Ezkerretik eskuinera Rosa Murillo, Javier Caballero, Primitivo Caballero, Oihane Simón eta Delia Muñoz ikertzaileak
Nafarroako Unibertsitate Publikoa Biocomes proiektuak Europan dituen 27 kideetako bat da. Proiektu honek, datozen lau urteetan, ikerketak egingo ditu nekazaritzako eta basozaintzako izurriak eta gaixotasunak eraginkorki kontrolatzeko, eragile biologikoen bidez. Zehatz esanda, NUPeko ikertzaileek lan egingo dute patataren sitsaren aurkako biointsektizida bat lortzeko.
Proiektuaren aurrekontu orokorra 12 milioi euro baino gehiagokoa da, eta horietatik 9 Europako Batzordeak finantzatzen ditu. Unibertsitatearen taldeko kideak honako hauek dira: Primitivo Caballero, Delia Muñoz, Rosa Murillo, Oihane Simón eta Javier Caballero. Beren ikerketa taldearen izena "Biointsektizida mikrobianoak" da, eta intsektuetan gaixotasunak sortzen dituzten birusak eta mikroorganismoak erabiltzen dituzten biointsektizidak sortzeko eratu zen.
Patataren sitsaren larbak orrietan edo tuberkuluetan sartzen dira, eta han zuloak egiten dituzte, patata kontsumitzeko ez dela utziz. Nahiz eta sitsak landarearen aireko zatiari ere eraso egin, kalterik handienak gertatzen dira patata soroetan edo biltegietan metatuta dagoenean. Izan ere, egiten dituzten zuloetan, gero, onddoak eta bakterioak sartzen dira, eta azkenean patatak usteltzen dira.
Ikertzaileen helburua da sitsa honen aurkako biointsektizida bat garatzea. Espezie inbaditzaileak askotxo badira ere, lana Phthorimaea operculella birus espeziean oinarrituko da, hau eraginkorra baita kalterik handienak sortzen dituzten espezieen aurka: P. operculella mundu osoan; eta Tuta solanivora, Kanariar Uharteetara 2000. urtean iritsi zena, Venezuelatik. Primitivo Caballerok azaltzen duenez, "Kontua da lortzea T. solanivora Europatik zabal dadin, oso espezie inbaditzailea delako, eta uztetan kalte handiak sortzen dituelako, Hego eta Ertamerikako hainbat herrialdetan gertatu zen bezala. Han patatak pairatzen duen izurririk handiena da, beste espezie batzuk aldendu eta nitxo ekologikoaren jabe egin delako".
Landa-lana eta hautaketa
Izurri hauek intsektizida kimikoak bezalako ohiko tratamenduekin kontrolatu nahi izatea ez da aukerarik onena, jateko produktuez ari bagara. Horregatik, Europako Batasunak kontrol biologikoaren aldeko apustua egiten du. Birusak infektatutako sitsaren larba bat, hiltzen denean, infekzio-iturri bihurtzen da bera ere, laboreen landa-gainazala kutsatzen duelako, eta horrela, gainazal hori jaten duten beste larba batzuk ere infektatu eta modu berean hiltzen dira.
Lanaren aldi honetan, NUPeko ikertzaileek laginak hartzen dituzte, landetan eta espezie horietako populazio basatietan, jakiteko zer birusek eragiten dien, beren ezaugarri molekularrak eta biologikoak. "Une honetan biointsektizidaren oinarria izan litezkeen sei birus isolatu ditugu, baina horien artean, birulentziaren, patogenotasunaren eta abarren aldetik emaitzarik onenak ematen dituena aukeratu beharko dugun arren."
Birusa, biointsektizidaren gai aktiboa dena, aukeratu eta gero, enpresa espezializatu batek kopuru handian ekoitzi behar du, eta patata-laboreetan aplikatuko den biontsektizida, produktua alegia, garatu behar du.
NUPeko lan-talde berean daude Julius Kühn-Institut (Darmstadt, Alemania) Kontrol Biologikorako Institutua eta Andermatt Biocontrol AG (Suitza), BIOGARD (Italia) eta Hellafarm S.A. (Grezia) enpresak.
Hamaika produktu berri
Biocomes proiektuak (Biological control agents in agriculture and forestry for effective pest and pathogen control - UE 612713) lau urteko iraupena du, eta Holandako Shichting Dienst Landbouwkundig Onderzoek zentroak koordinatzen du.
Ezarritako helburua da nekazaritzako, baratzeko eta basogintzako izurri eta gaixotasunen aurkako kontrol biologikoko hamaika produktu berri sortzea, gutxienez, ohiko pestiziden alternatiba moduan. Gainera, bi teknika berri garatu nahi ditu, nematodoak eta birus entomopatogenoak ekoizteko.
Bocomes proiektuaren barruan hainbat lan-talde dago, eta honako izurri hauek ikertuko dituzte: landare-zorria, gurgurioa, aza-sitsa, ijito-sitsa, patata-sitsa, tomate-sitsa eta euli zuria. Gaixotasunei dagokienez, hauek ikertuko dituzte: zimeltze fungikoa, usteldura beltza, galburuetako fusiariosia, oidioa eta bertizilosia.