Paz Francés Lecumberri Zuzenbidean lizentziaduna da NUPen eta Kriminologian lizentziaduna Bartzelonako Unibertsitatean, eta bere doktoretza tesian Zigor Kodearen 290. artikulua aztertu du, urteko kontuak eta sozietateen egoera juridikoa eta ekonomikoa adierazten duten beste dokumentu batzuk faltsutzeari buruzkoa. "Ikerketarako gai hau hautatu nuen sozietateetan gertatzen diren portaerek daukaten izugarrizko gaurkotasunagatik, sozietateen esparruan eta merkatuan parte hartzen duten eragileak kalte ditzaketenak: kideak, langileak, sozietatea bera eta komunitatea orokorrean, azken batean, sozietatearen ehunak kolektibitate osoaren interesei eragiten baitie", dio tesiaren egileak.
Tesiaren izenburua da “Kontuak eta bestelako sozietate dokumentuak faltsutzearen zigor tratamendua (zigor kodearen 290. artikulua)”; Leongo Unibertsitateko Miguel Díaz y García Conlledo Zigor Zuzenbideko katedradunak zuzendu du, eta Bikain cum laude kalifikazioa erdietsi du, Nazioarteko Doktore aipamenarekin.
Delitu sozietarioak zigor kodean sartu ziren 1995. urtean, enpresetan ikusten hasi ziren harreman berriei eta horietan eta haietatik kanpo agerian geratzen ari ziren arriskuei erantzuteko xedez. Ordutik, delitu horiek ez dira aldatu, haietako asko oso kritikatuak izan badira ere.
Lan honetan delitu-figura hau eta aginduak haren interpretazioan agertzen dituen zailtasunak aztertu dira. "Arreta berezia jarri dut "kontabilitate sortzailea" deitzen den hori Zigor Kodearen 290. artikuluan egokitzeko, sorrarazten duen problematika espezifikoagatik eta horren inguruan sortutako eztabaidagatik".
Itxurazko kontabilitate sortzailea
Egilearen abiapuntua da kontabilitate sortzailea araudiak ematen dituen aukera multzo bat dela (Kontabilitateko Plan Orokorra, zehazki), betiere kontabilitate-egintzak hobeki errepresentatzeko tresna moduan erabiltzen bada. "Hala, baztertu egin dira "kontabilitate sortzailea"ren balizko tresna moduan fakturak sortzearen edo sozietatearen egintzak sortzearen praktikak, eta lan honetan "itxurazko kontabilitate sortzailea" izena eman diegu halakoei".
Paz Francések egindako proposamena izan da kontuan hartu duela "modua izango dela erabakitzeko urteko kontu batzuetan adierazitako egintzak ez datozela egiarekin bat egintzen narrazioan, kontabilitate praktika zehatz batzuk erabili ondoren eta kudeaketa txostenean eta oroitidazkian teknika horiek hautatzeko irizpideak azaldu ondoren, motibazioa ez datorrenean bat errealitatearekin, ez baita egokitzen arrazoizkoa denaren arabera". Balioespen hau egingo da onarpen sozialaren irizpidearen arabera edo, lanean ematen zaion izenarekin esanda, onartzen denaren irizpidea administrazio edo kudeaketa zuzenaren esparru zehatzean, gezur bat atzemateko edo ez aukera emango diguna.
Paz Francés Lecumberri Zuzenbidean doktorea da nazioarteko aipamenarekin Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta instituzio honetan Zuzenbide Penaleko irakasle laguntzailea da. Zuzenbidean lizentziaduna da NUPen (2005) "Aparteko Saria" azken kalifikazioarekin, eta Kriminologia lizentziaduna Bartzelonako Unibertsitatean (2010).
Hainbat ikerketa egonaldi egin ditu Institut für Strafrechtswissenschaften, Rechtphilosophie und Rechtinformatik. Universitat Ledwig- Maximiliams unibertsitatean (Munich, Alemania), Università degli Studi di Modena e Reggio Emilia unibertsitatean (Modena, Italia), Universidad de Bologna (Italia) unibertsitatean eta Universidad de EAFIT y Antioquia unibertsitatean (Medellín, Colombia). Halaber, argitalpen eta itzulpen ugariren egilea da eta parte hartu izan du hainbat biltzar eta mintegitan honako ikerketa lerro hauei buruz: delitu ekonomikoak, delitu sozietarioak, segurtasun neurriak eta inputaezinak, berrezarpen justizia eta zigor bitartekaritza, adingabeen zigor zuzenbidea, buru-gaixoak eta espetxea, emakumeak eta espetxea, eta zigor abolizionismoa.
Gainera, preso daudenak eta haien familiak defenditzen dituen Salhaketa elkartearen kidea da, eta ANAME Nafarroako Bitartekaritza Elkartearen kidea ere bada.