Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Eloísa Ramírez errektoreordea, Antonio Pérez Prados katedraduna, Julio Lafuente errektorea eta Ricardo Goñi Leránoz, Rural Kutxakoa.

Ezkerretik eskuinera, Eloísa Ramírez errektoreordea, Antonio Pérez Prados katedraduna, Julio Lafuente errektorea eta Ricardo Goñi Leránoz, Rural Kutxakoa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak astearte honetan inauguratu du "Protokalkulagailuak: eskuzko kalkulurako gailuak eta kalkulurako gailu mekanikoak" izeneko erakusketa. Sario eraikinean ikusgai daude gizakiak III. mendetik XX. mendera arte kalkuluak egiteko erabili dituen berrogeita hamarretik gora gailu, makina, eta hainbat tipologiatako mekanismoak.

Erakusten diren gailu guztiak -zenbait kopiak dira, beste batzuk jatorrizkoak- irakasle baten bilduma partikularrekoak dira, unibertsitateari lagata. Erakusketa zabalik dago heldu den otsailera arte, eta Nafarroako Rural Kutxaren eta Zientziarako eta Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren mendeko (Fecyt) Teknologiarako Espainiako Fundazioaren finantzazioa dauka.

zoom Antonio Pérez Prados beira-arasa bateko edukia azaltzen.

Antonio Pérez Prados beira-arasa bateko edukia azaltzen.

Inaugurazioan egon ziren Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorea, Julio Lafuente López; Unibertsitate Proiekzioko errektoreordea, Eloísa Ramírez Vaquero; Nafarroako Rural Kutxaren Erakundeekiko Harremanetarako zuzendaria, Ricardo Goñi Leránoz; Antonio Pérez Prados NUPeko katedraduna, eta beste agintari akademiko batzuk.

Sario eraikineko sarreran jarrita dauden beira-arasetan ikusten dira historiaren zenbait arotako gailuak. Horrek berresten du kalkuluak egiteko beharra berariazkoa dela gizakiarengan, eta gizakiak antzina-antzinatik ikusi zuela eragiketa konplexuak egiteko ez zuela aski zeuzkan hatzekin, eta horretarako tresna pila bat garatuz joan dela. Horrela, milaka urtetan zehar, gizakiak lehenik abakoak sortu zituen, haien ondotik eskuzko lehen kalkulagailuak iritsi ziren, haien ondotik kalkulagailu mekanikoak, eta azkenik, kalkulagailu elektronikoetara eta ordenagailuetara iritsi gara.

zoom Wolverine Adding kalkulagailua (1939)

Wolverine Adding kalkulagailua (1939)

Kartelek eta adibideak dauzkaten panelek, modu osagarrian, aukera ematen diete bisitariei tresna horien ezagutzan, eta haien historian, funtzionamenduan eta bilakaeran sakontzeko. Beira-arasetan ikusgai daude abako txinatarrak, japoniarrak, errusiarrak, abako nepertarrak eta mekanismo eratorriak, kalkulatzeko erregelak, kalkulu liburuak, mahai gaineko kalkulagailu mekanikoak, hezkuntzarako kalkulagailuak, kontabilitaterako batuketak egiteko gailuak, edo lehenengo gailu elektronikoen adibideak.

Erakusketan daude, esaterako, III. mendeko abako eramangarri erromatar baten kopia, 1986. urteko Macintosh Plus modeloa, Schickarden kalkulagailu mekanikoaren (1623) erreprodukzio bat, “pascalina” aurrekoa, hain zuzen ere, kalkulatzeko lehen gailu mekanikotzat hartu izan dena, Blaise Pascal (1623-1662) frantses matematikari eta filosofo goiztiarrak 19 urte zituela, 1642. urtean sortu zuena.