Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, David Gálvez, Eloísa Ramírez, Joaquín Romero eta Marcos Andrés.

Ezkerretik eskuinera, David Gálvez, Eloísa Ramírez, Joaquín Romero eta Marcos Andrés.

Nafarroako Orkestra Sinfonikoak eta Iruñeko Ganbera Abesbatzak heldu den larunbatean estreinatuko dituzte Orreagako agiritegiko abesbatzarako eta orkestrarako bi pieza, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) zenbait irakaslek musika ondareari buruz garatutako ikerketa lan baten bidez berreskuratuak. Programa hori, zeinetan Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioak lagundu baitu, Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren Gizarte ekimenaren Ondare proiektuan kokatzen da, eta Nafarroako ondare artistikoa eta kulturala berreskuratzeko eta kontserbatzeko, eta historiaren eta artearen ikuspegitik leku esanguratsuenetan erakusteko asmoa baitauka.

Ondare programako lehen kontzertu hau Orreagako Kolegiatan egingo da larunbatean, hilak 14, arratsaldeko 19:00etan, eta berreskuratutako piezez gainera, eskainiko da ospe handiko nafar musikagileen musika ere, esaterako, Michael Navarrus, Juan Francés de Iribarren eta Fernando Remacharena.

Kontzertuaren berri eman da gaur goizean Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin den prentsaurreko batean. Bertan parte hartu dute Eloísa Ramírez Vaquero Gizarte eta Kultura Proiekziorako errektoreordeak; Joaquín Romero Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren kudeatzaileak; David Gálvez Iruñeko Ganbera Abesbatzaren zuzendari artistikoak; eta Marcos Andrés Vierge NUPeko irakasle eta ikertzaileak.

Kolegiatako agiritegitik berreskuratu diren lanak, zehazki, Fernando de Acuña (1690-1754) eta Juan de Acuña (1749-1837) musikagileen gabon-kanta bana dira, "Nafarroako musika ondarea: berreskurapena, azterlana eta katalogazioa" izeneko ikerketa proiektuan bilduak. Azterlana María Concepción Peñas García katedradunak zuzendu zuen 2000. eta 2002. urteen artean.

Orain, kontzertua prestatzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoak lankidetzan jardun du Marcos Andrés Vierge irakasleak, OTRI (Ikerketa Emaitzak Bestetaratzeko Bulegoa) kontratu baten bidez, entitate sinfonikoarentzat garatu duen aholkularitza musikologikoko lan batekin. Bestalde, Patricia Rodero eta Elorri Arcocha, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko Musikologiako ikasleak, berreskuratu diren obren transkripzio digitala egin dute, eskuizkribuetatik eta Concepción Peñasek eskuz idatzitako transkripziotik abiatuta. Hartara, lanak 200 urtetik gora egon eta kontserbatu diren inguruan interpretatuko dira, eta asmoa da lan horiek berreskuratzea zabaldu eta heda daitezen.

Programa


Larunbateko kontzertuko programan ondoko lanak emango dira: Urbán de Vargas (1606-1656), A la fiesta más solemne (Villancico al Santísimo, "Gallego"); Fernando Remacha/Falla (1898-1984), Romance del Pescador (Amor Brujo), Remacharen abesbatzarako bertsioa, egile beraren testuarekin; Michael Navarrus (1563-1627), Surge propera; Juan Acuña (1749-1837), Villancico con Tonadilla; Fernando Acuña (1690-1754), Villancico a Nuestra Señora del Milagro; Fernando Remacha (1898 -1984), Cinco Canciones Castellanas; Juan Francés de Iribarren (1699-1767), Jácara de Fandanguillo; Fernando Remacha (1898-1984), Siete canciones vascas. Azken hau David Gálvez Iruñeko Ganbera Abesbatzaren zuzendariak orkestratu du, kontzertu formatura egokitzeko xedez.