Joan eduki nagusira

zoom Hasteko saiora bertaratutakoen irudi bat.

Hasteko saiora bertaratutakoen irudi bat.

Berrogeita hamar bat lagun bildu dira asteazken honetan, urtarrilaren 28an, Nafarroako Unibertsitate Publikoan egiten ari diren Nafarroako Jatorrizko Deiturako Mahastizaintza eta ardogintzari buruzko I. Jardunaldien lehen saioan. Hitzaldia egin du Fernando Zamora Marín Tarragonako Rovira i Virgili Unibertsitateko Enologia Fakultateko Biokimika eta Bioteknologia Saileko katedradunak. “Mahats beltzaren beratzea; erauzketa selektiboaren artea” izenburuko saioa Olibondoak eraikineko Gradu Aretoan egin da, eta Alberto Enrique Nekazaritzako Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko zuzendariak eta Jordi Vidal Nafarroako J.D. Batzorde Arautzailearen kudeatzaileak aurkeztu dute.

zoom Ezkerretik eskuinera, Jordi Vidal, Fernando Zamora eta Alberto Enrique, jardunaldiaren aurkezpen ekitaldian

Ezkerretik eskuinera, Jordi Vidal, Fernando Zamora eta Alberto Enrique, jardunaldiaren aurkezpen ekitaldian

Jardunaldi hauek, Nafarroako Gobernuaren  Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioarekin eta J.D. Batzorde Arautzailearekin lankidetzan antolatu dira, eta xede nagusi dute esperientzien trukaketa eta prestakuntza hiru esparrutan: enpresa, mahastizaintza eta ardogintza eta enologia. Lan ibilbidea ardogintzari lotuta daukaten nazioko aditu hoberenek osatutako talde handi batek emango ditu hitzaldiak. Jardunaldiaren programa osoa ikusgai dago NUPen webgunean.

Guztira hamaika saio programatu dira 2015 urte osorako, eta horietan zenbait ikertzaile, enologo, mahastizain eta enpresaburuk ardoaren sektoreari buruz daukaten ikuspegia erakutsiko dute.  Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko instalazioetan egingo dira jardunaldiak, Arrosadiko campusean, eta horrek NUPeko ikasleei aukera ematen die sektore honi buruzko argibide eguneratuak ezagutzeko, profesionalen bidez.  Gainera, saioetako lau NIGMETek urtero ikasleen artean sustatzen dituen jardueren programaren barnean eskainiko dira, ikasleek aukera izan dezaten nekazaritzako elikagaien sektorearekin lotutako gai interesgarriei buruzko hitzaldietara joateko.

Topaketa hauek zuzenduta daude, halaber, hauei guztiei: kudeatzaile, produkzio buru, merkaturatze buru, marketin buru, enologo, arloko arduradun, teknikari eta interesa duten guztiei.   Saioak goizeko 10:00etatik 13:30era egingo dira. Saio bakoitzaren prezioa 40 euro da, eta programa osoarena 400 euro.  % 50eko beherapena egingo zaie Nafarroako Jatorrizko Deiturako Kontseilu Arautzailean izena emana duten upeltegietan lan egiten duten ardogile eta profesionalei, eta NUPeko komunitateko kideei.  Oraindik bete gabeko postuak daude ikastaro honetan parte hartzeko eta aukera dago inskripzioak egiteko info@navarrawine.com emailaren bidez, edo 948741812 telefonoaren bidez .

Jardunaldien bigarren saioa heldu den urtarrilaren 11n egingo da eta hautatu den gaia mendialdeko mahastizaintza jasangarria da. Saioa zuzenduko du Josep Lluis Pérez, mahastizaintzako irakasle eta Mas Martinet upeltegiko jabeak.