Joan eduki nagusira

zoom Errektorea, erdian, errektoreordearekin eta udalerri guztietako alkate eta ordezkariekin batera.

Errektorea, erdian, errektoreordearekin eta udalerri guztietako alkate eta ordezkariekin batera.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak Foru Erkidegoko sei udalerritara zabalduko du udako ikastaroen eskaintza. Zehazki, NUP akordioetara iritsi da Berriozar, Lizarra, Garde, Zangoza, Tafalla eta Zizur Nagusiko udalekin hainbat udako ikastaro egiteko. Udalerri horiei Iruñea gehitu behar zaie, NUPek urte asko baitaramatza lankidetzan udalerri horrekin ekimen hau antolatzeko. Inskripzioa zabalik dago, eta Unibertsitatearen web orrialdearen bidez egin behar da. Guztira 24 udako ikastaro emango ditu Unibertsitateak, eta horietatik hamaika Nafarroako unibertsitateen udako ikastaroen programaren barruan daude.

Uda honetako programa ostegun honetan, ekainak 12, aurkeztu dute ekitaldi instituzional batean honako hauek: Julio Lafuente Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak, Eloísa Ramírez, Unibertsitate Proiekziorako errektoreordea; José Javier Echandi, Gardeko alkatea; Ángel Navallas, Zangozako alkatea; Luis María Iriarte, Zizur Nagusiko alkatea; Fermín Alonso, Iruñeko Udaleko Kulturako zinegotzi delegatua; Raúl Maiza, Berriozarko Udaleko Hirigintza eta Ingurumen zinegotzia; Irene Armendáriz, Tafallako Udaleko Gizarte Gaietarako zinegotzia. Mariví Goñi, Gesalatzeko alkatea, prentsaurrekoan izan da halaber.

zoom Udalerrietako ordezkariak eta ikastaroen zuzendariak.

Udalerrietako ordezkariak eta ikastaroen zuzendariak.

Oihaneko biomasa energia-iturri gisa erabiltzea, igeriketa terapeutikoa bizkarreko arazoak dituztenentzat, arriskuan dagoen kultura-ondarea eta fenomeno eta arrisku geologikoak pizten ari diren interes soziala dira Unibertsitateak antolatutako udako ikastaroetan aztertuko diren gaietako batzuk. Ikastaroak ekainetik irailera arte egingo dira.

Askotariko eskaintzaren barruan daude, baita ere, Unibertsitatearekin lotutako erakundeek antolatutako ikastaroak. Esaterako, Hiritartasunari, Bizikidetzari eta Aniztasunari buruzko UNESCO Katedra. Katedra horrek "Alternatibak krisiaren esperientziatik" buruzko ikastaro bat antolatu du. Ikastaroa ekainaren 25 eta 26an egingo da, eta La Caixak lagunduko du. Esparru horretan dago ikaskuntzarako ingurune birtualak garatzeko tresnen ikastaroa. Online da eta Unibertsitateen G 9 Taldearen bidez eskainiko da, NUP talde horretako kide baita. Eta estatistikako ikertzaile gazteen udako eskola. Uztailaren 21 eta 22an egingo da Sarion Estatistikako Sare Nazionalarekin lankidetzan.

Ikastaroan udalerriz udalerri

"Arrisku naturalak. Geologia berriaren atzean" da Zangozan, bertako Udalarekin lankidetzan, antolatu den udako ikastaroaren izenburua. Esako urtegiaren egoera, gizakien ekintzak eta eragindako sismizitatea edo lurpeko biltegien sorrera izango dira ikastaro honetan hizpide izango dituzten gaietako batzuk. Uztailaren 23tik 25era arte egingo da ikastaroa Udaleko Prestakuntza Gelan.

Berriozarren eta Zizur Nagusian irakasleak prestatuko dira, desgaitasuna dutenentzako uretako terapietan, abuztuaren 18tik 29ra arte eta irailaren 1etik 12ra arte programatutako bi udako ikastarotan. Ikastaroaren helburua da desgaitasuna duten pertsonak uretara egoki daitezen lortzeko gai diren profesionalak prestatzea, desgaitasuna dutenak modu egokian estimulatzeko daukaten desgaitasun motari erreparatuz. Tafallako Kirol Hirian ere ikastaro bat egingo da irailaren 1etik 12ra arte. Udalak antolatu du eta bizkarreko arazoak dituztenentzako igeriketa terapeutikoari buruzkoa izango da. Ekimenaren helburua da talde honen bizi kalitatea hobetzea. Hiru ikastaro horiek Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan egingo dira.

Garden ere, lehenengo aldiz, udako ikastaro bat egingo da gai honi buruz: oihaneko biomasa energia berriztagarriaren iturri gisa erabiltzea. Ekimen hau irailaren 1etik 3ra arte egingo da, eta Gardeko Udalaren eta Lurreko Ekologiaren Espainiako Elkartearen finantzaketarekin eta Smurfit Kapparen laguntzarekin jarri da abian.

Bestalde: Lizarran egingo da "Arrazionala dena, sortzailea dena. Ezagutzako eta ikerketako eremu komunak". Lizarrako Udalak, Gesalatzeko Udalak eta Lenaert Fundazioak antolatu dute. Ikastaroa irailaren 3tik 5era arte egingo da. Lizarran beste udako ikastaro bat ere egingo da. "Arriskuan dagoen kultura-ondarea: premiazko esku-hartzeak" da bere izenburua, eta irailaren 17tik 19ra arte egingo da.

Unibertsitateak udako ikastaro bat antolatu du Miguel Servet Fundazioarekin REFBIO Proiektuaren barruan eta “From bed to bench and back” da bere izenburua. Irailaren 16an egingo da Osasun Zientzien Fakultatean.

Irailaren 3 eta 4an ikastaro hau egingo da Kondestablearen jauregian: "Palestina-Israel: justizian oinarritutako bake baterako bideen bila". Ikastaroa Sodepazekin eta NUPekin lankidetzan antolatu da eta Iruñeko Udalak finantzatuko du. Halaber, abuztuko azken astean "Jatorri genetikoko gaixotasun arraroak" izeneko ikastaroa egingo da. Unibertsitateak antolatu du Nafarroako Gaixotasun Arraroen Taldearekin. Eskaintza osatzeko, "Espektro autistako nahasmenduei" buruzko ikastaro bat egingo da. NUPek antolatu du, eta irailaren 2 eta 3an egingo da.