Ikastaroaren inaugurazioa. Ezkerretik eskuinera, Carmen Cadarso, Julio Lafuente errektorea eta José Antonio Moler
Estatistikaren eta biomedikuntzaren eremuko berrogeita hamarretik gora ikertzaile parte hartzen ari dira atzotik Nafarroako Unibertsitate Publikoan egiten ari diren bioestatistikari buruzko udako ikastaroan. Estatistikaren adar hau bizitzaren zientzietan, esate baterako biologian edo medikuntzan, aztertzen diren arazoez arduratzen da, eta, Carmen Cadarso Suárez andreak azaldu zuenez, bereziki interesgarria da diagnostikoari, pronostikoari eta gaixotasunen arrisku faktoreen bilaketari buruzko kontuei erantzuteko.
Estatistikako Gazte Ikertzaileen III. Biltzarra-Udako Eskola: esperimentu eta bioestatistiken diseinua (JEDE III) atzo inauguratu zen, eta astearte honetan amaituko da “Retos en la investigación bioestadística” mahai-inguruarekin. NUPeko Estatistika eta Ikerketa Operatiboko Saileko DECYL (Datuak, Estatistika, Kalitatea eta Logistika) ikerketa taldeak eta BIOSTATNET Bioestatistikako Sare Nazionalak antolatu dute.
José Antonio Moler Curiel ikastaroaren zuzendarikidea da, eta NUPeko estatistikako irakasle titularra, eta Carmen Cadarso Suárez, berriz, Santiago de Compostelako Unibertsitateko estatistikako katedraduna eta BIOSTATNETeko arduraduna. Biek ikastaro honen edukien berri eman zuten komunikabideen aurrean. Ikastaro horren bidez gazte ikertzaileen parte-hartzea sustatu nahi da. Hori dela-eta, 300 euroko bi sari eta diploma emango zaizkie aurkezpen hoberenei. Horrez gainera, biltzar honetan gonbidatutako sei txosten irakurriko dituzte ibilbide handiko aditu eta ikertzaileek.
Estatistika eta tratamenduak nahieran
Minbiziari, genetikari, epidemiologiari, toxikologiari, transplanteei edo zainketa intentsiboetako unitateei aplikatutako estatistika. Horiek dira ikastaro honetan landuko diren edukietako batzuk, eta bioestatistikak zein jokaleku zabala duen erakusten dute. Carmen Cadarsok aipatu zuenez, “klinikari batek erantzun nahi dituen medikuntzako galdera handi ia guztiak hauek dira: diagnostikoa, pronostikoa eta gaixotasunen arrisku faktoreen bilaketa; faktore aldakorrak izan daitezke (esaterako, pertsona batek erretzen duen, zein arrisku duen gaixotasun kardiobaskularrak edo minbizia izateko) eta faktore aldaezinak, esate baterako adina. Medikuak hori guztia ezagutu nahi du, eta horretarako gauza hoberena eredu matematiko bat da, faktore horiek identifikatuko dituena eta medikuari lagunduko diona".
Horrekin batera, azken hamarkadan, medikuntza pertsonalizatuan aplikatutako bioestatistikan lan egin da, “zein tratamendu dosi eman behar zaion eriari bere ezaugarri berezien arabera, ez baitu dosi bera izan behar gaixotasun bera duten eri guztientzat”. Halaber, estatistika giltzarria den tresna bat da osasun kudeaketari eta osasun publikoari buruzko kontuetarako ere bai (esate baterako, txertoak erosi behar diren edo ez, zein tokik daukaten gaixotasun arrisku handiena eta non dauden gune nagusiak, etab.). “Eta ezin genezake ahantzi auzi etikoa —gehitu du José Antonio Molerrek—. Hainbat diziplinatan, esate baterako ingeniaritzetan, ez luke inolako eraginik izango, baina bioestatistikaz ari bagara, funtsezkoa eta erabakigarria da laginketa egiterakoan”.
Azkenik, aipatu behar da estatistikaren ikasketa eta aplikazio-esparruak ere inflexio-puntu bat izan zuela genomikari esker. “Bioinformatika existitzen da genomikak ahalbidetu zuelako pertsona bakarrarentzat informazio kantitate izugarria sortzea, halako eran non ezustekoa izan baitzen estatistika matematikarientzat erabili behar zen datu kopuru handia: matematika konputazionala”, aipatu du Carmen Cadarsok. Eta testuinguru honetan, big data edo datu kopuru handien erabilera da egun boladan dagoen beste diziplina bat, eta estatistikako adituak beharrezkoak dira datu horiek erabiltzeko.