Joan eduki nagusira

zoom Luis Barriendo, ezkerrean, eta Julio Lafuente, hitzarmena sinatzen.

Luis Barriendo, ezkerrean, eta Julio Lafuente, hitzarmena sinatzen.

Julio Lafuente López Unibertsitateko errektoreak eta  Luis Barriendo Antoñanzas Nafarroako Rural Kutxako buruak bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmen bat sinatu dute, irakaskuntza, ikerketa eta unibertsitate zabalpeneko programak garatzeko. Hitzarmen horren bidez, Rural Kutxak baliabideak emango dizkio Unibertsitateari mugikortasun beketarako, enpresak sortzeko, Banku eta Finantzetan Aditu tituluaren praktikak egiteko, ekintzaileek bere enpresak sortzeko laguntzetarako, eta Sario eraikinean kultura zientifikoari buruzko erakusketa iraunkor bat egiteko materiala erosteko.

Kontusail handiena ikasleen mugikortasun beketarako erabiliko da. Ikasturte honetan, guztira 270 ikaslek dauzkate laguntza hauek, gehienak Erasmus programaren bidez, eta gainerakoak, Virrey Palafox, Aldebiko Hitzarmenak, Martín de Rada, ISEP USA, ISEP Internacional, eta Erasmus Master programen bidez.

Hitzarmenean mantendu egiten dira, baita ere, Unibertsitate-Gizarte Fundaziorako laguntzak, Banku eta Finantzetan Aditu tituluaren ikasleek praktikak egin bitartean dituzten prestakuntza gastuak ordaintzeko xedez. Joan den ikasturtean, 20 ikaslek eduki zuten Rural Kutxan praktika ordainduak sei hilabetez egiteko aukera.

Programetako beste batean jasotzen da kultura zientifikoari buruzko erakusketa iraunkor baterako beira-arasak erosteko ekarpen ekonomikoa ere bai. Erakusketa honen izena da "Protokalkulagailuak: kalkulurako eskuzko gailuak eta gailu mekanikoak", eta Sario eraikinean ikusgai daude gizakiak III. mendetik XX. mendera arte kalkuluak egiteko erabili dituen berrogeita hamarretik gora gailu, makina, eta hainbat tipologiatako mekanismoak.

Bestalde, Rural Kutxak 2015ean laguntzak emango ditu NUPeko irakasleek eta ikasleek elkarrekin eratzen dituzten enpresak sortzeko, unibertsitatearen eremuan ekintzailetza sustatzeko xedez. Guztira, urte honetan, gutxienez hiru enpresari emango zaio laguntza, eta bakoitzak jasotzen duen esleipena beharren araberakoa izango da.

Era berean, hitzarmenean jasotzen da Nafarroako Unibertsitate Publikoak Nafarroako Rural Kutxa bere finantza erakunde lehenetsitakotzat joko duela eta hala jardungo duela berarekin bere funtsen ohiko mugimenduak egiteko: matrikulak, nominak, altxortegia, transferentziak, etab. Ildo honetan, produktuak eta zerbitzuen eskaintza zehatza egingo die Rural Kutxak Nafarroako Unibertsitate Publikoari eta erakundea osatzen duten estamentuei baldintza, ezaugarri eta tarifa bereziekin.