Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Belén Hernández, Alberto Enrique, Fernando Beroiz eta Maite Muruzábal aurkezpenean

Ezkerretik eskuinera, Belén Hernández, Alberto Enrique, Fernando Beroiz eta Maite Muruzábal aurkezpenean

Nafarroako Unibertsitate Publikoko AN Katedrak, asteazken honetan, urriaren 1ean, bere prestakuntza eta ikerketa planak aurkeztu dizkie NIGMET Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko ikasleei. Olibondoak eraikineko Gradu Aretoan egin den ekitaldian egon dira berrogeita hamarretik gora ikasle, Alberto Enrique Eskolako zuzendaria, Maite Muruzábal Grupo AN Fundazioaren zuzendaria, Belén Hernández Grupo AN fundazioko Giza Baliabideen zuzendaria, eta Fernando Beroiz Grupo AN fundazioko Komunikazio zuzendaria.

AN Katedra joan den martxoan sortu zen Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Grupo Cooperativo AN Fundazioak sinatutako hitzarmen baten bidez. Xedea da bi erakundeen arteko lankidetza garatzea eta ezagutza sortzea nekazaritzaren esparruan, nekazaritzako industriaren esparruan eta esparru kooperatiboan. Hitzarmenak bi urteko iraupena dauka, eta hainbat jarduera jasotzen ditu, ikerketa aurreratua sustatzeko eta unibertsitateko ikasleen eta enpresa sektore honetako profesionalen prestakuntza praktikorako.

zoom Ikasle talde bat, hitzaldian

Ikasle talde bat, hitzaldian

Alberto Enriquek eman dio hasiera ekitaldiari, zeinak AN Katedraren helburuak azaldu baititu. Ondoren, ANko ordezkariek taldearen ezaugarri nagusiak eman dituzte ezagutzera. Jardunaldia amaitzeko, bideo bat ikusi eta ikasleen galdera txanda bat egin da.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Grupo AN Katedraren helburua da ezagutzaren sorrera sustatzea bi erakundeentzat interes komunekoak diren esparruetan, bai eta baterako jarduerak garatzea ere ikerketa, bestetaratze, dibulgazio eta prestakuntza arloetan. Ildo honetan, baterako ikerketa lerroak garatuko dira, doktoretza-tesiak egingo dira enpresarekin lankidetzan, adituen nazioko eta nazioarteko topaketak sustatuko dira eta sektoreko enpresentzat korapilatsuak diren ingurumen eta iraunkortasun arloko gaiak ikertuko dira.

Hitzarmenak hezkuntza-lankidetza ere sustatu nahi du, Grupo ANren beharretara egokitutako profesionalak prestatzeko beken (doktoretza aurrekoak eta ondokoak) eta prestakuntza plan espezifikoen bidez. Hori guztia dibulgazio jarduerekin osatuko da jardunaldien, gertakizun zientifikoen sustapenaren eta interes komuneko gaiei buruzko argitalpenen bidez.