Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2015 urtean ikastegietan eta sailetan lankidetza bekak lortzeko eskabideak aurkezteko epea ireki du. Guztira 85 beka emango dira, eta horietatik 10 unibertsitateko ikasketen jarraipena arriskuan jartzen duen zailtasun ekonomikoko egoeran dauden ikasleek beteko dituzte. Interesa duten ikasleek otsailaren 20ra arte dute epea lankidetza proiektu bat aurkezteko ikastegi edo sailetako batean. Eskabidea eta gainerako dokumentazioa Iruñeko eta Tuterako campusetako erregistroetan aurkeztu behar da otsailaren 23tik 27ra bitartean.

NUPeko lankidetza beken helburua da ikasleen prestakuntza handiagotzea, bakoitza ikasten ari den ikasketen eremuaren barruan, eta profesional eta ikertzaile bezala daukan etorkizuna bideratzen erraztea.  Beka bakoitzaren diru-kopurua 175 euro da, eta beka jasotzen dutenek astean bederatzi ordu sartu beharko dituzte aurtengo martxoaren 16tik  ekainaren 15era. 2015-16 ikasturtean beren ikasketetan jarraituko duten ikasleek, Gradu Amaierako Lana, Ikasketen Amaierako Lana edo Masterraren Amaierako Lana matrikulatzeko besterik ez duten ikasleak barne, beka bi hilabete gehiagotan edukiko dute, urriaren 1etik azaroaren 30era, hain zuzen ere.

Laguntza mota hauek 2014-2015 ikasturtean Nafarroako Unibertsitate Publikoko Lehen eta Bigarren Zikloetako, Graduko edo Masterreko ikasketa ofizialak egiten dituzten ikasleei zuzenduta daude. Deialdi honetan parte hartzeko, oinarriek ezartzen dute beharrezkoa dela izangaiei 120 kreditu baino gutxiago falta izatea beren ikasketak bukatzeko, gradu amaierako lanaren kredituak ere barne. 

Eskatzaile guztiek proiektu bat aurkeztu beharko dute, eta bertan aukeratu duten ikastegian edo sailean egingo diren lanak, arduraldia, eta bekadun diren aldetik egingo dituzten zereginak zehaztuko dira. Proiektu honek tutore-lanak egingo dituen irakasle baten bermea eduki behar du, eta eskatzailea egiten ari den titulazioko enborreko edo nahitaezko irakasgairen bati buruzkoa izango da.

Balioesteko irizpideak

Hautaketa egiterakoan kontuan hartuko dira proiektuaren izaera berritzailea, garatuko den ikastegi edo sailean duen aplikazioa, lankidetza edo ikerketa proiektu berrietan lanarekin jarraitzeko aukera, teknologia berriak sartzea eta ikasketa espedientea. Behar ekonomikoak dituzten ikasleentzat gordetzen diren postuen kasuan, aurreikusi da Gizarte Ekintzarako Unitateak egoera justifikatzeko aurkezten den dokumentazioa balioets dezan, gehienez ere sei punturekin.

Beka orokorretarako onartuen behin-behineko zerrenda heldu den martxoaren 6an jarriko da NUPeko iragarki-oholetan eta webgunean. Martxoaren 9, 10 eta 11n erreklamazioak aurkeztuko dira, eta hilabete bereko 13an behin betiko zerrenda argitaratuko da. Zailtasun ekonomikoan dauden ikasleen hautaketen emaitzak pertsonalki jakinaraziko zaizkie posta elektronikoaren bidez.