Nafarroako Unibertsitate Publikoak udako zortzi ikastaro egingo ditu foru erkidegoko lau herritan: Lizarra, Garde (Erronkari), Iruñea eta Zizur Nagusia. Monografiko hauetan gai hauek jorratzen dira: Palestinaren eta Israelen arteko gatazka, oihaneko biomasa energia-iturri gisa, espektro autistako nahasmenduak, arrazionala denaren eta sortzailea denaren arteko harremana eta uretako teknikak, Lehen Hezkuntzako irakasleentzako prestakuntzaz gainera.
Aipatu ikastaroek erakunde hauen laguntza dute: Lizarra, Garde, Gesalatz, Iruñea eta Zizur Nagusiko Udalak, Nafarroako Gobernua, Sodepaz GKE, Lurreko Ekologiaren Espainiako Elkartea, Smurfit Kappa enpresa eta Henri Lenaerts Fundazioa.
Lau monografiko Nafarroako Unibertsitateen Udako Ikastaroak programari dagozkio. Nafarroako Gobernuak sustatzen du programa. Zehazki, "Palestina/Israel: justizian oinarritutako bake baterako bideen bila" izeneko ikastaroa egingo da irailaren 3 eta 4an Iruñeko Kondestablearen jauregian. Alicia Chicharro Lázarok (NUPeko irakasleak) zuzentzen du ikastaro hori, eta Iruñeko Udalak eta Sodepazek laguntzen dute. Ikastaroan parte hartuko dute, hainbat hizlariren artean, Sahar Francis preso palestinarren abokatuak eta Michel Warschawsky ekintzaile israeldarrak.
Nafarroako Unibertsitateen Udako Ikastaroei dagozkien gainerako hiru ikastaroak Lehen Hezkuntzako irakasleei eta Irakasletzako edo Pedagogiako ikasleei zuzenduak daude, eta NUPeko Arrosadiko Campusean egingo dira. Hala, irailaren 1etik 4ra arte, "Lehen sorospenak, RCP –bihotz-biriketako bizkortzea– eta erreakzio alergikoak direla-eta sortzen diren larrialdietako jarduna" izeneko ikastaroa egingo da; irailaren 2, 4, 9 eta 11n, "Lehen Hezkuntzan softwarea programatzen ikastea problemen ebazpena hobetzeko: Scratch programa " izeneko ikastaroa, Alfredo Pina Calafik (NUPeko irakaslea) eta Gabriel María Rubio Navarrok (Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko atalburua eta NUPeko irakaslea) zuzendua; eta irailaren 5ean, "PBL: proiektuetan oinarritutako ikaskuntza" izeneko ikastaroa.
Hezkuntzarekin lotuta dago, halaber, "Espektro autistako nahasmenduak" ikastaroa, baina garapenaren asaldura horiek osasun eta gizarte ikuspegi batetik ere aztertuko dira. María Jesús Álvarez Urricelqui eta Imelda Buldáin Zozaya NUPeko irakasleek zuzentzen dute monografikoa, eta irailaren 2 eta 3an egingo da Arrosadiko Campusean.
Ikastaroak Nafarroako hainbat herritan
Gainerako udako hiru ikastaroak Nafarroako hainbat herritan egingo dira. Hala, irailaren 1etik 3ra, Gardeko (Erronkari) udaletxeko bilkura aretoan, monografiko hau egingo da: "Oihaneko biomasa energia-iturri iraunkor gisa erabiltzen: ingurumen alderdiak, alderdi teknikoak eta alderdi ekonomikoak. Juan A. Blanco Vacak (NUPeko ikertzailea) zuzentzen du ikastaroa, eta Gardeko Udalak eta Lurreko Ekologiaren Espainiako Elkarteak finantzatzen dute eta Smurfit Kappa enpresak laguntzen du. Energia-iturri horren iraunkortasuna zehazten duten auzi ekologiko, tekniko eta ekonomiko-sozialak aztertuko dituzte hizlariek.
Ana Insausti Serrano (NUPeko irakasleak) zuzentzen du beste ikastaroa, eta Iñaki Domínguez Domínguezek (fisioterapeuta) emango du irailaren 1etik 12ra. Ikastaroaren izenburua “Irakasleen prestakuntza, desgaitasuna dutenentzako uretako terapietan” da. Zizur Nagusiko Kiroldegian egingo da, eta bertako udalak finantzatuko du.
Azkenik, "Arrazionala dena eta sortzailea dena. Ezagutzaren eta ikerketaren eremu komunak" ikastaroa egingo da irailaren 3tik 5era Fray Diego de Estella Kultur Etxean eta Irurren (Gesalatz ibarra), Lizarra eta Gesalatzeko Udalen eta Henri Lenaerts Fundazioaren finantzaketarekin. Ana Aliende Urtasun eta Patricia Plaza Ventura NUPeko irakasleek zuzentzen dute, eta arrazionala denaren eta artistikoa denaren arteko harremana aztertuko ditu monografikoak, aktoreak eta baliabide artistikoak eta zientifikoak ikerketa proiektuekin eta esperimentuekin lotuko dituen zeharkako ikuspegi baten bidez.