Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Joaquín Mencos, Eloísa Ramírez eta Alejandro Torres

Ezkerretik eskuinera, Joaquín Mencos, Eloísa Ramírez eta Alejandro Torres

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Giza Eskubideak sustatzeko Jaime Brunet Nazioarteko Sariko epaimahaiak erabaki du 2014ko saria Gervasio Sánchez Fernández kazetari eta argazkilariari ematea, bere lanarekin "XX. mendeko azken hamarkadetako eta XXI. mendeko hasierako gatazka belikorik garrantzitsuenen errealitatearen ankerkeriaren" lekukotza eman duelako. Saria 36.000 eurokoa da.

Saria irabazi duen pertsonaren izena gaur, abenduaren 10ean, asteazkenean, jakinarazi da ekitaldi batean, gaur baita Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna. Ekitaldian Joaquín Mencos Doussinague, epaimahaiko burua eta Brunet Fundazioaren buruordea, Eloisa Ramírez, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitate Proiekziorako errektoreordea, eta Alejandro Torres Gutiérrez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Konstituzio Zuzenbideko katedraduna eta epaimahaiko idazkaria, izan dira.

Nazioarteko sariaren epaimahaiak nabarmendu du Gervasio Sánchezen lanak, "botere faktikoetatik erabateko independentziarekin" egindakoak, "gizakiak gerran erabiltzen duen ankerkeria" erakusten duela, baina ez hori bakarrik, "arrazoirik gabe biktima direnen giza eskubideen urraketa ere salatzen baitu, baita armak fabrikatzen dituzten herrialdeentzat zer nolako negozioa den ere".

Gainera, epaimahaiak nabarmendu du haren lan profesionalak, hiru hamarkadetan zehar luzatu denak, jakin duela islatzen "biktimen mina, basakeriatik egindako ibilbide ikaragarri bati esker, eta modu horretan gonbidatzen gaituela gogoeta egitera, salatzera eta kritiko izatera, biktimak duintzeko fede hautsezin batekin, gatazka armatuen errealitatearen aurrean jarriz, eta pertsonaren eta giza eskubideen aldeko kezka piztuz, eta horixe da Jaime Brunet zenaren gizatasuna gidatu zuen espiritu idealista, bihurria eta kosmopolita".

Ibilbide luzeko argazkilaria

Gervasio Sánchezek (Kordoba, 1959) Kazetaritzako lizentziatura eskuratu zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, 1984an. Kazetari eta argazkilaria den aldetik, azken 30 urteetako gatazka beliko gehienetan ibili da, eta horrela, hamabost gerratako lekukoa izan da, esaterako Golkokoa, Jugoslavia zenekokoak, Latinoamerikako zenbait (NIkaragua, El Salvador, Guatemala...), Afrikako batzuk (Ruanda, Sierra Leona...) eta Asiakoak. “El Heraldo de Aragón” eta La Vanguardia” egunkarietan irakurtzen ahal dira haren kronikak, baina beste hainbat komunikabiderekin ere lan egiten du (Cadena SER, BBCko espainierazko zerbitzua, “Tiempo” aldizkaria…).

Gervasio Sánchez Zaragozan bizi da, eta hamabi liburu argitaratu ditu, gatazka belikoei eta haien ondorioei buruz egin dituen erreportaje grafikoen laburpenak biltzeko. Lehena 1994. urtean argitaratu zen: “El cerco de Sarajevo”, 1992ko ekainaren eta 1994ko martxoaren artean gertatu zen Bosniako hiriburuko setioaren lana biltzeko. Azpimarratzekoak dira, baita ere, “Vidas minadas” (1997), Afganistan, Angola eta Kanboia bezala, minarik gehien dituzten herrialdeetako populazio zibilek pairatzen duten pertsonen aurkako minen kalteei buruz; “Kosovo, crónica de la deportación” (1999); “Niños de la guerra” (2000); “La caravana de la muerte: las víctimas de Pinochet” (2001); “Los ojos de la guerra” (2001), hau Manuel Leguinecherekin batera eginda, Sierra Leonan 2.000. urtean erahil zuten Miguel Gil gerra kazetariari egindako omenaldia dena; “Sierra Leona: guerra y paz” (2005), orduan misiolari zebilen Chema Caballerorekin (Premio Brunet 2006) eginda; edo “Desaparecidos” (2011), hiru kontinentetako hamar herrialdetan bortxaz desagerraraziko milaka pertsonei buruz.

Bere ibilbidea, Gervasio Sánchezek hainbat sari irabazi ditu. Horien artean, Argazkigintzako Sari Nazionala (200), Espainiako Erregea Kazetaritzako Nazioarteko Saria (2009), Ortega y Gasset Kazetaritza Saria (2008), Julio Anguita Parrado Kazetaritzako Nazioarteko Saria (2011) edo Cirilo Rodríguez Kazetaritza Saria (1996). Gainera, Zaragozako Seme Kutuna da (1998); Zaragozako Diputazio Probintzialaren Portugaleko Santa Isabelen Urrezko Domina jaso du (1998), Aragoiko Gobernuaren Merezimendu Profesionalaren Dimina (2004), eta 1995ean Andaluziako Kultura Saria irabazi zuen.

Hori guztia gutxi balitz, Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak (Unesco) 1998an Gervasio Sánchez "Unescoren Bakearen aldeko Mezulari Berezi" izendatu zuen.

Fundazioa eta Jaime Brunet Saria

Jaime Brunet Fundazioa Kultura Fundazio pribatua da, gizarte interesa eta izaera iraunkorra dituena, eta bere helburuak dira giza duintasuna, oinarrizko askatasunak eta giza eskubideak errespeta daitezen sustatzea eta, era berean, gizatasunik gabeko egoerak edo tratu iraingarriak errotik kentzea. Fundazioak helburu horietara bideraturiko jarduerak eta balio horien errespetuarekin loturiko azterketak sustatzen ditu.

Zehazki, eta hainbat jardueraren artean, Jaime Brunet Romero sarirako deialdia egiten du, bai zientzia-lan bat, bai literatura lan bat edo ikus-entzunezko lan bat bai giza baliabideen sustapenean nabarmendu den gizabanako edo erakunde baten ibilbidea, saritzeko. Guztira, Fundazioak 1998. urtetik hamabost Jaime Brunet Nazioarteko Sari eman ditu, azkena Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeari.

Jaime Brunet Romero (Baiona, Frantzia, 1926-Donostia, Gipuzkoa, 1992), XVIII. mendean Gipuzkoara etorri zen ekintzaile kataluniarren familia batean jaio zen. Gipuzkoan industria jarduera garrantzitsua egin zuten. Bizi zuen aldiarekin kritikoa zen jarrera liberal eta kritikoarekin hezi zuten. Aitak bideratu zuen Zuzenbide ikasketetara. Jaime Brunet Goitia, bere aita, Alderdi Errepublikanoaren burua eta Udaleko alkateordea izan zen Donostian, non bere aitona eta birraitona alkate izandakoak baitziren lehenago. Valladolideko unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta han irakasle laguntzaile ibili zen aldi batez.

Irakurtzeko zaletasunaz gainera, hizkuntzak ikasteko grina ere bazeukan, eta hizkuntzei esker aise moldatu zen makina bat bidaiatan. Orduko zailtasunak gorabehera, hogeita hamarretik gora herrialdetan ibili zen. Bidaia horietan, aitortzen zuenez, ohartu zen eta ulertu zuen zenbat diskriminazio eta bortizkeria, zenbat gehiegikeri jasanarazten dieten boteretsuek ahulei oraindik ere gure mendean, eta nolako erraztasunarekin urratzen diren egunero gizakiaren oinarrizko eskubideak.

Bere bizitzako azken urteetan, giza eskubideen egoerarekiko sentsibilitatea eta herritarraren askatasunaren defentsa (baita Administrazio publikoaren gehiegikerien aurrean) izan zituen etengabeko kezka. Ondorengo zuzenik izan ez zuenez, eta bidegabekerien aurka oldarrarazten zuten sentimenduek bultzatuta, erabaki zuen bere ondarea oinordetzan uztea, hiltzen zenean bere izena izango zuen fundazio bat sortzeko, eta giza eskubideen alde egindako lanarengatik aitorpena jasotzeko merezimenduak zituztenak saritzeko. Hala bada, Jaime Brunet Romero Fundazioa sortu zen, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan ezarri zen egoitza, testamentuaren bidez jasotako borondateari jarraituz.