Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2014. urteko Ikerketa Taldeen Katalogoa argitaratu du, eta bertan biltzen dira 106 ikerketa talderen osaera, ikerketa-lerro oinarrizkoak eta harremanetarako datuak. 885 ikertzaile ari dira lanean talde horietan. Aurreko urteko erroldari dagokionez, ikertzaile kopurua zertxobait jaitsi da, batez ere, hainbat irakaslek erretiroa hartu dutelako eta kontratu kopurua jaitsi delako, hainbat erakundek sustatutako ikerketa deialdietarako diru-laguntzen murrizketagatik.

Unibertsitatean ikerketa taldeak dira ikerketa egituratzeko eta antolatzeko dauden oinarrizko unitateak. Lau eremu zabaletan egituratzen dira: Ingeniaritza eta Teknologia (26 talde), Oinarrizko Zientziak eta Osasun Zientziak (32 talde), Zientzia Ekonomikoak eta Juridikoak (21 talde) eta Giza eta Gizarte Zientziak (27 talde). Katalogo berrian daude irakasle eta ikertzaileen erretiroagatiko bi baja, eta Ingeniaritza eta Teknologiaren arloan "Sistema dinamikoak eta kontrol sistemak" izeneko talde bat sortu da.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikerketa-politika etengabeko hobekuntzara bideratuta dago, hala oinarrizko ikerketan nola aplikatuan, eta jakintza bestetaratzera bai sektore produktibora bai gizartera. Hori guztia bere ikerketa taldeen ikerketa-jardueraren barneko eta kanpoko ebaluazio jarraitu baten bidez egiaztatzen da.

Denboran zehar izan duen bilakaerari dagokionez, Nafarroako Unibertsitate Publikoak 74 talde zituen 1999an, 2002an 88, 2005ean 98, 2010ean 105, 2012an 111 eta 2013an 107. Halaber, unibertsitatearen ikertzaile kopurua aldatu egin da hamarkada honetan: 1999an 516, 2005ean 882, 2010ean 943, 2011n 893, 2012an 948 eta 2013an 903.
 

Ikerketa Batzordeak urtero egiten dituen datu baseen bidez eguneratzen da katalogoa. Onetsi ondoren, katalogoa argitaratu egiten da unibertsitateko ikertzaile izan daitezkeenengana lehen hurbilketa bat egiteko gida modura balio dezan.

Unibertsitateei buruzko Lege Organikoak xedatzen du ikerketa unibertsitateetako irakasle eta ikertzaileek duten eskubidea eta eginbeharra dela eta, nagusiki, ikerketa-taldeetan, sailetan eta unibertsitateko ikerketa-institutuetan egingo dela.