Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera: Carmen García Olaverri, Lucía Garcés Galdeano eta Emilio Huerta Arribas

Ezkerretik eskuinera: Carmen García Olaverri, Lucía Garcés Galdeano eta Emilio Huerta Arribas

Proiektuaren izenburua hau da: "Nazioarteko azterketa konparatua: enpresa-aurreikuspen osagarria". Emilio Huerta Arribas, Carmen García Olaverri eta Lucía Garcés Galdeano irakasleek prestatu dute eta Mapfre Fundazioaren laguntza-deialdian aukeratu dute duela gutxi. Ikertzaileek nazioarteko azterketa konparatu bat egingo dute. Hau da, erkatuko dituzte, Europar Batasuneko herrialdeetan, enpresei lotutako pentsio planak.

Mapfre /Ignacio H. Ruiz de Larramendi Fundazioak ikerketak laguntzeko egiten duen deialdian 460 proiektu aurkeztu ziren, arlo hauetakoak: osasuna, aurreikuspena, aseguruak eta gizarte-prebisioa. Proiektu horietatik, 50ek finantzaketa edukiko dute. Emilio Huerta irakaslea Enpresen Kudeaketako Saileko katedraduna da. Sail horretan egiten du lan, baita ere, Lucía Garcés ikertzaileak. Bere aldetik, Carmen García Olaverri Estatistika eta Ikerketa Operatiboko Saileko katedraduna da.

Carmen García Olaverrik azaldu digunez, enpleguaren pentsio planak pentsio publikoak osatzeko eskaintzen dira, baina aldi berean berezitasunak ezartzeko tresnak dira, enpresa berrikuntza-zaleenek erabiltzen dituztenak beren giza-baliabideen kudeaketan. Europar Batasunean, gizarte-prebisioaren sistemak askotarikoak dira, tipologiari, sarrera-mailari, funtsetan ezarritako aktiboei edo herrialdeko BPGn egiten duten pisu erlatiboari dagokienez.

Horrela, pentsio-sistema publikoaz aparte, beste hainbat sistema osagarri diseinatu da, esaterako enpresaren gizarte-prebisioaren enpleguaren pentsio planak, edo norbanakoen pentsio planak. "Euren arteko ezberdintasun nagusia da pentsio sistema publikoa banaketa-sistema batean oinarritzen den bitartean, beste bi sistemak norbanakoaren kapitalizazio sistema batean oinarritzen direla". Beste ezberdintasun handi bat da sistema hauen derrigorrezkotasuna edo borondatezkotasuna; norbanakoenak borondatezkoak dira, eta enpresari lotutako planak borondatezkoak dira herrialde gehienetan, baina kasu batzuetan derrigorrezkoak dira.

Azterketa konparatiboa

Zenbait herrialdetan prebisio-sistema pribatuak kontratatzea derrigorrezkoa denez, nazioarteko konparaketa egitea ez da batere erraza. Espainian, beste hainbat herrialdetan bezala, pentsioen berrezartze-tasa handia da, eta prebisio sistema pribatuen kontratazioa borondatezkoa da. "Nazioarteko azterketa konparatua ikuspegi hirukoitz batetik egingo da: plan hauen onuradunak diren langileen ikuspegitik; prebisio-tresna hau eskaintzen duten enpresen ikuspegitik eta herrialde bakoitzaren ekonomia, lan eta gizarte makromagnitudeen ikuspegitik".

Proiektua betetzeko urtebeteko epea dago. Hiru ikuspegietatik egindako azterketak Europako enpresa mailako prebisio osagarriaren sistemari buruzko erretratua emango du. Espainiak bere inguruko herrialdeekin dituen antzekotasunak eta ezberdintasunak atzeman nahi dituzte; zer enpresa ari diren tresna hauek eskaintzen identifikatuko dute, eta ikusiko dute gizarte-prebisioaren osagarri honek nola eragiten dion langileen asetasun-mailari.