Estrella Miqueleiz Autor Farmazian lizentziadunak aztertu du, NUPen egin duen doktoretza tesian, zer lotura dagoen Espainiako familien egoera sozioekonomikoaren eta haurren gehiegizko pisuaren artean, eta elikadura eta sedentarismoa bezalako faktoreek zein neurritan azal dezaketen lotura hori. Azaltzen duenez, "90. urteen bukaeran ez zen ikusten korrelazio hori; hala ere, hamar urte geroago, fruta, barazki eta gozoki kontsumoaren maiztasuna eta sedentarismoa aldagaiek % 20 inguruan azaltzen dute familiaren egoera sozioekonomikoaren eta gehiegizko pisurako eta obesitaterako joeraren arteko erlazioa.
"Egoera sozioekonomikoa, obesitatea, elikadura ez osasungarria eta sedentarismoa haurren artean Espainian, 1997-2007” izeneko tesiak Bikain cum laude kalifikazioa erdietsi du. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Soziologia Saileko Lourdes Lostao Unzu katedradunak, eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Medikuntza Prebentiboa eta Osasun Publikoa Departamentuko Enrique Regidor Poyatos irakasle elkartuak zuzendu dute tesia.
Ikerketa 1995-1997, 2001. eta 2006/7 urteetako Espainiako Osasunari buruzko Inkesta Nazionaletan oinarritu da, guztira 18.402 inkestaturen lagina hartuta. Familiaren egoera sozioekonomikoa balioesteko, kontuan hartu zen gurasoen ikasketa maila eta gizarte maila, familia-buruaren lanbidean oinarritua. Gehiegizko pisua eta obesitate aldagaiak kalkulatzeko, pisuan eta tailan oinarritu zen, eta egoera sozioekonomikoaren eta gehiegizko pisua/ obesitatearen arteko balizko korrelazio horretan aztertutako faktoreak sedentarismoa (ariketa fisikoa egitea aisialdian eta telebista aurrean ematen den denbora egunean) eta elikadura patroia (fruta, barazki eta gozokien kontsumoaren maiztasuna) izan ziren.
Arrisku portzentajea
Azterlanean ikusi da gehiegizko pisua eta obesitatea izateko arriskua egonkortu egin dela 5 eta 9 urte bitarte dutenen tartean, nahiz eta handitu egin den 10 eta 15 urte bitarte dutenen tartean. "Eman zitekeen azalpenetako bat da, bakarra ez izan arren, elikadura azturei, fruta eta barazkien kontsumoari, eta obesitatea prebenitzeari buruzko kanpainak, batez ere, adin txikikoei zuzenduta egoten direla, nerabeei zuzenduta egon beharrean".
Azterlanean islatzen den beste alderdi bat da, egoera sozioekonomiko baxua aldagaia espezifikoki behatuta, obesitatea handiagoa dela mutikoen artean neskatoen artean baino.
1997. eta 2007. urteen artean, orokorrean, gehiegizko pisurako arriskua 5 eta 9 urte bitarte duten mutikoen taldean, jaitsi egin zen 2,2 puntu (% 36tik % 33,8ra); aldiz, 10 eta 15 urte bitarte dutenen taldean handitu egin zen % 19,3tik 25,5era; izan ere, ia 6 puntu. Neskatoen artean, gehiegizko pisua handitu egin zen 1,9 puntu 5 eta 9 urte bitarte duten neskatoen taldean, (% 34,8tik % 36,7ra), eta 3,2 puntu 10 eta 15 urte bitarte dutenen taldean.
Estrella Miqueleiz Autor Farmazian lizentziaduna da. Ondoren, Nazioarteko Osasuna eta Tropikoetako Medikuntza Masterra egin zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, eta Osasun Publikoa Masterra Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta azken instituzio honetan erdietsi du doktore titulua. Gaur egun "Osasunaren Soziologia" seihileko irakasgaia ematen du Erizaintzako Graduan NUPen. Artikuluak argitaratu ditu hainbat aldizkari zientifikotan, ikerketa egonaldi bat egin du Academic Medical Center zentroan (Amsterdam) eta ENERGY-Project nazioarteko proiektuan parte hartu du.