Joan eduki nagusira

zoom Ikasleak robot jarraitzaileak probatzen zirkuituan

Ikasleak robot jarraitzaileak probatzen zirkuituan

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko bi titulaziotako 40 ikasle baino gehiagok parte hartu dute aste honetan lerroen jarraitzaileak diren robotak diseinatzeko lehiaketa batean. Ikasleek taldeka diseinatu behar zituzten robot horien txartel elektronikoak, eta proiektu horiek bi irakasgaitako praktikak gainditzeko aukera eman diete. Zehazki, "Txartel Elektronikoen Diseinua", Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren Graduko hirugarren ikasmailan ematen dena, eta "Ekipo Elektronikoen Fabrikazioa eta Saiakera" Industria Teknologietako Ingeniaritzaren Graduko laugarren ikasmailan ematen dena dira irakasgaiak. Talde irabazleek, bat irakasgai bakoitzeko, Raspberri Pi miniordenagailu bat jaso zuten saritzat, RS enpresak emandakoa, lehiaketaren babeslea baita.

zoom Irakasleekin lehiaketan parte hartu duten ikasleak

Irakasleekin lehiaketan parte hartu duten ikasleak

Lehiaketaren irabazleak izan dira Luis Fernando Basarte Bozal, Iker Belloso Sancet, Ander Cilveti Álvarez eta Ismael Ezquerro Ezquerro “Ekipo Elektronikoen Fabrikazioa eta Saiakera” irakasgaian, eta Ivan Álvarez García, Maider Ganuza Pérez, Joseba Revuelta Irisarri, Mikel Rico Abajo eta Óscar Martínez Inda “Txartel Elektronikoen Diseinua” irakasgaian. Epaimahaian egon dira Jesús María Corres, Miguel Hernáez eta Carlos Ruiz NUPeko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko irakasleak, eta Ignacio Castro RS enpresaren Nafarroako ordezkaria.

Ikasle hauen erronka izan da lerroen jarraitzailea den robot baterako txartel elektronikoa diseinatzea. Robot horiek aztarnariak dira eta, sentsoreen bidez, gehienetan beltza den lerro bati jarraitzen diote zirkuitu batean zehar. Robot hauek hainbat elementu komun dituzte (motorra, gurpilak, bateria eta infragorrien sentsorea), eta irakasleek jarri zituzten horiek. Ikasleek askatasun osoa zuten txartel elektronikoa fabrikatzeko, eta hobekuntzak sartzeko aukera ere bai, adibidez, oztopoak detektatzeko sentsoreak, balazten atzeko argiak, edo bateria kargatzeko kontrol sistema bat jartzekoa.

Bederatzi talderen parte-hartzea

Parte hartu zuten bederatzi taldeek beren proiektuak aurkeztu zituzten saio batean, han beren prototipoen ezaugarri teknikoak erakutsi zituzten, eta aldez aurretik sortutako zirkuitu batean robotaren erakustaldi bat egin zuten. Epaimahaiak balioetsi zituen jarraitzaileengan egindako hobekuntzak eta robot bakoitzak zirkuituan izan zuen portaera. Zirkuituan bukaeraraino egin behar zen ibilbidea. Proiektuak egiteko DesignSpark programa erabili zen. Programa hori sarbide irekikoa da, eta RS enpresak banatu du.

Ikasle guztiek jaso zuten lehiaketa egiaztatzen duen diploma bana, eta irabazleei Raspberri Pi bat eman zieten. Izan ere, plaka murriztuko eta kostu txikiko ordenagailu bat da, Erresuma Batuan Raspberry Pi fundazioak garatu duena, konputazioaren zientzien irakaskuntza eskoletan suspertzeko xedez. NUPen NireIkasgelategia plataforma birtualean proiektuak aurkeztu ziren saioko bideoak eta argazkiak daude ikusgai.