Nafarroako Unibertsitate Publikoko Arrosadiko Campusa izan da, lehen aldiz, Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiaren urteko ohiko lehen osoko bilkuraren tokia. Ekitaldi honetan, dagokion bozketa eta gero, hainbat diziplinatako hiru kide berri aukeratu dituzte: Mª Jesús Esteban (Matematika), Francisco Etxebarria (Medikuntza) eta Teresa Catalán (Musika Konposizioa). Horrela, 69 kidek osatzen dute gaur egun Akademia. 2007an sortu zenetik, jakintza-eremu askotako adituak joan dira sartzen Akademian: María Bayo, Inma Shara eta Luis de Pablo, musikan; Bernardo Atxaga eta Mariasun Landa, literaturan; Montxo Armendáriz eta Javier Agirresarobe, zineman; eta Rafael Moneo arkitektoa, besteak beste.
Jakiundeko lehendakaria, Jesús M. Ugalde, osoko bilkurako burua izan da. Bertan izan dira akademiko asko, lurralde eta jakintza-eremu askotarikoak, baita NUPeko errektore Julio Lafuente ere, Jakiundeko kidea baita, Akademiaren lurraldearen eremuko gainerako unibertsitateetako errektoreak ere kideak diren modu berean. Horietako batzuk ere egon dira osoko bilkuran.
Ekitaldi ofiziala izan eta gero, Juan Ignacio Pérezek, UPV/EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoaren Katedrako koordinatzaileak eta Fisiologiako katedradunak, hitzaldi bat eman du: "Lasterka egiteko jaioak".
Ondoren, osoko bilkuran azken akta irakurri eta onetsi da eta kide berriak sartzeko proposamena bozkatu egin da: Mª Jesús Esteban, Francisco Etxebarria eta Teresa Catalán, ospe handiko hiru adituak, Matematikan, Medikuntzan eta Musika Konposizioan, Jakiunderen ikuspegi diziplina anitza aberastera etorri direnak.
Lehendakariak hitza hartu du Akademiaren etorkizuneko proiektuak eztabaidatzeko eta adosteko, gure gizartearen arazoei aurre egiteko asmoz aipatu ikuspegi diziplina anitz horretatik, hain zuzen. Akademiaren helburua da euren jakintza arloetan erreferentziazkoak diren pertsonak bereganatzea, elkarrekin lan egin dezaten, ezagutzaren eta artearen hainbat eremutatik ekarpenak eta gogoetak egin ditzaten.
Orain zazpi urte t'erdi jaio zenetik, Akademiak lortu du instituzionalki finkatzea; Nafarroako Foru Erkidegoaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Gobernuek eta EAEko hiru Aldundiek izaera ofiziala aitortzen diote, komunitate zientifiko, artistiko eta literarioaren, eta are gizarte osoaren erronkarik handienei buruzko gogoetak, analisiak eta diagnostikoak egiteko eta aholkuak emateko balio duen erakundea baita. Jakiunde, beraz, gizartearentzat baliagarria izan nahi duen erakunde eredugarri eta askotarikoa da, inguru konplexu batean bide egokiak aurkitu nahi dituena, bere ekintzen eta aholkuen bidez.
Jakiunde, akademia diziplina anitza eta independentea
Akademia 2007ko urriaren 25ean sortu zen, Eusko Ikaskuntza/Sociedad de Estudios Vascos erakundearen ekimenez, zeinak erabaki baitzuen, euskal hizkuntza eta kultura bizirik dauden unibertsitate guztien laguntzarekin, Akademia bat sortzea zientziak, arteak eta letrak sustatzeko, arreta berezia jarriz kalitatean, eta bikaintasuna lortzeko helburuarekin.
Hainbat jakintza-arlotako 66 kide ospetsuk osatzen dute, Literatura, Zuzenbide, Historia, Antropologia, Zientzia, Enpresa, Zinema, Musika edo Arkitektura bezalako eremuetatik datozenak. Horien artean saridun asko dago: Euskadi Ikerketa Saria, Asturiaseko Printzea Saria, Vianako Printzea Saria eta Eusko Ikaskuntza Sariak irabazitakoak, baita ospe akademiko eta profesional handiko adituak ere.
Akademiak ikerketak, azterketak, txostenak eta irizpenak egiten ditu, garrantzi handikoak, kultura proiektuetan laguntzen du, eta eztabaida zientifikoetan parte hartzen du nazioarteko eta estatuko gune akademikoetan. Gainera ikastaroak, biltzarrak eta jardunaldiak antolatzen ditu, eta proiektuen eduki zientifikoa eta artistikoa definitzen ditu. Zientzien, arteen eta letren ezagutza zabaltzeko asmoz, bi programa dauzka, gazteen prestakuntza hobetzeko eta jakin-mina pizteko: Topaketa eta Jakin-mina. Argibide gehiago: http://www.jakiunde.org/es/index.php