertaera Angelun (Frantzia) egin zen 2014ko azaroaren 5etik 7ra, eta bakoitza zortzi ikasleko hamabost taldek parte hartu zuten bertan (120 gazte guztira). TIIGMETek, NUPeko Industria Ingeniarien Katedraren bidez, Industria eta Telekomunikazio ingeniaritzetako 30 ikaslerekin parte hartu zuen. Bertan izan ziren Bidarteko ESTIA Ingeniaritza Eskola (École Supérieure des Technologies Industrielles Avancées), Angeluko ISA-BTP (Université de Pau et des Pays de l’Adour), eta NUko (Nafarroako Unibertsitatea), Bordeleko ENSAPBX-eko (Université de Bordeaux) eta Tolosako TLSE-ko (Université Toulouse III-Paul Sabatier) arkitektura eskolak. Artikuluan esperientzia hori deskribatzen da eta haren emaitzak aztertzen dira.