Nafarroako Unibertsitate Publikoko Energia Berriztagarrien Katedrak Energiaren II. Astea antolatu du. Apirilaren 13tik 16ra arte egingo da Sario 04. ikasgelan. Sorkuntza berriztagarriko teknologiak eta sektorean dauden Nafarroako enpresa nagusiak ezagutaraztea da helburua.
Aste horretan, sistema elektrikoaren, eguzki-energia fotovoltaikoaren, energia eolikoaren eta eguzki-energia termoelektrikoaren ezaugarri nagusiak azalduko dituzte energia berriztagarrien esparruan lan egiten duten unibertsitateko irakasleek. Horretaz gainera, NUPeko tituludunak diren eta katedrako kide diren enpresa hauetan lan egiten duten industria-ingeniarien esperientzia profesionalak ezagutuko dira: Acciona Energía, Acciona Windpower, CENER (Energia Berriztagarrien Zentro Nazionala), Ingeteam eta Gamesa.
Energiaren Aste honetan parte hartze berezia izango du, halaber, Klaus Kuhnke irakasleak, Energia Berriztagarrien arloan aitortutako ospea eta ibilbide luzea dauzkan adituak. Kuhnke Fisikan doktorea eta Energia Berriztagarrietan katedraduna da Hochschule Osnabrück-en, Osnabrückeko Zientzia Aplikatuen Unibertsitatean. NUPeko Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak ikasleen trukerako lankidetza hitzarmen bat dauka erakunde horrekin.
Eguzki-energia pasiboarekin, sistema fotovoltaikoekin, energia eolikoarekin eta energiaren kontserbazio, biltegiratze eta kudeaketarekin lotutako proiektuetan lan egiten du Kuhnkek. Horretaz gainera, Alemaniako Nazioarteko Lankidetza Agentziako aholkularia da eta bertan, Botswana, Mexiko edota Indian garatzen ari diren proiektuetan laguntzen du.
Energiaren Astea batez ere unibertsitateko ikasleei dago zuzenduta, eta parte-hartzaileei parte-hartze agiria emango zaie. Jardunaldiaren programa osoa katedraren web-orrialdean dago ikusgai: www.unavarra.es/catedra-energias-renovables.
Energia Berriztagarrien Katedra lankidetza zientifiko-teknologikoaren hitzarmen baten bidez sortu zen. Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta lehen esandako enpresek egin zuten hitzarmen hori. Hitzarmenaren helburua da ikerketa eta irakaskuntza-jardunak elkarrekin egitea, hala nola gradu amaierako proiektuak, master amaierako lanak, doktoretza tesiak, ikastaroak, mintegiak, prestakuntza-jardunaldiak, ikerketa programak eta proiektuak, azterketak, maketak, prototipoak eta ikerketa zein esperimentazio-lanak, edo ikerketa zientifiko eta teknikoko azterketa zehatzak.