Ezkerretik eskuinera, Joaquín Mencos, Yolanda Barcina, Carla Haddad Mardini, Julio Lafuente eta Francisco Javier Blázquez
Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak jaso du ostegun honetan, azaroak 6, Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Giza Eskubideak Sustatzeko Jaime Brunet Nazioarteko Saria. Carla Haddad Mardini Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearen Kanpo Baliabideetako Alorraren buruak jaso du saria, eta berarekin izan da Thomas Kolly Suitzaren enbaxadorea Espainian. Saria 36.000 eurokoa da.
Saria emateko ekitaldia Errektoretza eraikineko Jaime Brunet aretoan egin da, eta agintari hauek izan dira ekitaldiaren buru: Julio Lafuente, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorea; Yolanda Barcina, Nafarroako Gobernuko lehendakaria; eta Joaquín Mencos, Jaime Brunet Fundazioko burua.
Saria jaso duen erakundearen ordezkari asko izan dira ekitaldian. Haien artean ziren Manuela Cabero, Espainiako Gurutze Gorriaren lehendakariordea, Mercedes Babé, Espainiako Gurutze Gorriaren Erakundeekiko Harremanetarako zuzendaria, eta Joaquín Mencos, Nafarroako Gurutze Gorriaren lehendakaria.
Francisco Javier Blázquez Jaime Brunet Fundazioko idazkariak irakurri du epaimahaiaren erabakia. Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak gatazka armatuetako biktimak babesteko 150 urtez egin duen "merezimenduzko lan humanitario, independente, neutral eta inpartziala nabarmendu du. Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordea 1863an sortu zen erakunde neutral eta independentea da, gatazka armatuen eta indarkeriazko beste egoera batzuetako biktimak babesten ahalegintzen dena.
Epaimahaiaren erabakiak nabarmentzen du Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak lagundu duela "elkartasun handiago erakusten duen mundu gizatiarrago eta justuagoa" eraikitzen burutu dituen jardueren bidez, hala nola Ginebrako Hitzarmenetan islatzen den Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren sustapen-lana, eta pertsonen aurkako minen eta mordo-bonben erabilera, fabrikazioa eta biltegiratzea debekatzeko hitzarmenak bultzatzekoa.
Beste alde batetik, epaimahaiak azpimarratu du Gurutze Gorriko Nazioarteko Batzordeak indarkeriazko egoeretan atxilotuta dauden pertsonak bisitatzen dituela, "beren duintasuna eta gizatasuna errespeta daitezela zainduz". Honi dagokionez, azpimarratzen du, halaber, erakunde honek populazio zibilaren alde lan egiten duela; gatazka armatuen biktimak eta familiak berriro harremanetan jartzen saiatzen da, atxilotutakoak askatzen saiatzen da, eta haur-soldadurik egon ez dadin lan egiten du.
Carla Haddad Mardinik saria irabazi duela frogatzen duen diploma bat eta Jorge Oteizak Francisco Javier Sáenz de Oiza Arrosadiko Campusaren arkitektoaren omenez egindako eskulturaren erreprodukzio bat jaso ditu. Eskultura hori Ikasgelategiaren eta Liburutegiaren ondoan dago.
Gatazka armatuei buruzko mintegia Zuzenbideko ikasleekin
Carla Haddad Mardinik Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin duen egonaldia baliatu du lan humanitarioari eta gatazka armatuetako erronkei buruzko mintegi bat emateko. Zuzenbideko Graduko ikasleek parte hartu dute mintegian. Ekitaldia 09:30ean egin da Administrazioa eta Kudeaketa eraikineko Batzar-gelan, eta Eloísa Ramírez Unibertsitate Proiekzioko errektoreordeak egin du aurkezpena.
Carla Haddad Mardinik Suitzako eta Libanoko herritartasuna du. Filosofia eta Politika Zientzietan lizentziaduna da Beiruteko Unibertsitate Amerikarrean, Literatura Konparatuan masterra Dartmoutheko (AEB) eta Nazioarteko Bitartekaritzan eta Gatazken Konponbidean oinarritutako Nazioarteko Harremanetan masterra Tuftseko (AEB) Unibertsitateko Zuzenbide eta Diplomaziako Fletcher Eskolan. Gurutze Gorriko hainbat kargu izan ditu Erdialdeko Ekialdean eta Afrikan, eta, aurtengo apiriletik aurrera, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeko Kanpo Baliabideetako Alorraren burua da Ginebran (Suitza). Saria emateko ekitaldia egin baino lehen, Carla Haddad Mardinik eta Thomas Kolly Suitzaren enbaxadoreak Espainian Nafarroako Unibertsitate Publikoaren urrezko liburua sinatu dute, Julio Lafuente errektorearen aurrean.
Fundazioa eta Jaime Brunet Saria
Jaime Brunet Fundazioa Kultura Fundazio pribatua da, gizarte interesa eta izaera iraunkorra dituena, eta bere helburuak dira giza duintasuna, oinarrizko askatasunak eta giza eskubideak errespeta daitezen sustatzea eta, era berean, gizatasunik gabeko egoerak edo tratu iraingarriak ezabatzea. Fundazioak helburu horietara bideraturiko jarduerak eta balio horien errespetuarekin loturiko azterketak sustatzen ditu.
Zehazki, eta hainbat jardueraren artean, Jaime Brunet Romero sarirako deialdia egiten du, bai zientzia-lan bat, bai literatura lan bat edo ikus-entzunezko lan bat bai giza baliabideen sustapenean nabarmendu den gizabanako edo erakunde baten ibilbidea, saritzeko. Guztira, fundazioak Jaime Brunet Nazioarteko hamahiru Sari eman ditu, 1998. urteaz geroztik. Azkena, Nazioarteko Bake Brigadak GKEari.
Jaime Brunet Romero Baionan (Frantzia) jaio zen 1926ko uztailaren 20an, eta 1992ko urtarrilaren 4an zendu zen Donostian (Gipuzkoa). XVIII. mendean Gipuzkoara etorritako kataluniar ekintzaileen familia batean jaio zen (han garatu zuten industria jarduera garrantzitsua), eta ideia liberaletan eta bere garaiarekiko ikusmolde kritikoan hezi zuten. Aitak bideratu zuen Zuzenbide ikasketetara. Jaime Brunet Goitia, bere aita, alderdi errepublikanoaren burua eta Udaleko alkateordea izan zen Donostian, non bere aitona eta birraitona alkate izandakoak baitziren lehenago. Valladolideko unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta han irakasle laguntzaile ibili zen aldi batez.
Irakurtzeko zaletasunaz gainera, hizkuntzak ikasteko grina ere bazeukan, eta hizkuntzei esker aise moldatu zen makina bat bidaiatan. Orduko zailtasunak gorabehera, hogeita hamarretik gora herrialdetan ibili zen. Bidaia horietan, aitortzen zuenez, ohartu zen eta ulertu zuen zenbat diskriminazio eta bortizkeria, zenbat gehiegikeri jasanarazten dieten boteretsuek ahulei oraindik ere gure mendean, eta nolako erraztasunarekin urratzen diren egunero gizakiaren oinarrizko eskubideak.
Bere bizitzako azken urteetan, giza eskubideen egoerarekiko sentsibilitatea eta herritarraren askatasunaren defentsa (baita Administrazio publikoaren gehiegikerien aurrean) izan zituen etengabeko kezka. Ondorengo zuzenik izan ez zuenez, eta bidegabekerien aurka oldarrarazten zuten sentimenduek bultzatuta, erabaki zuen bere ondarea oinordetzan uztea, hiltzen zenean bere izena izango zuen fundazio bat sortzeko, eta giza eskubideen alde egindako lanarengatik aitorpena jasotzeko merezimenduak zituztenak saritzeko. Hala bada, Jaime Brunet Romero Fundazioa sortu zen, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan ezarri zen egoitza, testamentuaren bidez jasotako borondateari jarraituz.