Cristina Zoco Zabala, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Konstituzio Zuzenbidearen irakaslea da, eta epaileen esku-hartzea komunikazioetan aztertzen duen liburu bat argitaratu du, agertoki teknologiko berriak eta gobernu zentrala martxan jartzen ari den lege-erreformak kontuan hartuz. Liburuaren izenburua “La intervención judicial de las comunicaciones ¿privadas?” da, eta Thomson Reuters Aranzadi argitalatxeak argitaratu du, “Cuadernos Aranzadi del Tribunal Constitucional” bildumaren barruan.
Liburua Mariano Rajoyren gobernuak bultzatu duen Prozedura Kriminalaren Legearen erreformarekin batera atera da. Erreforma honen helburuetako bat da Konstituzioko 18.3 artikuluak biltzen duen oinarrizko eskubidea murrizten duen epaileen esku-hartzea arautzea; zehazki, epaileek komunikazioetan esku-hartzeko irizpideak arautzea. Oinarrizko eskubide honek komunikazioak, batez ere postaren, telegrafiaren eta telefonoaren bidezkoak, sekretuak izatea bermatzen du, ez bada epailearen ebazpen batek sekretua ukatzen duela. Izan ere, aste honetan bertan Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren osoko bilkurak Prozedura Kriminalaren Legearen erreformari buruzko txosten bat onetsi du. Txosten honetan kritikatzen da komunikazioetan epailearen aldez aurretiko baimenik gabe esku-hartzeko proposamena.
Komunikazioetan esku-hartzeko kasuen ugaritzea eta beharrezkoa den arautzea komunikazio-teknologien bilakaerarekin eta beren etengabeko aldaketarekin gertatu da, gainera. Telefonoen bidezko solasaldietatik edo postaren bidezko komunikazioetatik beste komunikazio modu batzuetara pasatu gara: posta elektronikoa, euskarri informatikoaren edo sakelako telefonoaren bidezko txatak eta abar.
Agertoki teknologiko berriak
Lanaren helburua bikoitza da. Alde batetik, epaileek agertoki teknologiko berrietako komunikazioetan (hodeiko konputazioa, sakelakoak, ordenagailuak) egiten dituzten esku-hartzeak aztertzen ditu, bereizteko sekretuaren oinarrizko eskubidea epaileen esku-hartzeak urratu ditzakeen beste hainbat eskubidetatik: intimitatearena, norberaren datuen babesarena, edo eta norberaren etxearen bortxaezintasunarena.
Beste alde batetik, Konstituzioko aipatu artikuluaren babesa komunikazio modu guztietan (elektronikoa, telefonikoa, postaren bidezkoa, telegrafikoa, edo fax edo burofaxen bidezkoa) betetzen dela egiaztatu nahi du, baita esku-hartzeko kasu berezietan ere (enpresa, espetxea, inteligentzia zerbitzuen esku-hartzea, eta eskubide hau etetea eta haren bermea salbuespen egoeretan).
Lan honetan bereizten dira komunikazioetako esku-hartzeak (komunikazioetan norbaitek esku-hartzea, baliabide tekniko baten bidez) eta solasaldien esku-hartzeak (norbaiten solasaldiak grabatzea baliabide teknikorik gabe, intimitatea bortxatzen duena, borondatearen aurka bada). Alde horretatik, komunikazioen sekretuaren eskubidea beste hainbat eskubidetatik (intimitatearena edo norberaren datuen babesarena, esaterako) autonomo dela esaten du. Beraz, Cristina Zocoren iritziz, komunikazioen sekretua edo intimitatea urratzen dira ordenagailu eta edo sakelako bat jabearen baimenik gabe erabiltzen direnean, edo interneteko "hodeiko" datuak eskuratzen direnean.
Halaber, lanak aztertzen du epaileek komunikazioetan esku-hartzeko erabili behar dituzten irizpideen gainean dagoen lege-arautze eskasa, horiek direnean Konstituzioko 18.3 artikuluaren interpretazio murriztaile baten bermea, eta komunikazio-motak sailkatzen ditu: telefonikoa, fax edo burofaxen bidezkoa, elektronikoa, postaren bidezkoa eta telegrafikoa. Azkenik, liburuak gogoeta egiten du legeei buruz eta kasu berezietan egon litezkeen hobekuntzei buruz: presoen komunikazioen esku-hartzea, enpresan esku-hartzea, inteligentzia zerbitzuek egiten dutena, edo eta komunikazioetan esku-hartzea salbuespen egoeretan.
Egilearen curriculuma
Oinarrizko eskubideak eta estatuaren lurralde antolaketa dira Cristina Zocoren ikerketaren ardatzak. Oinarrizko eskubideei dagokienez, ekarpenak egin ditu legearen aurreko berdintasunaren exijentziaz, sexuaren araberako bazterkeriaren ikuspuntutik eta arauak aplikatzearen ikuspuntutik. Lurralde antolaketari dagokionez, ekarpenak egin ditu erregionalismoaz eta Europako toki-autonomiaz, Espainakoarekin alderatuz, eta ikerketa egonaldiak egin ditu hainbat unibertsitatetan (Parisko Pantheon Sorbonne Uniberstitatea, Firenzeko European University Institute, Bordeleko Montesquieu Unibertsitatea, Pabeko eas Pays de l’Adour Unibertsitatea, Lovainako Unibertsitate Katolikoa eta Tolosako Giza eta Gizarte ZIentzien Unibertsitatea).