Nafarroako Unibertsitate Publikoak Babesletza Plan bat jarri du abian, erakunde publikoek ematen dizkioten baliabideez gain baliabide berriak lortzeko helburua duena, Nafarroan erakunde giltzarri gisa egonkortzeko goi mailako irakaskuntza, ikerketa, ezagutzaren transferentzia eta unibertsitate proiekzio eta zabalpenaren eremuan. Unibertsitateak ekimen honen bidez lortzen dituen ekarpenak hiru eremu desberdinetara zuzenduko dira: ikasleei laguntzera zuzendutako gizarte proiektuak; irisgarritasunera hobetzera zuzendutako proiektuak; eta kultura proiektuak. Egingo diren ekarpenei buruzko eta proiektu honetarako ekarpenak egiteko moduari buruzko informazio guztia www.unavarra.es helbidean dago ikusgai.
Nafarroako Unibertsitate Publikoa era aktiboan ari da lanean azken urteetan finantzaketa tresna berriak aplikatzeko arlo honetako arau indardunek araututako aukeren barruan. Alde horretatik, Unibertsitateak plan bat onetsi du. Plan horren xedea da babesleak erakartzea, gizarte eta kultura arloko programei eragin dien egoera ekonomiko honetan unibertsitateak erantzukizun sozialeko konpromisoari eutsi ahal izateko laguntza ekonomikoa emango dutenak.
Abian jarri den plana proiektu multzo bati zuzendua dago. Proiektu horiek azken urteetan aurkitu diren gabezia batzuk bete nahi dituzte, baina ez da baztertzen, etorkizunean, ikerketari edo irakaskuntzari lotutako beste proiektu batzuetara irekitzea.
Hiru laguntza lerro
Lagundu nahi den lehenengo jarduera gizarte proiektuekin lotutakoa da, batez ere behar bereziak dituzten Graduko ikasleei zuzendua. Zehazki, babesleek egiten dituzten ekarpenak jantoki eta garraio txarteletara, matrikula ordaintzeko laguntzetara, baztertutako kolektiboekiko elkartasunera edo premiazko egoerak konpontzera zuzenduko dira.
Bigarren jarduera-lerro bat egokitzapen eta irisgarritasun proiektuekin lotua dago, bai campuseko berritze lanekin lotuak daudenekin bai teknologia materialean egindako inbertsioetara. Kultura proiektuak dira laguntzak jasoko dituzten hirugarren eta azken programa. Kasu honetan, kultura-jardueretan eta Unibertsitatearen ondare artistikoa mantentzeko erabiliko da dirua.
NUPen Babesletza Plan honen bidez ekarpen ekonomikoak egiten dituzten pertsona edo erakunde guztiek beren dirua zer jarduera motatara zuzenduko den aukeratuko dute, eta ohorezko babesle izango dira Nafarroako Unibertsitate Publikoari urtero, urte bakoitzeko lehen hiruhileko naturalean, 30.000 eurokoa baino txikiagoa ez den ekarpen bat egiten dioten pertsonak edo erakundeak.
Gogoan izan behar da Nafarroako Parlamentuak Kultura Babesletzaren Foru Lege bat onartu duela berriki. Ezaugarri horiek dituzten dohaintzak egiten dituzten pertsonak eta erakundeek lortzen dituzten zerga onurak arautzen ditu lege horrek.
Bere babesleei urteko txosten bat bidaltzeko konpromisoa hartzen du NUPek. Txosten horretan jakinaraziko da egindako ekarpenak zertan erabili diren eta zer emaitza lortu den, bai eta prestakuntza programei, ikerketa ekimenei, berritasunei eta unibertsitateko komunitatearen jarduerak sortzen dituen berri interesgarriei buruzko informazioa aldian behin bidaltzeko konpromisoa ere.
Babesleak erregistro publiko batean agertuko dira, era anonimoan lagundu nahi dutenean izan ezik, eta errektorea buru dela urtero egingo den aitorpen ekitaldi batean parte hartuko dute.
35.000 tituludun eta Nafarroako BPGaren % 1
Irakaskuntza kalitate handiena duten eta ikasle berriak erakartzeko ahalmen handiena duten Espainiako unibertsitateen zerrendaren buru da NUP, eta hamahirugarren postuan dago produktibitate orokorraren adierazlean. Adierazle horrek unibertsitate jarduera guztiak balioesten ditu irakaskuntzan, ikerketan eta transferentzian.
Bere ikasgeletatik 35.000tik gora ikasle atera dira bere ikasgeletatik dauzkan 25 urteetan, eta 2012. urtetik aurrera, Nazioarteko Bikaintasuneko Iberus Campuseko kidea da Zaragozako Unibertsitatearekin, Errioxako Unibertsitatearekin eta Universitat de Lleidarekin osatutako partzuergo baten bidez.
Ikerketaren eta ezagutzaren transferentziaren alde egin duen apustuaren bidez, Nafarroako berrikuntza sistemaren ereduzko eragile bihurtu da NUP. Unibertsitateak gizarteari itzultzen dion aberastasun horren barruan, Nafarroako Barne Produktu Gordinaren % 1 sortzen du, eta azken hamarkadan Nafarroak izan duen batez besteko hazkunde osoaren % 16 Nafarroako Unibertsitate Publikoari esker izan da.