Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako Errektoreordetzak ideia lehiaketa baterako deialdia egin du, Arrosadiko Campuseko Liburutegian den Ikasteko Aretoaren erabilera eta funtzionaltasuna hobetzeko. Lehiaketa unibertsitateko ikasleei zuzendua dago, baina beste unibertsitate batzuetako ikasleek ere parte hartzeko aukera dute. Proposamenak 2014ko irailaren 1etik 30era arte aurkeztu behar dira, eta ideia hoberenarentzako saria 1.000 eurokoa da.
Lehiaketaren helburua da Ikasketa Aretoaren guneak ohiko liburutegien erabileretatik harago doan errealitate berri batera egokitzea. Errealitate berri horretan sozializazio forma eta informazioaren teknologietarako sarbide forma berriak sortzen dira, orain dela 25 urte, NUPeko liburutegia campuseko toki berezi, irakaskuntza jardueraren eragile eta jakintzaren katedral gisa sortu zenean, Etienne-Louis Boullék 1785ean Bibliothèque du Roiren ganga ezagunerako egindako diseinuan inspiratua, aurreikusi ez zirenak.
Oinarrietan ezarritakoaren arabera, lehiaketa batez ere unibertsitateko ikasleei zuzentzen zaie, erabiltzaile abantailatsuak baitira, beste inor baino hobe jabetzen baitira egungo ereduaren mugez, eta, beraz, aldaketa eta hobekuntza esanguratsuak iradokitzeko eta eskaintzeko gai izan behar dute. Helburu orokorra da erabiltze esperientzia hobetzea eta erabiltzaileek eraginkortasun handiagoz ikas dezaten lortzea.
Eta bereziki erdietsi nahi da, zaratak gutxiagotu, gizabanakoen joan-etorria hobetu, lan partekatua eta bibliografia baliabideetarako sarbidea erraztu, erabiltzaileen arteko interakzioa ahalbidetu, gainerakoen lan baldintzak aldatu gabe, modulartasun bat lortu, beharrezkoa denean aldaketak egiteko modua emango duena, eta espazioaren bolumenari eutsi nahi zaie, eta inguratzailearen handitasuna eta Francisco Javier Sáenz de Oiza arkitektoak eman nahi izan zion oroimen neoklasiko kontzeptuala gordeko dira.
Izangaien profila
Izangaiek banaka edo taldeka, gehienez ere, hiru laguneko taldeetan parte hartuko dute. NUPeko titulu ofizialetako ikasleak izan behar dute eskaera aurkezteko epean edo dagokion titulu ofiziala 2013-2014 ikasturtean lortu izatea.
Taldean parte hartzen bada, gutxienez ere, kideetako batek NUPeko ikaslea izan beharko du eta gainerako kideek Espainiako unibertsitateetako titulu ofizialetako ikasleak izan behar dute edo 2013-2014 ikasturtean dagokion titulu ofiziala lortua izan behar dute.
Lehiaketaren oinarriak, bai eta Ikasketa Aretoetako planoak eta proposamenak aurkezteko inprimakiak ere, NUPen web-orrialdean kontsultatzeko aukera dago (www.unavarra.es) eta Liburutegiaren orrialdean ere bai (www.unavarra.es/ biblioteca).
Ikerketako errektoreordea izango da epaimahaiaren buru eta NUPeko kudeatzailea eta Liburutegiko zuzendaria mahaikide izango dira. Ikerketako errektoreordeak bi eta lau epaimahaikide artean, izendatzeko aukera izango du, eta bere lanbide ibilbideagatik ospetsuak diren arkitektoak izango dira.